Diario Vasco

Eguzki energia termoelektrikoaren alorreko 9 enpresa, Marokora

Ouarzazateko eguzki konplexuko eremuetako bat.
Ouarzazateko eguzki konplexuko eremuetako bat. / MUNDUKO BANKUA
  • Ouarzazateko eguzki konplexuan Sener taldearen teknologiarekin garatzen ari den Noor I instalazioa bisitatuko dute

Eguzki energia termoelektrikoaren sektoreko bederatzi euskal enpresatako ordezkariek Energia Klusterrak antolatutako Marokorako misio batean parte hartuko dute asteazkenetik ostiralera, apirilaren 19tik 21era, abian nahiz eraikitzeko prozesuan dauden eguzki energia termoelektrikoko instalazioak bertatik bertara ezagutu eta sektoreko enpresa eta erakunde marokoarrekin harremanetan jatzeko asmoz. Bisitaren baitan, euskal enpresek Ouarzazateko instalazio entzutetsua bisitatuko dute.

ESTELA Eguzki Energia Termoelektrikoaren Plataforma Europarrak, MASEN Marokoko Eguzki Energiaren Agentziak eta EUROSUNMED proiektu europarrak asteazkenean eta ostegunean Casablancan (Maroko) antolatuko dituzten jardunaldien barruan gauzatuko da. Topaketa horretan, euskal ordezkaritzako kideek harremanak landu eta esperientziak partekatu ahal izango dituzte eguzki energiaren arloko Marokoko enpresa, erakunde eta instituziorik garrantzitsuenekin, hainbat agerraldi, mahai inguru eta B2B bileraren bitartez.

Energiaren Klusterrak jakinarazi duenez, misioaren buruan, ostiralean, Ouarzazate hiritik gertu garatzen ari den eguzki konplexu erraldoiean kokatutako Noor I instalazioa bisitatuko dute. Instalazioak 150 MWb-ko potentzia izango du dorre nagusiko instalazioetan eta 360 MWb-koa kolektore zilindriko parabolikoko instalazioetan, Sener taldeak teknologia propioaz baliatuta garatutako giltza eskurako proiektuari esker.

%42, berriztagarrietatik

Hain zuzen ere, Munduko Bankuaren laguntzarekin eta eragile teknologiko askoren parte-hartzearekin eraikitzen ari den Noor eguzki-konplexua munduko aurreratuenetakoa eta handienetakoa izango da. Ezinbesteko pieza, hain zuzen, Marokoren estrategia energetiko aurreratuan, herrialdearen helburua baita 2020rako energia berriztagarriekin betetzea gero eta handiagoa den kontsumoaren %42.

Proiektuak lau fase ditu, aurreneko hiruak CSP (concentrated solar power) edo eguzkiaren indar kontzentratua baliatzen dutenak, 12 metroko altuera duten ispilu parabolikoen eta dorre handi baten bitartez. Laugarren faseak, berriz, teknologia fotovoltaikoa baliatuko du.

Aurreneko fasea orain dela urtebete hasi zen lanean, eta 160 megawatt (MW) generatzen ditu jada. 2 eta 3 faseak jardunean daudenean (aurten bigarrena, datorren urtean hirugarrena, aurreikuspenen arabera) generazioa 500MW-etik gorakoa izango da. Noor Ouarzazate IV planta fotovoltaikoa eraikitzeko lanak, berriz, hilaren hasieran abiatu ziren, eta datorren urterako egongo omen da martxan. Noor Solar Plan delakoaren baitan programatutako azpiegitura denak jardunean daudenean (2020an, aurreikuspenen arabera), eguzkiaren energia ustiatzeko modu desberdin horien batuketak 2GW-eko generazio-gaitasuna ekarriko du.

CSP Basque Country marka

Energia Klusterrak CSP Basque Country markaren sorrera eta garapena bultzatu ditu, kontzentratutako eguzki energia (Concentrated Solar Power, CSP) izenaz ere ezagutzen den eguzki energia termoelektrikoaren balio kateko euskal enpresak batuz, horien gaitasunak eta horrelako instalazioak eraikitzeko eskaintzen dituzten produktu eta zerbitzuak nazioartean ezagutzera emateko asmoz.

Espainian zein AEB, Maroko, Hegoafrika eta beste herrialde batzuetan garatutako instalazio asko eta asko Sener bezalako euskal enpresek lideratu dituzte. Puntako instalazio horiek guztiek euskal enpresen zigilua daramate ingeniaritza, eraikuntza nahiz hornikuntza lanetan.

Energia Klusterrak Euskadin dauden energia sektorearen balio kateko enpresa nagusiak (energia operadoreak, ekipo eta osagaien fabrikatzaileak zein ingeniaritza eta zerbitzuetako enpresak), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak eta energia arloko erantzukizunak dituzten administrazio publikoko erakundeak biltzen ditu. Gaur egun, 165 bazkide ditu, eta jarduera ugari egiten ditu nazioartekotzearen, garapen teknologikoaren eta enpresa berrikuntzaren esparruetan.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate