«Bakoitzak bere tamainan bizitzen ikasi behar du»

Aitor Arregi eta Jon Garaño, Zinemaldian 'Handia' estreinatu zuten egunean / EFE

Altzoko erraldoiaren istorioa berreskuratu dute 'Handia' filmean Jon Garaño eta Aitor Arregik. Moriarti zigiluaren azken lana da, eta Zinemaldiko Sekzio Ofizialean parte hartu du, 'Loreak'-ekin egin zuten bezala

AMALIA IBARGUTXIDonostia

Jon Garaño eta Aitor Arregiren film berriak jendearen arreta erakartzea lortu du. Hainbeste, Zinemaldiko paseetarako sarrera guztiak minutu eskasean saldu zituztela. Altzoko erraldoiaren istorioa arakatzen du ‘Handia’ pelikulak, Jon Garañok azaltzen duenez, "XIX. mendean Europa mailan ezagun izan zen pertsona erreala izanda ere, ia-ia pertsonaia mitologiko modura gogoratzen duguna" Euskal Herrian.

Hain zuzen ere, mitoaren eta errealitatearen arteko muga horren gainean egiten du dantza 'Handia'-k. "Pelikula egiten hastera gindoazenean, jendeari galdetu genion figura honen inguruan. Askok ez zuten ezagutu ere egiten, eta beste hainbestek pertsonaia mitologikoa zela uste zuten. Arreta deitu zigun nola momentu batean pertsona bat mito bihurtzen den eta horregatik, interes berezia genuen deformazio horren istorioa kontatzeko. Pelikulan ikusten da momentu batetik aurrera Migel Joakin Eleizegik bera izateari uzten diola Altzoko Erraldoia bilakatzeko, nahiz eta berak ez duen aldatu nahi. Beharbada, gizarteak beste zerbait izateko eskatzen badizu, eman besterik ezin delako egin", argitzen dute.

Orain badakizkigu bere bizitzaren inguruko datu batzuk: Migel Joakin Eleizegi Arteaga Altzoko Ipintza Handi baserrian jaio zen 1818ko uztailaren 10ean eta 1861eko azaroaren 20an zendu zen. Hogei urte bete arte tamaina arrunteko mutila zen eta behin hazten hasi eta gero, ez zen inoiz gelditu. Europako monarka andana ere ezagutu zituen bere 'handitasuna' erakusteko antolatutako 'freak show' edo erakusketa itineranteekin. Baina, zuzendariek gaineratzen dute, "narratiba emateko filmari edo, guk sortutakoak gehitu dizkiogu. Pelikulan ikusten da informazioa nola joaten den forma galtzen, eta guk sortutako istorioarekin deformazio horri ere gure ekarpena egiten diogu".

Hala ere, askok espero dezaketenaren aurka, Migel Joakin ez da zintako protagonista. Ezta bere anaia Martin ere, nahiz eta narratzailea bera izan. 'Handia'-k protagonista unibertsala du: aldaketetara egokitzeko gaitasuna. Aldaketak dira pelikularen ardatza. Aldaketak erregimenean, gizarte antolakuntzan, ohiturek okupatzen duten espazioaren tamainan… Iritzia aldatzearen inguruan hitz egiten dute fikziozko pieza honetan, egoera berrietara moldatzeko gaitasunaz eta guztiz desberdinak diren bi anaien arteko harremanaz. Horregatik, argudiatzen dute, "garrantzitsua zen Martin eta Joakinen arteko harremana 'ying eta yang' -aren antzekoa izatea. Desberdinak dira, bakoitza mutur batean dago maiz, baina azkenean bat dira. Ez txuri ez beltz, gris koloreko erdiko espazio hori baizik. Elkarri bultza egiten diote, nahastu gabe".

Aitor Arregirentzat, filmeko beste zuzendariarentzat, "egoera berrietara egokitzeko gaitasun hori bera ona edo miserablea den esploratzea" izan da 'Handia'-ko beste gakoetako bat. "Nola jakin noiz aldatu, noiz gelditu zauden horretan. Hazi nahi duzu, baina agian ez da posible, eta daukazun tamainan bizi beharko duzu".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos