Borrar
Borrokarako prest. Egunero entrenatzen du Xabier Burgueñok Anoeta Boxeo Eskolako gimnasioan, sasoi puntua ez galtzeko.
Burgueño: «Lasaiagoa naiz orain, boxeoan adrenalina ateratzen ikasi dut»
boxeoa

Burgueño: «Lasaiagoa naiz orain, boxeoan adrenalina ateratzen ikasi dut»

32 borroketatik bost bakarrik galdu ditu Xabier Burgueño donostiarrak, Euskadiko txapeldunordea

PABLO MUNILLA

Jueves, 8 de octubre 2015, 07:10

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

22 urte ditu Xabier Burgueñok eta dagoeneko samurra ez den bidea egin du. Gipuzkoako elite txapelketan garaile atera da azken hiru urteetan eta Euskadikoan txapeldunorde izan da aurten, pisu super arinean, aurreko urtean pisu arineko txapela irabazi ondoren. Egin dituen 32 borroketatik bost baino ez ditu galdu donostiarrak.

-Nolakoa zara ringetik kanpo?

-Ez dakit zer esan, mutiko normal bat naiz. Boxeatzen ez nagoenean oso lasaia naiz, lagunekin egotea dut gustuko.

-Eta eskularruak jarri eta ringera igotzen zarenean?

-Mutiko berdina naiz, baina pentsa konbatean agresibitatea atera behar dudala. Aitortu behar dut boxeatzen hasi baino lehen mutiko geldiezina nintzela, ipurterrea. Kostatzen zitzaidan energia guzti hori bideratzea. Boxeatzen adrenalina askatzen ikasi dut eta ordutik askoz lasaiago nago.

-Azkenaldian bolada onean zabiltza, ezta?

-Bai, Euskadiko txapelketaren finala galdu nuenetik konbate guztiak irabazi ditut. Sei borroka izan dira. Horien artean Kataluniako txapelduna gainditu nuen, Imad el Bakali, Ordizian ospatutako ekitaldi batean, eta baita Balearretako txapelduna ere, Elvis Bonin, honi Mallorkan. Kontuan izan azken hau kick boxingeko profesionala dela.

-Inoiz konbate profesional batean parte hartu al duzu?

-Ez, ni amateur mailakoa naiz. Behin profesionaletara pasa-tzean ezin zara berriz amateur mailara bueltatu. Behin sartuta han geratzen zara.

-Eta zein da amateur eta profesional mailen arteko desberdintasun nabarmenena?

-Profesional mailako konbateak luzeagoak dira, asalto gehiago dituzte, eta amateur mailan motzagoak baina intentsitate gehiagokoak. Lehen amateur mailan kaskoa erabiltzen genuen baina orain ez da beharrezkoa. Hori bai, amateur mailan erabiltzen ditugun eskularruak bigunagoak dira, aire kamara dute. Profesionalek hesgailu gogorra daramate, ematen du burdina daukatela eskuan, eta erabiltzen dituzten eskularruak oso finak dira, aurkariaren hatz-koskorrak nabari-tzen dira.

-Beti al zabiltza lanpetuta?

-Tira, gure egutegia ez da oso erregularra. Gerta daiteke hilabete batean konbaterik ez izatea eta hurrengo hilabetean astebururo borrokatu behar izatea. Normalean gau-ekitaldiak festetan egiten dituzte beraz egutegia ez da oso finkoa.

-Nola prestatzen zara konbate baterako?

-Beti prest nagoela esango nuke, egunero joaten naiz gimnasiora eta bi ordu egoten naiz. Beti nago borrokarako mentalizatuta.

-Sakrifizio asko egin behar al dituzu pisuan mantentzeko?

-Lehen asko kostatzen zitzaidan pisu arinean lehiatzen nuelako, 60 kilokoa. Orain pisu super arinean aritzen naiz, 64 kilo direla, eta arazorik gabe ematen dut. Baina hurrengo astean 61 kilotan txapelketa bat dut eta hor bai kostatu zait ailegatzea.

-Nolatan hasi zinen boxeoan?

-Kirol desberdinak probatzen hasi nintzen. Arrauna egin nuen, baita futbola ere. Ondoren urte bete egon nintzen kirolik egin gabe eta neure buruari esan nion zerbait egin behar nuela. Orduan kick boxing egiten hasi nintzen. Probatu nuen baina eskuekin egitea gustatzen zitzaidan, hankekin ez horrenbeste. Beraz, boxeoa egitea erabaki nuen eta asko gustatu zitzaidan. 18 urte izango nituen.

-Zenbat konbatetan aritu zara?

-Guztira 32 izan dira, gutxi gorabehera, eta bost bakarrik galdu ditut.

-Ez dago batere gaizki...

-Hobeto inoiz galdu ez banu.

-Zer duzu hobetzeko?

-Nire ustez agresibitatea landu behar dut, askotan aurkariari barkatzen diot, agresiboagoa izaten ikasi behar dut.

-Zein da zure kolpe onena, alegia, borrokatzeko garaian zure gaitasunik hoberena?

-Nire ustez hanken mugimendua. Ondo eta azkar mugitzen naiz.

-Nolako boxeolaria zarela esango zenuke?

-Zaila da nire boxeoa nolakoa den definitzea, ondo mugi-tzen naiz eta teknikoki ona, borrokatzeko modu horri estilista esaten zaio.

-Zer nolako lana egiten duzu Anoetako klubean?

-Denetarik, sparring bezala borrokatu, zakuari jotzen diot, sokasaltoan aritzen naiz. Denetarik egiten dut.

-Gazteen artean zaude zu ala helduen artean?

-Gazteenetarikoa naiz, badira hala ere gazteagoak, baina orokorrean ni baino helduagoak dira.

-Nolako gomendioak ematen dizkizute?

-Askotarikoak, azkena, esaterako, aurkariarengan distantzia txikiagoa uzteko, edozein momentuan kolpea emateko aukera izateko. Batzuetan gehiegi urruntzen naiz.

-Egin dituzun konbate guztien artean batekin geratzen al zara?

-Galdu nuen Euskadiko finala, Italiako txapeldunordearen aurka. Nazionalitate bikoitza duenez aurten Euskadiko zein Espainiako txapelketan aritu da. Oso konbate gogorra izan zen. Ondo hasi nintzen baina pare bat kolperen ostean lurrera bota zidan eta amore eman nuen. Gutxienez konbatearen bukaeran onera etorri nintzen eta ondo bukatu nuen.

-Eta zein izan da lortu duzun garaipenik garrantzitsuena?

-Aurreko urtean Euskadiko txapelketa irabazi nuenean, pisu arinean. Gipuzkoakoa azken hiru urteetan ere irabazi dut. Hala ere espero dut garrantzitsuagoak iristea.

-Zein da zure helburua?

-Ez dut helburu handirik. Espainiako txapelketan ondo egitea eta domina lortzen badut askoz hobeto. Baina ez dut helburu finkorik, gusta-tzen zaidalako boxeatzen dut.

-Nahi zenuke profesional mailara pasatzea?

-Ez dut uste, gogorregia da niretzako. Asko entrenatu behar da eta ia ez dizu beste gauzetarako denborarik uzten. Amateur bezala gustura nago eta gainera ikasten ere nabil, ezingo nituzke biak uztartu.

-Kirol biolentoa dela esaten duen jendeari zer erantzungo zenieke?

-Beste kirol asko bezala dela. Futbolean ere ostikadak ematen dira. Boxeatzen zaudenean bestearen aurka egiten duzu baina behin bukatuta ez dago arazorik. Ringean gertatzen dena, ringean gera- tzen da. Borrokatu eta gero berriz lagunak gara.

-Zer sentsazio duzu ring baten gainean zaudenean?

-Adrenalina purua, bihotza danbaka jartzen zait.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios