Diario Vasco

Elkarlana eta ibilbide profesionalak protagonista Enpresarean azokan

Elkarlana eta ibilbide profesionalak protagonista Enpresarean azokan
  • Arin-arin saioan 13 proiektu sortzaile aurkeztu ziren, eta Kaixomatia harremanetarako guneak irabazi zuen 2.000 euroko saria

Pozik azaldu da Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea ostegunean Hernaniko Orona Ideon egin zen Enpresarean Azokaren hirugarren edizioaren emaitzekin eta, balorazio orokor positiboa egiteaz gain, ohar baten bidez nabarmendu du «ilusioa, elkarlana eta ibilbide profesionalak» izan zirela protagonista nagusiak. Edizio honetan, gainera, «Euskal Herriko erakunde eta pertsona erreferentzialek hartu dute parte, euskaraz, ekonomiaren eta lurraldearen garapenean hain garrantzizkoak diren ekintzailetzaren eta finantzazioaren gaiez aritzeko». Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak, hain zuzen, «etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta ideiak partekatzeko foroa eskaintzearekin batera, euskaraz lan egiten duten enpresen eta profesionalen arteko sarea ehuntzeko konpromisoa hartu du».

Jardunaldian 130 pertsonak hartu zuten parte. Ekitaldiari hasiera emateko, 'Ekintzailetza eta Finantzazio aukera berriak. Etorkizuneko erronkei aurre egiteko formula berriak' gaia aurkeztu zuten jardunaldiaren antolatzaile eta babesleek: Rober Gutiérrez (Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria), Markel Olano (Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia) eta Luis Intxauspe (Hernaniko Udaleko alkatea).

Edizio honetako gai nagusiari men eginez, ekintzailetzaz eta finantziazoaz aritu ziren zenbait hizlari, eta bere esperientziaz jardun zen Eneko Knörr, Silicon Valley-en bizi izan den ibilbide profesional handiko gasteiztarra. Berrikuntzaren eta finantzazioaren alorren inguruan hitz egin zuen eta bidean ikasitakoak azaldu zituen, aurrera begirako proposamena luzatuz 'Zailtasun guztien gainetik, ekintzaileak behar dira Euskal Herrian' izenburuko hitzaldiaren bitartez.

Hiru minutu proiektua aurkezteko

Solasaldi eta hitzaldiez gain, arin-arin saioa egin zen, zeinetan parte hartzaileek 13 proiektu, hiru minututan aurkeztu zituzten. Era guztietako formatuak ekarri zituzten: bertsoak, bideoak, gastronomia… saio oso dinamiko eta dibertigarria arratsaldeko parteari hasiera emateko. Gainera, hirugarren edizioaren berritasunen artean nabarmena izan da ekintzailetzari zuzenduriko 2.000 euroko sari bat eskaini dela; Kaixomaitia-ko, euskaldunon harremanetarako guneko, Iñigo Arandia izan da irabazlea, ekintzailetasuna eta lurraldearekiko konpromisoa hobekien uztartzeagatik. Sariketaren erabakia Bai Euskarari Ziurtagiriaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean adostu da. Esan beharra dago, Kaixomaitia-ko arduradunak erabaki duela saria Banaiz Bagara Elkartearekin partekatzea.

Ekitaldiaren bigarren zatian, emakume ekintzaileen egoerari buruz hitz egin zen eta, horretarako, Miren Lauzirika (EmakumeEkin) eta Sonia Ortubai (Abantail) solasaldi batean elkartu ziren esperientziak partekatu eta emakumeek dituzten aukerak zein oztopoak azaltzeko. Emakume ekintzaileek saretu eta bisibilitatea behar dela nabarmendu zuten.

Bukatzeko, Markel Irizarrek, TREK taldeko txirrindulari profesionala eta Bizipoz proiektuko sustatzaile nagusia, jardunaldia itxi zuen bere egitasmoaren berri emanez. Ekintzailea da Irizar arlo profesionalean zein pertsonalean, eta Enpresarean Azokan argi utzi du Ekintzailearen ezaugarri nagusia, baikortasuna dela.

Datozen egunotan, Enpresarean Azokako solasaldi eta hitzaldietako bideoak partekatuko dira www.enpresarean.eus webgunearen bidez.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate