13.681 langabeturi lagundu zieten iaz garapen-agentziek

Ekaineko argazkian, garapen agentzietako ordezkariak Gipuzkoako Foru Aldundian, lankidetza hitzarmen baten sinadura dela eta. / D. Vicente

EAEko hiru lurraldeetako 33 agentziak batzen dituen Garapen elkarte profesionalak iazko Memoria aurkeztu du

EAEko garapen-agentziak batzen dituen Garapen elkarte profesionalak aurkeztu berri duen 2016ko Memoriaren arabera, tokian tokiko erakundeek eratutako agentzia horiek 13.681 langabeturi lagundu zieten iaz lan-merkatuan txertatzen. Horrez gain, 3.030 lanpostu kudeatu ziren, 1.323 enpresa eta 1.841 lanpostu sortu ziren, eta zerbitzua eman zitzaien 3.599 enpresa eta 2.952 saltokiri. Memorian, halaber, garapen-agentziek abian jarritako 89 intereseko proiektu jaso dira.

Agentzia horien helburu nagusia da "enplegua sortzea, enpresa-ehunaren lehiakortasuna hobetzea eta biztanleen bizi-kalitatea areagotzea". Horretarako, udalerrian edo eskualdean parte hartzen duten gainerako eragileekin lankidetzan aritzen dira. 2016. urtean, Memoriaren berri emateko zabaldu duten oharrean diotenez, "bereziki nabaritu da beste eragile batzuekin eta Administrazioko beste maila batzuekin lankidetzan aritzeko ahalegina".

Enpleguaren alorrean, eskatzaileei laguntza emateaz gain, bereziki lan-merkatura sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei, eskualdeko hezkuntza-zentroekin lankidetzan aritzen dira ikasleak enpresen aukera eta beharretara hurbiltzeko helburuarekin. Ekintzailetza ere sustatzen dute zenbait ekimen eta laguntzaren bidez, eta enpresaren alorrean, besteak beste, horien lehiakortasunaren hobekuntzan parte hartzen duten eragileen arteko lankidetza sustatzen dute, eta lehiakortasuna hobetzeko proiektuak definitu eta abian jartzen dituzte, banaka edo lankidetzan. Aparteko arreta eskaintzen zaio, halaber, sektore estrategikoen

Garapen 1992an sortu zen, eta gaur egun EAEko hiru lurralde historikoetako 33 garapen agentziek osatzen dute. Guztira, 1.897.008 biztanle biltzen dituzten 187 udalerriri eskaintzen dizkiete euren zerbitzuak. Kontuan izan behar da, gainera, 560 profesionalez osatutako giza-taldea dela, tokiko garapenaren zerbitzura.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos