Borrar
Ostikada. Iosu Conde eta bere maisua, Juan Murillo, Anaitasuna klubekoak.
«Gauzak egin baino lehen pentsatzen ikasi dut karatean»
karate

«Gauzak egin baino lehen pentsatzen ikasi dut karatean»

Iosu Conde azkoitiarrak brontzea eta zilarra irabazi ditu Euskadiko txapelketan, kata eta kumitean

PABLO MUNILLA

Jueves, 1 de diciembre 2016, 09:02

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Iosu Condek bi domina irabazi ditu aurten Euskadiko karate txapelketetan: bron-tzezkoa kata modalitatean eta zilarrezkoa kumitean. Meritua du 17 urteko azkoitiarrak lortu duena, karateka gehienak batean edo bestean espezializatzen direlako. Anaitasuna klubekoak sakon barneratu ditu arte martzial honen ikaspenak eta orain berak zabaldu nahi ditu. Alegia, maisu izan nahi du.

-Noiz hasi zinen karatea egiten eta zerk bultzatuta?

-Lau urterekin hasi nintzen. Amak apuntatu zidan, batez ere oso nerbiosoa nintzelako. Honekin lasaitu eta erlaxatuko nintzela uste zuen. Ordutik etengabe jarraitu dut. Oso gustura nago.

-Eta noiz hasi zinen lehiaketetan?

-Aurre benjamin mailan nire lehenengo txapelketa egin nuen. Sei urterekin. Ondo gogoratzen dut. Eibarren irabazi nuen nire klubeko beste baten aurka. Ordutik aurrera gogotsu egon naiz txapelketetarako.

-Kata eta kumite egiten dituzu lehiaketetan. Noizbait bien artean aukeratu beharrean aurkitu al zara?

-Ez, nire maisuari beti esan diot biak egin nahi ditudala eta txapelketetan bietan apuntatzen naiz.

-Karatea ezagutzen ez duenarentzat, azaldu bien arteko diferentzia zein den.

-Kata banaka egiten diren mugimenduak dira. Esaten den bezala, aurkari ikusezin batekin borrokatzea da. Kumitea babesgarri batzuekin beste karateka baten aurka borroka egitea da. Eskuarekin eta hankarekin markatzen badiozu puntuak lortzen dituzu.

-Euskadiko txapelketan bi modalitatetan eraman duzu domina. Hori ez da erraza izango...

-Asko entrenatu behar da maila horretara ailegatzeko. Egin dudan lanaren ondorioa da eta pozik nago txapelketan erakutsi ahal izanagatik.

-Zenbat entrenatzen duzu horretarako?

-Egunero pixka bat egiten dut eta astean hiru egunetan entrenamendu luzeagoak egiten ditut. Entrenamenduetan kata egiten dugu gehienbat, baina kumitea ere lan-tzen dugu. Karatean fisiko ona izan behar da konbateetan aguantatzeko eta katak ondo egiteko.

-Zeintzuk dira zure ezaugarri onenak konbate baterako?

-Nire gaitasun handiena hanketan daukat, flexibilitate aldetik nahiko ondo molda-tzen naizelako. Eskuekin ere bizkortasun problemarik ez dut.

-Karatean ikasten duzuna defentsa pertsonalerako baliogarria al da?

-Bai, azken finean kalean arazoren bat badaukazu badakizu egoeraren arabera zer egin. Ez zara urduri jarriko eta kontrolatu egiten zara, badakizulako gauzak nola egin behar diren. Gorputza eta buruaren arteko oreka da. Dena den, elkarri errespetatzea eta diziplina oso garrantzitsuak dira karatean. Horrela irakasten digute.

-Nolakoa da zure harremana maisuarekin?

-Oso ona, oso ona izan da beti. Ez dut inoiz arazorik izan eta laguntza handia izan da niretzat. Baita arlo pertsonalean ere.

-Diziplina irakasteko maisuak gogorra izan behar du?

-Gauza batzuetarako agian bai. Nerbioso izatetik lasaiagoa izatera pasa naiz eta diziplinak zerikusia izan du horretan. Noiz hitz egin behar duzun eta noiz ez, zer gauza egin behar duzu momentu bakoitzean. Azkenean, hori ikasten duzu.

-Zertan da garrantzitsua arlo fisikoa eta zertan psikologikoa?

-Fisikoaren aldean, lehia-tzeko garaian da garran-tzitsua. Arlo psikologikoa garrantzitsua da lehen esan dugun errespetuaren kontu horretarako, arazo baten aurrean, esaterako, nola eran-tzun.

-Kirol bat bezala eta arte martzial bat bezala hartu dezakegu orduan, ezta?

-Bai, tradizionala eta lehiaketa esaten diogu guk.

-Badira lehiatzen ez duten karateka asko?

-Bai, nire gimnasioan asko daude. Gustura daude karatea egiten baina ez dute lehiatu nahi.

-Ez baduzu lehiatzen, zer ematen dizu karateak?

-Berdina. Karatea diziplina eta errespetua da. Guztion-tzat da berdina.

-Zer da karatea karateka batentzat?

-Kirol bat baino askoz gehiago. Orain arte azaldu dudan guztia.

-Zure bizitzan zer eragin izan du? Zer ikaspen goraipatuko zenuen besteen gainetik?

-Batez ere, gauzak egin baino lehen pentsatzea. Lehenengo pentsatu eta gero egin. Ez aldrebes. Jakin behar duzu momentu bakoitzean zer egiten duzun eta ondo dagoen edo gaizki. Askotan gauza bat gaizki egiten baduzu gero ez dago atzera bueltarik. Agian beti ez duzu zuzen jokatuko, nahi ez arren denok egiten ditugu hutsak, baina egiten ari zarenaz kontziente izan behar zara beti, hori da esan nahi dudana.

-Zein da zure helburua karatean?

-Nire helburua irakasle izatea da. Karateka askoren ametsa da. Nik ikasi dudana besteei zabaltzea. Lehiaketaren aldetik, Espainiako txapelketara joan nahi dut.

-Txikitxoekin hasi al zara?

-Bai, Azkoitian eta Elgoibarren hasi naiz irakasle modura, astean bi aldiz. Bost eta hamaika urte bitartekoak dira. Oso esperientzi polita izaten ari da. Pazientzia asko behar da, baina hori ere ikasten da. Jendearekin nola tratatu behar duzun ere erakusten dizu.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios