Diario Vasco

MAS DEPORTES

Gorbeiaren xarmapean

Hassan Ait Chaou. Euskal Selekzioko korrikalaria helmugan jendearen babesa eskertzen
Hassan Ait Chaou. Euskal Selekzioko korrikalaria helmugan jendearen babesa eskertzen / ARTXIBOA
  • ISF-ko txapelketa jokatuko da larunbatean Gorbeia-Suzien lasterketan

Gorbeia Suzien mendi lasterketaren bosgarren edizioa jokatuko da larunbat honetan, urriak 1. Goizeko bederatzietan aterako dira korrikalariak Zeanuritik (Bizkaia), inguruko mendien artean 31 kilometroko ibilbidea osatu eta leku berean amaitzeko, 2.400 metroko desnibel positiboa gaindituz. Lasterketa honen asmo nagusia parte hartzaileak zein ikusleak Gorbeiako Parke Naturalaren edertasuna eta xarma ezagun dezatela da. Gorbeia (1.484) eta Aldamin (1.362) dira lasterketako gailurrik altuenak.

2012an lehenengo Gorbeia Suzien ospatu zutenetik gorakada azkarra izan du lasterketak. Lasterketaren zailtasun teknikoa eta paisaia ikusgarriak direla eta, iaz Nazioarteko Mendi Lasterketan Federazioak (ISF) antolatzen duen Sky Series zirkuituaren barruan sartu zuten.

Aurtengoan, gainera, nazioarteko zirkuituaren barruan dauden probetako bat izateaz gain, ISF-ko txapelketa jokatuko da bertan. Hori dela eta, nazioarteko eliteko korrikalariak izango direla bertan.

Tòfol Castanyer, munduko txapelduna izandako Luis Alberto Hernández, Aritz Egea, Hassan Ait Chaou, Jokin Lizeaga edo Ismail Razga bezalako korrikalari ezagunak ez dira faltako, atzerritik etortzen diren korrikalariekin batera. Emakumezkoen artean, aipatzekoak dira Azahara Garcia, Ohiana Kortazar, Maria Zorroza eta Montse Vazquez.

Ez da soilik eliterako

Elite proban bilakatu bada ere, bere alde herrikoia mantentzeko lan egiten du Suzien Mendi Klubak, probako antolatzaileak. Gorbeia Suzien ez dira bakarrik izarrak egongo; egun horretan jaiaz gozatzen duten 800 parte hartzaile, 200 bolondresak eta beste gauza ere bada lasterketa honetan.

Lasterketa nagusiaz gain, 22 kilometroko lasterketa herrikoia-martxa ibilaldia ere egingo da, egun eta ordu berean. Bi proben inguruan, antolatzaile taldeak programa anitza prestatu du aste buru osorako, gaur bertan hasi eta igandera arte iraungo duena.

Arratsalde honetan, 19.30etan, Manu Córdovaren 'Shiva, una aventura en el Rowaling ikus-entzunezkoaren proiekzioa eta hitzaldia egingo da Igorreko Kultur Etxean.; eta bihar, 20.30etan, Alberto Iñurrategiren Porrotaren alde ikus-entzunezkoaren proiekzioa eta hitzaldia.

Horrez gain, herria girotzeko asmoarekin, 1.100 pertsonentzako bazkaria egingo da larunbatean probaren ondoren, eta arratsaldean zehar festak jarraituko du, Slackline erakusketa, afari herrikoia eta gaueko kontzertuarekin.

Bisitariek asteburua herrian pasatzea nahi dute antolatzaileek, eta igande goizean ekintza gehiago egongo dira, kasu honetan familiako txikientzat zuzenduta. Umeen lasterketa egingo da 12.00etan, eta honen ostean, herri kiroletan aritzeko aukera izango dute txikiek.

Gorbeia Suzien lasterketak sortzen duen erakargarritasunaren seinale, aurtengorako izen-emateak bi ordu eskasetan agortu ziren. Lasterketako zuzendari teknikoa den Gotzon Idirin-en esanetan, «parkea bera eta ibilbidearen edertasuna» dira zergatia, mantentzen duen izaera herrikoiaz gain. «Lagun taldea bat gara Suzien Mendi Klubean eta ahalegin berezia egiten dugu jasotzen dugun onura guztia parte hartzaileei itzultzeko eta jendeak eskertzen du. Elite proban bilakatu bada ere izaera herrikoia ez dugu ahazten. Bost urte hauetan sentsazioa oso onak izan ditugu eta parte hartzaileen aldetik jaso dugun erantzuna berdina izan da. Ea aurten segida ematen diogun, denak ongi etorriak dira asteburuan Zeanurira etortzera»

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate