120 kilometro, 19 mendi tontor eta 14.500 metroko desnibela

Maiatzean Gasteiztik Iruñera joan ziren lasterka.
Maiatzean Gasteiztik Iruñera joan ziren lasterka. / BUTS

Euskal Herriko Ultra Trail 2017 probak, Basque Ultra Trail Series zirkuituko hirugarrena denak, Iruñea eta Donostiak batuko ditu mendiz ostiraletik igandera

144 parte-hartzailek eman dute izena, abuztuaren 4tik 6ra burutuko den Iruñea-Donostia mendi lasterketan. Lasterketa hori BUTS (Basque Ultra Trail Series) zirkuituko hirugarren proba da, eta zailtasun berezikoa denez Euskal Mendizale Federazioak Ultra Traileko Euskal Herriko Txapelketa izendatu du. Antolatzaileek zabaldu duten oharraren arabera, sekulako erronkari egin behar diote aurre parte-hartzaileek: 120 kilometro egin beharko dituzte, 14.500 metroko desnibelarekin (7.000 metroko goranzko eta 7.500 metroko beheranzko desnibela) eta 19 mendi tontorretatik pasatu, altuena 1.208 metroko Ireber dela.

BUTS zirkuituaren erronka berria da Nafarroako eta euskal hiriburuak batzen dituzten lau lasterketek osatzen dutena. Lau lasterketaz osatutako zirkuitu hau aurten egin da aurrenekoz, 'Lau katedralen martxa'-ri eginiko omenaldi gisa. Balentria hori, hain zuzen, 1953an burutu zuen Sheve Peña mendizaleak. Euskal Herriko hiriburuak mendiz batu zituen, etenik egin gabe, urte horretako maiatzaren 25etik 28ra.

Datorren ostiralean Iruñean hasi eta igandean Donostian amaituko den lasterketa zirkuituko azkenaurrekoa denez, faboritoak tituluaren bila abiatuko dira. Izena eman dutenen artean aipa daitezke Carlos Garcia Recondo, Imanol Aleson eta Pedro Etxebarria gipuzkoarrak, Dani Aguirre eta Nerea Martinez nafarrak edota Silvia Trigueros, Jon Erdaide, Arkaitz Galindez eta Agurtzane Argiarro bizkaitarrak. BUTS zirkuituan sailkatutako lehenengo hiruek hartuko dute parte hirugarren proba honetan. Emakumezkoei dagokienez, Silvia Trigueros (Abadiño, 1972) da faborito.

BUTS zirkuituko aurreneko bi probetan (Bilbao-Gasteiz otsailean eta Gasteiz-Iruñea maiatzean) aurrenekoa izan eta Ehunmilak proba nagusitasun handiz irabazi ostean lasterkari bizkaitarrak aurkaririk ez duela dirudi. Garaile izateko, berriz ere, Nerea Martinez (Iruñea, 1972) eta Agurtzane Argiarrorekin (Bermeo, 1969) lehiatu beharko da. Hiru lasterkari hauek emakumezkoen sailkapenaren buru dira: Trigueros (200 puntu), Martinez (198 puntu) eta Argiarro (196 puntu).

Hasiera gauerdian

Gizonezkoen artean, ez dago hain argi. Dani Aguirrek Bilbo-Gasteiz arteko lehenengo lasterketa irabazi zuen, Jon Erdaide bigarrena izan zen eta Nuno Silva hirugarrena. Bigarren lasterketaren ostean sailkapena aldatu egin zen. Jon Erdaide txapeldunordeak muskulu-lesio baten ondorioz utzi behar izan zuen lasterketa, eta Carlos García Recondok (Irun, 1968) eskuratu zuen lehenengo postua Gasteiz-Iruñea proban. Bigarren eta hirugarren postuak Imanol Alesonek (Azkoitia, 1972) eta Oscar Perez de Nanclaresek (Vitoria,1972) lortu zituzten.

Horrela, hiru atleta horiek dira gizonezkoen sailkapenaren buru: García Recondo lehenenego postuan da 196 punturekin eta Aleson eta Perez de Nanclares daude hurrenez hurren bigarren eta hirugarren postuetan, 193 puntura berdinduta.

Iruñea-Donostia lasterketaren hasiera abuztuaren 4an, ostiralean, izango da 24:00tan, Iruñeko Gazteluko Plazan. Behin abiatuta, Nafarroa eta Gipuzkoako hiriburuen arteko distantzia bete beharko dute, mendirik mendi, gehienez ere 34 ordutan. Horrenbestez, atletek igandeko 10:00ak arteko epea dute Donostiako helmugara heltzeko.

Bi hiriburuen artean, 19 mendi gainditu beharko dituzte: Ezkaba, Arrondoa, Eltxumendi, Arriaundi, Erga, Larrazpil, Iparraundi, Ireber, Egieztu, Gurantz, Ulizar, Hirumugarrieta, Larre, Urdelar, Zaburu, Oindo, Adarra, Oindi y Agerreburu. BUTS zirkuituetan ohikoa denez, zirkuituak balizatutako bidezidorrak (GR, PR eta Donejakue Bidea) sustatzen ditu, ondorioz, lasterketaren erdia baino gehiago horrelako bidezidorretatik pasatzen da. Gainera, lasterketa pasatzen den mendi bideetako berreskurapena eta mantentze-lanak sustatzen ditu.

Esan bezala, Iruñea-Donostia lasterketa BUTS Zirkuituko hirugarrena da. Laugarren eta azkenekoa, Donostia eta Bilbo batuko duena, urriaren 6tik 8ra egingo da. Guztira 500 kilometroko ibilbidea osatzen dute ultradistantziako lau mendi lasterketa hauek eta, gainera, distantzia luzeko proben artean proba erragina denean, Ultra Trail de Mont Blanc (UTMB) delakoa, puntuatzen dute.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos