Askotariko ordezkaritza izango du Euskadik Hannover Messe azoka industrialean

Askotariko ordezkaritza izango du Euskadik Hannover Messe azoka industrialean

Enpresei dagokienez, aurreneko aldiz izango da munduko azoka garrantzitsuenean Goierri Valley elkarte-industriala, Goierriko 50etik gora enpresa biltzen dituena

Euskadi bigarren urtez jarraian egongo da apirilaren 23tik 27ra egingo den Hannover Messe azokan. Ekimen publikoa eta pribatua uztartzen dituen Basque Industry 4.0 markapean «eduki berriekin eta estrategia irmo eta sendotuarekin» itzuliko da munduko azoka industrialik garrantzitsuenera, «Euskadiko aurrerapen teknologikoaren adibideak« erakusteko asmoarekin.

Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eta Manu Salaverria, Industry 4.0 Gidaritza Taldeko zuzendari exekutiboak astelehen honetan eman dituzte ezagutzera Euskadiko standaren xehetasunak, eta adierazi dute «iaz Basque Industry 4.0 nazioartean aurkezteko balio izan zuen azoka aurten »munduko agertokirik onenetakoan bere presentzia sendotzeko baliatu« nahi dela.

Enpresei dagokienez, hogeitik gora izango dira Hannover Messe 2018an erakusketari, pabiloi desberdinetan kokatuta. Hauetako batzuk urtero hartzen dute parte azoka honetan. Beste batzuentzat ordea, lehen aldia da, adibidez Goierri Valley elkarte-industrialarentzat, zeinak 50etik gora enpresa biltzen dituen, besteak beste CAF, Orkli, Hine edota Ampo.

Askotariko aurkezpenak

EAEko ordezkaritzaren gune zentrala Spriren koordinaziopean 27.pabilioian kokatuko den Basque Industry 4.0 standa izango da. Global Business & Markets deitutako espazioan egongo da eta 140 metro koadro izango ditu. «Hannoverrera eramango diren produktu, sistema, programa eta ekimenen aurkezpenak egingo ditu euskal ordezkaritza publiko-pribatuak, 4.0 industriaren arloan enpresek, teknologia-zentroek eta hezkuntza sistemak lortutako aurrerapenak ezagutzera emateko helburuarekin«, azaldu dute aurkezpenean.

Standean antolatuko diren ekitaldietan euskal teknologia-zentroek euren teknologiak erakusteko aukera izango dute. Han izango dira, besteak beste IK4-Azterlan, CEIT-IK4, Tecnalia, Tekniker eta Vicomtech. Azaldu dutenez, «Euskadiko Zientzia eta Teknologia Sareko eragile nagusiak ordezkatuta egongo dira standean».

Bind 4.0 start-upen azelerazio programak, berriz, toki propioa izango du. Programan parte hartu duten start-upetako bi Innovae eta Irisbond izango dira bertan programaren nondik norakoak azaltzeko eta «lehen mailako enpresa industrialekin lan-egitea posible egin duten teknologiak erakusteko», Mantentze-lanetarako laguntza-sistema aurreratua eta Ingurunearen kontrola begien bidez, besteak beste.

Honez gain, Basque Industry 4.0 estrategiako zutabe nagusiak sustatuko dira standean, hau da Basque Digital Innovatio Hub-Euskadiko Aktiboen Sarea. Bere helburua da ETE industrialen eskura jartzea, modu erraz eta eraginkorrean, konektatutako aktiboen sarea non fabrikazio aurreratuko azpiegitura, laborategia, software eta gaitasun zientifiko-teknologiko berritzaile eta bikainak dauden.

Euskadiko hezkuntza sistema ere standean ordezkatuta egongo da, alde batetik 4GUNE Unibertsitate Sistemako klusterrarekin eta bestetik Lanbide Heziketarekin.

Beste zenbait jarduera

Euskadik Young Tech Enterprises foroan ere hartuko du parte, start-up, ekintzaile, ikasle eta negozio idea berrien bila ari diren inbertsoreei zuzendutako topagunean hain zuzen ere. BIND 4.0 start-upen azelerazio programa izango da aurkezpenaren ardatz nagusi apirilaren 24an, asteartearekin, 17.pabilioian, Spri, Innovae eta Irisbonden eskutik.

Egun horretan bertan, 'Euskadi-Mexiko: lankidetza gunea 4.0 esparruan' lan-jarduna egingo da, Gidaritza Taldearen eta Basque Digital Innovation Huben inguruko esperientziak trukatzeko helburuarekin. Hannover Messe azokaren aurtengo edizioan herrialde gonbidatua da Mexiko eta Basque Industry 4.0 standa, stand mexikarren alboan dago. Hurbiltasun hau baliatuko du Euskadik Mexikoko ordezkariekin harremanak izateko, Mexiko baita atzerrian ezarritako euskal enpresa kopuru handiena duen herrialdea.

Halaber, Basque Industry standak hainbat hitzaldi hartuko ditu: teknologia-zentroenak, Bind 4.0 programako start-upenak, 4GUNE unibertsitate sistemarena, TKNIKA Lanbide Heziketaren ikerketa eta berrikuntza aplikatuko Zentroarena eta Euskadiko Zibersegurtasun Zentroarena.

Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak Hannover Messe bisitatuko du apirilaren 25ean, asteazkena; azokan parte hartuko duten euskal enpresekin topaketa bat egiteaz gain, hitzaldia ere eskainiko du Basque Industry 4.0: etorkizuneko fabrikaren estrategiari buruz.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos