Zuberoako doinuak dakartza Jean Mixel Bedaxagarrek

Jean Mixel Bedaxagar, xirula eta ttunttunarekin. /
Jean Mixel Bedaxagar, xirula eta ttunttunarekin.

Ostiralean Donostiako Antiguako kultur etxean ariko da, etzi Amasako elizan, batean nahiz bestean Mixel Etxekopar eta Sacha Standenekin

FELIX IBARGUTXI

Jean Mixel Bedaxagar zuberotar kantari eta musikaria Donostian ariko da ostiralean, eta Amasan larunbatean. Batik bat 'Belatxa' bere azkeneko diskoko materialak eskainiko ditu.

Lehendabiziko kontzertua ostiralean izango da, hilaren 24an, Donostiako Antiguako Lugaritz kultur etxean. 2015eko disko hartan jardun ziren hiru lagunak ariko dira Donostiako oholtzan:Jean Mixel Bedaxagar (ahotsa, ttülüla, ttunttuna), Mixel Etxekopar (ahotsa, txülüla, ttunttuna, pizzicatoa) eta Sacha Carlos Standen (arrabita, pianoa).

Bestalde, larunbatean, hilak 25, Amasako elizan ariko da Bedaxagar, dohainik, Euskal Herriko Musika Bulegoak babestutako kontzertuan, izenburu honen pean: 'Xiberoa: ar-tzainak, txoriak eta dantzak'. Han ere, Etxekopar eta Standen izango ditu aldamenean. Bertan, Zuberoako historia eta bere instrumentuak eta musika izango dira protagonista nagusiak.

'Belatxa' diskoan bada izen bereko kantua. Bedaxagarrek lehenbiziko aldiz, aspaldi zion herri-kantari bati, Pierra Nikasaur zenari, grabaketa zahar batean. «Izigarri ederra antxeman nuen eta zaila emaiten», adierazi du.

Belatxa, berez, hegazti harrapari bat da, «leizeetan bizi dena, zuloan –Bedaxagarren esanetan–. Badu grazia bat: lur zolatik ateratzen da eta aski laster joaten da behetik gora, beste hegaztiak ez bezala. Han goian bueltak ematen ditu».

Artzainek sarri erreparatuko zioten belatxari eta egunen batean norbaitek kantua egin zuen, hitzik gabeko kantu edo kantorea, Zuberoako hitza esanda.

Beraz, kantore zaila iruditzen omen zitzaion Jean Mixeli, «eta urteak eta urteak, berrogei bat» eman zituen hura ikasten. «Performance bat da hori ematea, zeren behar da joan biziki gora».

'Altzürüküko ahaireak'

Kantu hori, hobekien, «arbailetan gorde da, bortu horietan: Altzürükü, Gamere-Zihiga, Altzai eta Lakarrin. Santa Grazikoek, hitz gabeko kantore horiek 'Altzürüküko ahaireak' deitzen zituzten».

Diskoan bada 'Agur Maria' kantu herrikoia ere, zubereraz emana, eta baita 'Beretxerreko kantorea' ezaguna ere. Honela mintzatu da Bedaxagar azken honi buruz: «Melodia eta kantore oso ederra baita, igual Euskal Herriko zaharrenetako bat, non ez den zaharrena. Hilarria badu kantore horrek, eta kantan aurkitzen ez diren gauza batzuk hilarrian daude. Osagarriak dira bata eta bestea. Hiru zenbakia agertzen da, eta zenbaki hori lorturik dago Jesukristoren pasionearekin. Hark esan zuen hirugarren egunean berpiztuko zela, gurutziltzatuak ere hiru ziren: Jesus eta bi lapurrak; san Pedrok hiru aldiz ukatu zuen Jesus... Harrigarria da kantore honek nola iraun zuen ahoz aho hamabosgarren mendetik, gauza inportante bat balitz bezala. Dakigunez, hemeretzigarren mendean idatzi zuten lehen aldiz».

Jean Mixel Bedaxagar (Urdiñarbe, Zuberoa, 1953) dantzari gisa nabarmendu zen hasiera batean, eta txirula jotzaile eta kantari gisa. 'Badok' atariak honela deskribatu du: «Zuberoako maisuengandik (Etxahun-Iruri, Attuli, Pette Napoleon…) ikasitako kantatzeko manera errespetatuz baina bere estiloa emanez, ahozko tradizioaren ordezkari nagusietako bat da».

Bost disko argitaratu ditu –'Xiberoa' (1983), 'Otea lili denean' (1995), 'Bedaxagar' (1996), 'Auñamendi' (2009) eta 'Belatxa' (2015)–, eta 'Xaho' pastorala idatzi du.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos