Atunaren arrantzan iraunkortasuna sustatzeko aliantza sortu da

Atunaren arrantzan dauden gehiegikeria ugariak ekidun nahi ditu ekimen berriak./A.A.
Atunaren arrantzan dauden gehiegikeria ugariak ekidun nahi ditu ekimen berriak. / A.A.

Bermeo Tuna World Capital du izena, eta munduko ontziteria atunketari garrantzitsuenetakoa duen herrian egin da aurkezpena

XXIV. Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldia baliatuz, Bermeo Tuna World Capital ekimena aurkeztu dute, atunaren sektorean praktika onak eta iraunkortasuna sustatzeko egitasmo globala. Aurkezpenean nabarmendu dutenez, «erronka nagusia da maila globalean atunaren kudeaketa iraunkorra sustatzea, ezagutzatik eta praktika onen lidergotik abiatuta».

Izan ere, mundu mailako erreferentzia da Bermeoko ontziteria atunketaria. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailak prentsa ohar baten bidez gogoratu duenez, «tunido tropikalen munduko harrapaketen %10 baino gehiago egiten du, atunaren balio katean 1.250 milioi euro sortuta. Era berean, munduko ontzi atunketaririk moderno eta berritzaileenak ditu, eta zuzenean zein zeharka 6.000 enplegu baino gehiago sortzen du, diseinutik hasi eta ingeniaritzaraino, eraikuntzaren fase desberdinetatik igarota».

Horrenbestez, aurkezpenean azaldu dutenez, Bermeo «kausa horren liderra da, bere tradizio historikoagatik, atunaren eta kontserben sektoreen eragin sozial eta ekonomikoagatik, eta mundu mailako erreferentea izateagatik arrantza iraunkorraren praktikarik onenetan». Gainera, atuna izozteko 50 ontzi eta baxurako 25 ontzi baino gehiago ditu, arrantza sistema iraunkorrekin. Horrez gain, hainbat kontserba enpresaren egoitza da, baita ekipo ondasunen zenbait enpresa teknologikorena ere.

Bermeo Tuna World Capital aliantza publiko-pribatu baten emaitza da, udalerrian bertan, Euskadin eta nazioartean atunaren balio kateko eragile nagusiak inplikatzeko. Orain arte, egitasmoarekin bat egin dute Atunketari Izoztaileen Elkarteek (ANABAC eta OPAGAC), Bermeoko Arrantzale Kofradiak, hainbat kontserba enpresak (Salica, Serrats, Arroyabe eta Zallo), Azti zentro teknologikoak, Bermeoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak.

«Zientziaren eta arrantzaren, ezagutzaren, prestakuntzaren eta berrikuntzaren arteko lankidetza» sustatu nahi du ekimenak, «ondare historikoa berreskuratu, kudeatu eta zabaltzeaz eta herriaren garapen ekonomikoa eta soziala bultzatzeaz» gain.

Kudeaketa iraunkorra

Aurkezpenean azaldu dutenez, munduko populazioa handituko dela aurreikusita, eta klima aldaketa kontuan hartuta, arrainaren per capita kontsumoa laukoiztu egingo da, eta zaila izango da eskaria asetzen, itsas baliabide natural gehienak gehieneko errendimendu iraunkorrean daudelako.

«Atuna proteina iturri natural eta osasungarria da, giza elikaduran oinarrizkoa, etorkizuneko belaunaldientzat bermatu beharrekoa. Gainera, ozeanoak garbi eta arrantzako baliabideak iraunkor mantentzea betebehar bat da. Horregatik, funtsezkoa da baliabide urri horren inguruan praktika onak sustatuko dituen mugimendu bat gidatzea», adierazi dute.

Dagoeneko martxan dauden egitasmoen artean nabarmentzen dira Great Tuna Race-ren lankidetza Bizkaiko Golkoko hegaluzearen merkatuan, itsasoak zein munduko ozeanoak garbitzeko egitasmoak, atunaren inguruko gastronomiari buruzko mundu mailako biltzar bat, eta atunean oinarritutako eskaintza turistiko bat konfiguratzea.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos