Zortzi buru, txapel bat

Ezkerretik eta goiko lerrotik hasita: Elortza, Lujanbio, Colina, Gaztelumendi, Sarriegi, Agirre, Arzallus eta Mendiluze /Borja Agudo
Ezkerretik eta goiko lerrotik hasita: Elortza, Lujanbio, Colina, Gaztelumendi, Sarriegi, Agirre, Arzallus eta Mendiluze / Borja Agudo

Historiako hamazazpigarren Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala jokatuko da gaur BECen. Orain lau urteko finalaren aldean, aurpegi berri bat bakarra: parte ez hartzea erabaki zuen Iturriagaren ordez, Unai Agirrerena

Félix Ibargutxi
FÉLIX IBARGUTXIDonostia

Gaur 20:00ak aldera Sebastian Lizasok irabazleari txapela janzten dionean, bukaera izango du gure hamazazpigarren Txapelketa Nagusiak. Bi faborito nagusi daude, Amets Arzallus egungo txapelduna eta aurreko txapela eraman zuena, Maialen Lujanbio, baina edozer gerta liteke, talde indartsua ailegatu delako finalera.

Oholtza gainean kantatuko duen zortzikoa aski ezaguna da honez gero. Aurreko finalaren aldean, aurpegi berri bat bakarra: Iturriagaren ordez, Unai Agirre hernaniarrarena. Orain ere emakume bat bakarra, Maialen Lujanbio, eta lagun gazteena Beñat Gaztelumendi, 1987an jaioa.

Goizeko saioa 11etan hasiko da, arratsaldekoa 16:30ean. Zuzeneko erretransmisioa egingo dute ETB 1ek eta bertsoa.eus webguneak.

Bertsoak epaitzen, berriz, Ekaitz Elorriaga, Eneritz Azkue, Eneko Bidegain, Joseba Santxo, Mirari Azula, Nerea Bruño eta Zigor Leunda ariko dira. Eta aurkezle, Maite Berriozabal, Inazio Usarralde, Saroi Jauregi eta Joana Itzaina.

Oso-oso gutxi aldatu da bertsolariek egin beharreko lana 2013tik oraingo honetara. Goizean 15 bertso puntuagarri egin beharko dituzte, arratsaldean beste 10, eta buruz burukora pasatzen diren bi lagunek 11na bertso puntuagarriri egin beharko diete aurre. Azken uneko buruz burukoan gertatuko dira aldaketa txiki horiek. Batetik, binaka, gaia emanda, launa bertso kantatu beharko dituzte, eta 2013an hiru ziren; bestetik, 2013an, sei puntuko hiruna bertso kantatu behar izan zituzten bi lagun horiek, eta oraingoan hiruna bertso zortziko handian.

Adituen 'terraza'

Aurten ere egongo da 'Mintzola Terraza'. Azken urteotan munduko gainerako herrialdeetako aditu, iker-tzaile eta inprobisatzaileekin harremanak estutzeko ahalegina egiten ari da Mintzola Ahozko Lantegia, eta lotura horiek indartzeko asmoz finalean Mintzola Terraza ipiniko da, non atzerriko ordezkaritza zabala bilduko baita, Euskal Herriko adituekin batera.

Bertan ahozkotasun alorreko aditu eta ikertzaileak izango dira, besteak beste Missouriko Unibertsitateko John Zemke -batez ere Espainiako ahozko tradizioetan eta Ertaroko literaturan aditua-; Jaqueline Urla antropologoa, hau ere estatubatuarra eta Renoko Unibertsitateko Basque Studies Program delakoari lotua denbora askoan; eta Karin Barber antropologo britainiarra. Ikertzaileez gain, kantu inprobisatuko bestelako adierazpideetako ordezkariak izango dira gune horretan, hala nola Kataluniako zein Mallorcako glosadoreak, Andaluziako trovadoreak, Sardiniako cantadoriak, Galiziako regueifeiroak, Kurdistango dengbêja… Horiekin batera, 'freestyle'-ko Invert raperoa.

Albistea emateko modu bitxia

Aurreko finalean, 2013koan, Juanito Dorronsoro bertso-irakasle eta doinu-biltzaileak jantzi zion txapela Arzallusei. Oraingoan, Bertsozale Elkarteak Sebastian Lizaso (Azpeitia, 1958) aukeratu du, baina haren bidez aitari ere, Joxe Lizaso zenari (Azpeitia, 1927-2009) egin nahi izan dio aitortza. Kasu deigarria da Lizasotarrena, bakarra seguru asko: aitona eta semea ez ezik, biloba Beñat ere (Azpeitia, 1982) kantuan ari baita, eta txapelketa honetan ere jarduna da gainera.

Duela hilabete inguru, Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak oso modu berezian eman zion albistea Sebastian Lizasori. Hona Sebastianen azalpena: «Aitaren errautsak dauden tokira joan behar genuela esan zidan. Aspaldi ari zen esaten toki hori nahi zuela ikusi. Nik ez nuen ezeren susmorik. Halaxe, joan ginen Txillarramendira eta aitaren irudiari hasi zitzaion hizketan: 'Kaixo, Joxe. Bisita zor nizun. Txapela hainbeste aldiz jantzi eta erantziko zenuen bizitzan, baina txapeldun bati ez diozu inoiz jantzi. Ondorengoak utzi zenituen, horietako bat txapelduna izan zen, eta berak jarriko dio aurten txapeldunari txapela'».

Sebastian Lizasok esan duenez, «pasa-pasa eginda» gelditu zen. «Sorpresa ikaragarria izan zen. Poz handiarekin hartu dut, eta gustura nago oso. Jende gutxik izaten du txapela janzteko aukera eta. Gainera, aitortza ez da niretzat bakarrik; gure aitarentzat eta nire semeentzat ere bada».

Bertsolari Txapelketa Nagusia

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos