Kirol Ekintzako ikastaroak urriaren 2an hasiko dira Donostian

Pilates eta ziklo-indoor dira hazkunde handiena duten jarduerak
Pilates eta ziklo-indoor dira hazkunde handiena duten jarduerak / Aprea

1.600 ikastarok osatzen dute kanpaina eta dagoeneko 1.000 lagunek eman dute izena. Izena emateko epea kanpainan zehar irekita mantentzen da

DVDonostia

Donostia Kirola erakundeak udal kirol instalazioetan antolatu dituen Kirol Ekintzak kanpainako 1.600 ikastaroak urriaren 2an hasiko dira. Dagoeneko 1.000 lagunek izena eman dute kirol jardueretako kanpainak eskaintzen dituen 100 jardueretako batean, Donostia Kirolak jakinarazi duenez.

Joan den ikasturtean, Kirol Ekintzak kanpainak 17.000 parte hartzaile baino gehiago izan zituen lehen aldiz, eta haietako %70 emakumeak izan ziren. Horrez gain, partaideen balorazioa berriro ere "oso altua" izan zen (8,5 puntu), egindako 3.000 inkesten emaitzen arabera.

Azken urteetan izandako joera baieztatuz, pilates eta ziklo-indoor dira hazkunde handiena duten jarduerak, orain arte eskatuenak izan diren beste batzuk gaindituz, aerobika edo mantentze gimnastika, besteak beste.

Adinaren araberako eskaintza

Antolatzaileek 65 urtetik gorakoei zuzendutako jarduerek daukaten arrakasta ere nabarmendu dute, hala aretoetan nola igerilekuetan egiten den mantentze gimnastika. Iaz martxan jarri zen Ttipi-ttapa 65 plus jarduera berria (ibilaldi osasungarriak) aurten ere eskainiko da, oso erantzun ona jaso baitzuen.

Igerilekuetako jarduerei dagokienez, lehen postuan 3-11 urte bitartekoei zuzendutako igeriketa kokatzen da, eta ondoren uretako mantentze gimnastika (741 pertsona). Hastear dagoen kanpaina berrian, jarduera berritzaileak ere mantenduko dira, besteak beste, jumpfit, HIIT, cross training, trx edo cardio mix.

Izena emateko epea kanpainan zehar irekita mantentzen da, oraindik lekua geratzen baita ikastaroetan. Beteta dauden ikastaroetan itxaron zerrendan izena emateko aukera dago, ikasturtean zehar bajak izan ezkero ikastaro horietan parte hartzeko aukera ego liteke eta. Ikasturte honetan, Donostia Kirolak izen-emateak on line egiteko aukera jarri du, donostiakirola.eus webgunean aurki daitekeen aplikazio berri baten bitartez.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos