Borrar
Adin batetik aurrerako langabeak lausotu egiten dira langabeziaren erretratuetan.
Gipuzkoako hamar langabetatik lauk 45 urte baino gehiago dituzte

Gipuzkoako hamar langabetatik lauk 45 urte baino gehiago dituzte

21.000 lagunetik gorako kolektibo handia izan arren, egiten diren kontratuen laurdena ere ez dute lortzen

n. azurmendi

Miércoles, 8 de abril 2015, 12:27

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Aste hasieran zabaldu ziren langabezia erregistratuari buruzko datuak hizpide dira oraindik; festa denentzat berdina ez denean, egunak behar izaten dira zenbakiak komeni den diskurtsora egokitzeko, alegia. Estatu mailakoak ez dira txarrak izan, Fátima Báñez Enplegu eta Gizarte Segurantzako ministroaren arabera behinik behin, hamairu urtetan izan duen murrizketarik handiena izan baitu langabezia erregistratuak, Gizarte Segurantzara afiliatutakoen kopuruak ere gora egin duela. EAErako, berriz, ez dira bereziki pozgarriak izan datuak, Bizkaiko emaitzen eraginez -Gipuzkoan hobera egin du zertxobait egoerak, eta Araban ez da aldaketa esanguratsurik izan- murriztu beharrean handitu egin baita langabezia.

Honezkero ezagunak diren irakurketa horietan, ohikoa denez, aparteko arretaz jarraitu eta aztertu da gazteek pairatzen duten langabeziaren bilakaera. Eta, behingoz, bereziki pozgarriak izan dira 30 urtetik beherakoei dagozkien emaitzak, Estatu mailan bederen hiru puntugatik gainditu baitu bateztestekoa adin tarte horretan langabeziak izan duen beherakadak. Izan ere, adin guztietako pertsonak kontuan harturik murrizketa %7,17koa izan bada martxoan, 30 urte bete gabe dituztenen artean %10,23koa izan da.

45 gorakoak, ahantziak

Baina bada langabe talde zabal bat estatistika orokorretan berariazko tokia lortzea asko kostatzen zaiona; lana lortzea, zer esanik ez. Hain zuzen ere, datuak lan bila dabiltzan 45 urtetik gorako gizon eta emakumezkoei buruzkoak balira, asko bihurritu beharko litzateke estatistika ondorio positibo eta pozgarriren bat nabarmendu ahal izateko. Garai onak ezagutu zituzten langabetu urtetsuak, hain zuzen, bete-betean jo ditu azken urteetako lanpostuen suntsiketak, eta errekuperazioaren lehen zantzuek iskin egiten dieteka dirudi orain.

Eta, neurri handi batean iragan mendeko 60ko hamarkadako baby boom haren fruitu izanik, ez dira gutxi, kolektibo handia baizik. Estatu mailan, langabezia erregistratuari buruzko azken datu xehatu eskuragarriak otsailekoak izanik, formalki eta ofizialki lanik gabe zeuden 4.512.153 lagunetatik 1.987.862k 45 urte baino gehiago zituzten; hau da, enplegu bat aurkitzea izugarri konplikatzen duen adinaren gainetik zeuden 100 langabetik 44.

Euskal Autonomia Erkidegoan zertxobait azpitik dago kopurua, Lanbideren datuen arabera (Euskal Enplegu Zerbitzuak ere martxokoak ditu azkeneko datuak) lan bila dabiltzan langabetu guztien %43,83 baitira 45 urtetik gorakoak. Gipuzkoan ia bi puntu altuagoa da portzentaje hori, eta %45,22ra iristen da. Emakumezkoak gehiago dira gizonezkoak baino, batez ere adin tarte altuenetan (55 urtetik gorakoetan) eta, horrenbestez, enplegagarritasun baldintza zailenetan daudenetan.

Portzentajeak baino adierazgarriagoak diren zenbaki absolutuetan, 45 urtetik gorako 21.271 gipuzkoar daude langabezian, eta lan bila. Lanean egon arren beste enplegu bat nahi dutenak ere badaude erregistratuta Lanbiden, eta multzo horretan ere oso ugaria da 45 urtetik gorakoen presentzia. Baina batere lanik gabe, eta urtetan aurrera doazela, 9.653 gizonezko eta 11.618 emakume daude. Denak batera bizitzen jarriko balira Gipuzkoako zazpigarren herririk handiena egingo lukete.

Etorkizun konplikatua

Datua, bere horretan, kezkagarria da, baina ikaragarria bilakatzen da beste datu batzuen ondoan jartzen bada; lan merkatuaren ezaugarrien eta langabe zehatz horien egoeraren alboan, esaterako. Zeren eta irtenbideak arazoaren parekoak izango balira ez litzateke zaila izango gauzak erlatibizatzea, baina ez da horrelakorik geratzen oraingoz.

Hala, langabeei buruzko datuen ondoan jarri ohi diren kontratazio datuek sakondu baino ez dute egiten lanik gabe dauden langile urtetsuenen zuloa. Otsailean, esate baterako, 17.119 kontratu sinatu ziren Gipuzkoan. Ze motatakoak izan ziren kontuan hartu gabe (aldagai horren azterketatik ere atera daitezke ondorio deigarri askoak), 45 urtetik gorakoentzat 4.221 baino ez ziren izan, %24,6. 30etik 44 urtera bitarteko gizon eta emakumeek sinatu zituzten kontratuen %43,

Ekonomiaren eta enpleguaren susperraldi itxurako honetan ere atzean ari dira gelditzen urte gehien dituzten langabeak. Iazko otsailetik aurtengo otsailera eman den urtearteko bilakaerari erreparatzen bazaio, orokorrean langabeziak %2,92 egin du behera Estatuan. 30 urtetik beherakoen artean murrizketa askoz ere handiagoa izan da, zorionez, %8,23koa. Urteak pilatu ahala, ordea, beste muturrera hurbiltzea tokatzen da. 55 urtetik gorakoen kasuan, esate baterako, ez da inolako hobekuntzarik nozitu. Kontrakoa gertatu da hain zuzen, eta langabezia tasa 2 puntu handitu da

Zaparradan botatako datu horiei gehitu behar zaie iragan udazkenean Estatuko CESek (Consejo Económico y Social) egindako txosten batek zehatz-mehatz deskribatutako adineko langabearen erretratuak dakartzan ñabardurak. Linboan kokatu zituen espreski txosten hark 45-64 urte bitarteko ia bi milioi langabeak. Nabarmendu zuen, besteak beste, kolektibo horretan grinatzen direla bereziki lanik ezaren alderdirik gogorrenak. Hala, adin tarte horretako langabeen %53k bi urte baino gehiago daramatzatze lanik gabe eta, horrenbestez, urtetik urtera gehiago dira inolako babes ekonomikorik gabe gelditzen direnak, 55 urte betetzean eskura daiteken laguntza edo zuzenean pobrezia eta larrialdi egoerei lotutakoa izan ezik.

Txostenak kontuan hartzen zuen, gainera, adin horretako langabe askok ikasten edo lanik gabe dauden seme-alabak dituztela oraindik euren kargura eta -adinaren kontuak...- gurasorik ez beti, egoerari haien pentsioaren laguntzaz aurre egin ahal izateko. Adin horretako langabeen batezbesteko prestakuntza gazteena baino eskasagoa dela onarturik (%70k oinarrizko ikasketak dituzte soilik, Estatuko datuen arabera), argi eta garbi aipatzen zuen halaber lana nori eman erabakitzeko orduan nabarmena dela adinari loturiko diskriminazioa. Legez kontrakoa, baina egunerokoa.

"Gazteen arteko langabeziari eskaintzen zaion arreta handia isilpean ari da uzten adineko langabeen drama ", zioen txostenak, eta eskatzen zuen, besteak beste, izan daitezela proportzionalak arazoak eta irtenbideak; sor daitezela alegia enplegu plan egokiak bestela, eta bestelako aukerarik izan gabe, langabe izatetik erretiratu izatera igaroko diren 45 urtetik gorako gizon eta emakumeentzat.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios