Diario Vasco

Ekintzailetza eta finantziazio eredu berriak hizpide Enpresarean azokan

Saioa zuzenean ari dira ematen.
Saioa zuzenean ari dira ematen.
  • Orona enpresaren Ideo berrikuntza gunean bildu dira euskaraz lan egiten duten hainbat enpresa eta profesional

Enpresarean euskaraz lan egiten duten enpresa eta profesionalen arteko topaketaren hirugarren edizioa ari dira egiten ostegun honetan, azaroaren 3an, Hernanin, Orona enpresaren Ideo berrikuntza gunean, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Hernaniko Udalaren, Oronaren eta Laboral Kutxaren babesarekin.

Azokaren hirugarren edizioko hizpideak ekintzailetza eta finantziazio eredu berriak dira, eta Arin-arin deritzon proiektu ekintzaileen aurkezpen azkarren saioan 2.000 euroko saria egongo da jokoan. Izen ematea zabalik dago, hala azokarako nola aurkezpen saiorako. Arratsaldeko 17:00ak arte luzatuko den saioa zuzenean ari dira ematen.

Aurtengo azokaren egitarauak 'Ekintzailetza eta Finantziazio aukera berriak. Etorkizuneko erronkei aurre egiteko formula berriak' du izena eta, goiz eta arratsalde, lau mahai inguru eta hiru hitzaldi hartuko ditu bere baitan. Saioetan enpresa eta ekonomia arloko adituek eta profesional esanguratsuek mahai gainean jarriko dituzte sustapen ereduei eta ekintzailetzari buruzko gogoetak. Horrekin batera, ekintzaileek esperientziak partekatu eta zuzeneko testigantzak eskainiko dituzte.

Enpresaren Azokan parte hartuko duten izenen zerrenda ez dela edonolakoa nabarmendu dute antolatzaileek. Horrela, «aditu eta ekintzaile sutsuak» izango dira topaketan, «esperientzia handiko eta ibilbide luzeko pertsona sortzaile eta berritzaileak», eta, horiekin batera «finantziazio erakunde garrantzitsuetako ordezkariak».

Azokarekin batera, Arin-arin izeneko proiektu ekintzaileen aurkezpen saioa egingo da eta aurtengo berritasuna saria egongo dela da. Parte hartzaileek beraien ideiak eta proiektuak hiru minututan aurkeztu beharko dituzte. Ideia, proiektu ala egitasmo ekintzaileak esku artean edo buruan dituzten pertsonek aurkezpen azkarra egin beharko dute eta sormena eta, batez ere, laburtze gaitasuna baloratuko dira.

Parte hartzaileek sari bat eskuratu ahal izango dute: 2.000 euroko diru laguntza emango zaio irabazleari, bi hilabeteko epean ekintzailetasuna eta lurraldearekiko konpromisoa hobekien uztartzen dituen proiektua gauzatzeko.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate