Diario Vasco

162 lan kontratu bideratu ditu HETELen eta La Caixaren arteko hitzarmenak

Rubén Riaño eta Julen Elgeta.
Rubén Riaño eta Julen Elgeta.
  • Bi erakundeetako ordezkariek berritu duten hitzarmenaren eraginez 56 kontratu egin dira Gipuzkoan

HETELek, Euskadiko Gizarte Ekimeneko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkarteak, Lanbide Heziketa sustatzeko lankidetza hitzarmena berritu du La Caixa Gizarte Ekintzarekin. 2015ean sinatu zen eta aurten berritu egin den hitzarmenari esker, La Caixak Lanbide Heziketako ikasleen 162 kontratu (87 eta 75, hurrenez hurren) egiten lagundu du 50 langile baino gutxiago dituzten enpresa industrialetan. Kontratatutako ikasleek 21 urte dituzte batez beste, eta, ohar baten bidez jakinarazi dutenez, «programak oso modu positiboan eragiten du gazteen enpleguan». Kontratu horien lurraldekako banaketari dagokionez, 92 kontratu Bizkaian egin dira, 56 Gipuzkoan eta 14 Araban, batez ere diseinu mekanikoaren, mekanizatuaren, mantentze-lanen, estanpazioaren, muntaketaren edo elektronikaren sektoreetan.

«Lehen urteko balantzeak oso zifra pozgarriak eskaini dizkigu», azaldu dute. 2015ean finantzatutako 87 kontratuetatik % 64 luzatu egin dira, hau da, ikasleek enpresa horretan lan egiten jarraitzen dute gaur egun; bestalde, % 12k beste enpresa batean lan egiten jarraitzen dute. Horrenbestez, kontratatutako ikasle guztien % 76k lan egiten jarraitzen dute, praktikak egin dituzten enpresan nahiz beste batean. Parte hartu duten enpresen gogobetetze maila oso altua da, eta, gainera, 2015. urtean parte hartu zuten 13 enpresak (% 15) berriz hartu dute parte edizio honetan, lanpostu berriak sortuz. Hori horrela, 2015eko ikaslearen kontratua luzatzeaz gain, horiek beste ikasle berri bat kontratatu dute. Emakumeen laneratzea jorratzeko dagoen gaia da oraindik ere. Izan ere, sinatutako 162 kontratuetatik 21 bakarrik dira emakumeak, % 13, alegia.

Joan den urtean, bi agente horien hitzarmenari esker Lanbide Heziketako ikasleentzako ehun lan kontratu inguru sustatu ostean, HETELeko lehendakari Julen Elgetak eta CaixaBanken Euskal Autonomia Erkidegoko eta Kantabriako Erakundeen zuzendari Rubén Riañok honako bi ardatz hauek dituen konpromisoa berretsi dute: batetik, Lanbide Heziketako gazteen laneratzea sustatzea, LH Dualaren barneko lan kontratuen bitartez. Eta, bestetik, ikasleen nazioartekotzea sustatzea, Erasmus + programarentzako aparteko laguntza bat eskainiz, eta, bide batez, euskal enpresen lehiakortasuna sustatuz. Nazioartekotze ekimen hori sustatzeko inbertsioa 48.000 eurokoa da.

Euskal ekonomiaren esparruan estrategikotzat jotzen den eremu hori sustatzea da erronka nagusia −euskal enpresen % 95ek 50 langile baino gutxiago dituzte−, baita sektore industriala bera sustatzea ere, hura funtsezkotzat jotzen baita Euskadiko konfigurazio ekonomiko berrian. Gainera, kontratazioetan erdi mailako lanbide heziketako emakumeei lehentasuna ematen jarraituko da, oro har, horiek baitira kalitatezko lanpostu bat aurkitzeko orduan zailtasun gehien dituzten kolektiboak.

Hitzarmen horren bitartez, enpresa kontratugileek 600 euroko aparteko laguntza jaso dute, 800 eurokoa langile gehiago kontratatu dituzten enpresen kasuan. LH Dualaren programan parte hartzen duten enpresek 2.000 euro jasotzen dituzte, kontratu bakoitzeko, Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Horrela, aparteko laguntza horrek pizgarri bat eskaintzen die enpresa txikiei, bide batez, kontratazioa sustatzeko.

Urte amaierara arte indarrean egongo den hitzarmenaren bigarren ardatza hau da: praktikak Europako herrialdeetan egin ahal izateko Erasmus+ programaren bekadun bakoitzarentzako 350 euroko aparteko laguntza bat; guztira, HETELeko ikastetxeetako 139 ikaslek jasoko dute laguntza hori. Esperientzia profesional horrek balio erantsi bat du pertsona horien curriculumerako, gero lanean hasi ahal izateko. Gainera, 2015ean beka horiek eskatu zituzten 56 ikasleetatik 4k, hau da, % 3k, Europako enpresetan lan egiten jarraitzen dute.

Laguntza hori goi mailako lanbide heziketako ikasleei bideratuta dago, Hezkuntza Ministerioaren beka ez baita nahikoa horientzat. Izan ere, familia askok erabakitzen dute beren seme-alabek Europan hiru hilabeteko praktika horiek ez egitea, horrek eragindako kostu ekonomikoari aurre egin ahal ez izateagatik.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate