«Dibertsifikazio aukerak» eskaintzen dizkie ETEei sektore aeronautikoak

Delegazioak sateliteak egiten dituen Thales enpresa bisitatu du, besteak beste./GFA
Delegazioak sateliteak egiten dituen Thales enpresa bisitatu du, besteak beste. / GFA

Foru Aldundiarekin batera, lurraldeko 15 enpresa txiki eta ertainek Frantziako Hegoaldean kokatuta dauden sektore horretako zenbait konpainia ezaguru dituzte bertatik bertara

Frantziako Hegoaldeko sektore aeronautikoa bertatik bertara ezagutzeko antolatutako enpresa misioaren balantze “oso positiboa" egin du Ainhoa Aizpuru foru diputatuak

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatu Ainhoa Aizpuruk, balantze "oso positiboa" egin du aste honetan Akitania eta Midi-Pyrénées eskualdeetan egindako erakunde eta enpresa bisitaren harira. Lurraldeko hamabost enpresa txiki eta ertainek bertatik bertara ezagutu ahal izan dute Frantziako Hegoaldean sektore aeronautikoari lotutako ehun industriala. "Frantziako sektore aeronautikoa dibertsifikazio iturri garrantzitsua bihurtu daiteke metalgintzaren alorrean diharduten enpresa gipuzkoarrentzat. Sortutako aukerak probestu behar ditugu gure industriaren mesedetan", baieztatu du Aizpuruk, misioa amaitzearekin batera, Okzitaniako Ganberako lehendakariordearekin, Bernard Ourmieresekin, bildu ondoren.

Misioaren barruan, esate baterako, Toulousen Airbusek duen egoitza bisitatu dute, non enpresa parte hartzaileek enpresa frantziarraren bi modelo garrantzitsuren –A350 eta A380– muntaia kateak ezagutu dituzten. Azken honen muntaia-pabilioiak zortzi hektarea inguru ditu. Bisitan, baita ere, Europan dituen 18 unitateetan talde aeronautikoa garatzen ari den eta martxan dituen proiektuak ezagutu ahal izan dituzte.

Thales Alenia Space enpresak Okzitaniako hiriburuan duen egoitza ere bisitatu du delegazioak. Thales taldeak 2.100 milioi euroko negozio zifra dauka eta 7.500 langile ditu Frantzia, Italia, Alemania eta Belgikan. Toulouseko plantan sateliteak egiten dituzte eta, Cannes-eko faktoriarekin batera, urtero 17 milioi inguruko gastua egiten dute sateliteen ekoizpenerako subkontratatutako pieza eta baliabideak erosteko garaian.

Okzitaniako Ganberako lehendakariordearekin, Bernard Ourmieresekin, izandako bilera batekin amaitu da enpresa misioa Toulousen. Tokiko ekosistema aeronautikoaren potentziala aztertu dute bileran, batetik, eta Airbusek Okzitaniako ehun ekonomiko eta industrialean Airbusek duen eragina, bestetik. Bilera honetan aurkeztu dira Gipuzkoak eta misioan parte hartzen ari diren enpresek dituzten gaitasunak. Topaketa honetan izan da, baita ere Aerospace Valley Occitania-ko presidentea. Erakunde honek industriaren, erakundeen, formazio zentroen eta I+G+b-ren alorreko 300 erakunde hartzen ditu bere baitan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos