Diario Vasco

Altuna eta Víctor, konforme ostiralerako pilotekin

  • Errioxarraren ustez, «nik hartutakoak azkarragoak dira eta Jokinenak, berriz, lasaiagoak»

Gorabeherarik gabe joan da gaur Jokin Altunak eta Víctorrek ostiral gauez Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatuko duten Lau t'erdi barruko txapelketako partidarako pilota aukeraketa. Ez dute inolako kexarik agertu. Amezketarrak, adibidez, goraipatu egin du Kepa Peñagarikano hautatzailearen lana. "Ondo egiten duenean ere esan behar da", gaineratu du.

Puntu garrantzitsua izango dute jokoan Altunak zein Víctorrek. Irabaztea ia derrigorrezkoa dute biek final-aurrekoetara txartela eskuratzeko itxaropenari eusteko. Ezcaraykoak argi hitz egin du pilotak aukeratu ondoren: "Gure multzoan Urrutikoetxeak bere hiru neurketak irabaziko ditu. Ondorioz, nik aurrera egiteko era bakarra Altunari irabazi, bigarren posturako berdinketa hirukoitza izan eta tanteoari esker sailkatzea da". Beraz, ezinezkoa deritzo Gernikan hilaren 31n ligaxka itxiko duen partidan Zaratamoko aurrelariari gaina hartzea.

Lehen jardunaldian Urrutikoetxearen aurka 22-7 galdu ondoren, Altuna III.ak suspertu egin nahi du etzi Donostian. "Udan partida asko jokatu ditut eta ez dut lau t'erdirako nire burua entrenatzeko astirik izan. Baina ez da aitzakia".

Víctorren ustez, berak hartutako 105.3 eta 105 gramoko pilotak aurkariaren 106.2 eta 105.2koak baino "azkarragoak" dira. Altunarenak "lasaiagoak" direla esan du errioxarrak.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate