Zinema eta zientziari buruzko zikloa antolatu dute Donostiako Tabakaleran

'Interstellar' filmeko fotograma/
'Interstellar' filmeko fotograma

Urtarrilaren 11n, Tabakaleran, 'Interstellar' filmak hasiko du zinema-zikloa. Filmen proiekzioaren aurretik, haietaz ahalik eta gehien gozatzeko gako zientifikoak azalduko dituzte adituek

DV

Ikerketa eta abentura espazialaren gaineko filmen zikloa antolatu dute, baita zinemak bizi estralurtarrarekiko topaketen gainean irudikatu dituen hainbat tokiri buruzkoa ere. 'Hor kanpoan / Ahí fuera / Out there' izena jarri diote zikloa ri, eta urtarriletik martxora egingo dute Donostian eta Bilbon.

Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa zentroak eta Bilboko Azkuna Zentroak antolatutako zinema eta zientziari buruzko jaialdiaren Donostiako emanaldiak Tabakaleran izango dira, ostegun guztietan, urtarrilaren 11n hasita, eta Bilbokoak, Azkuna Zentroan, otsailetik aurrera egingo dira, zikloaren arduradunek Donostian eskainitako agerraldian azaldu dutenez.

Aukeratu dituzten hamar metraiak 1950eko hamarkadako film klasiko batzuk eta klasiko moderno batzuk dira, baita zientzia fikziozko zinemaren film berri batzuk ere. XX. mendearen erdialdeko Hollywoodeko zinemara bizi estralurtarra iritsi edo bertan aurkitu izana, ikuspegi desberdinetatik eta, batzuetan, kontrakoetatik jorratu da programatutako filmetan.

Horrela, ikusgai izango dira 'The Day the Earth Stood Still' filmaren parabola bakezale eta antinuklearra (Robert Wise, 1951); 'The War of the Worlds' (Byron Haskins, 1953) bezalako kasuen harira Susan Sontagek aipatutako 'Imagination of disaster'; Shakespearengan jatorri literarioa daukan inkontziente freudianoan murgiltzea, 'Forbidden Planet' filmari esker (Fred McLeod Wilcox, 1956); edota 'Invasion of the Body Snatchers' filmaren (Don Siegel, 1956) metafora antikomunista.

Bi hamarkada baino gehiago geroago, zinema estudio nagusiek efektu berezietan lortutako aurrerapenei esker, film bikainak egin ziren, hala nola, 'Alien' (Ridley Scott, 1979) eta 'E.T'. (Steven Spielberg, 1982), "giro estugarriko deabruzko estralurtarra" eta "Disney kutsuko ipuineko estralurtar laguna" agertu zituztenak, hurrenez hurren.

Oinarri zientifikoko zientzia-fikzioa

Azken finean, arduradunek adierazi dutenez, zikloak proposatzen du pantaila handian eta jatorrizko bertsioan zientzia fikziozko zinemaren historian nahitaezkoak diren filmen zikloa zientzialari entzutetsuekin batera ezagutu edo berriz bisitatzeko aukera. Izan ere, zientzialariek azalduko dituzte esperientzia horretaz ahalik eta gehien gozatzeko gako zientifikoak.

Zikloa ostegunean hasiko da, urtarrilaren 11n, Tabakaleran, 'Interstellar' filmarekin. Pedro Miguel Etxenike fisikariak interpretatuko ditu filmaren gakoak, fisikaren legeen arabera. Hurrengo emanaldietan, izen handiko zientzialariak izango dira, hala nola Juan Ignacio Cirac, Rafael Yuste eta Agustín Sánchez-Lavega, besteak beste.

Programazioaren barruan goizeko emanaldiak ere antolatu dira, Donostiako eta Bilboko DBHko ikastetxeei zuzenduta: 'The Martian' filma emango da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia Planetarioen taldeko zientzialari batzuek parte hartuko dute. Halaber, Kanariar Uharteetako Astrofisika Institutuko zuzendari Rafael Rebolok hitzaldi berezia emango du egun unibertsoaz dugun ikuskeraren inguruan. Jende guztiarentzat izango da, otsailaren 22an, 19:00etan, Donostiako Tabakalerako Z Aretoan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos