'Zikiro' hitzaz, erne, biziro

Zikiro-jatea Elizondon/A. D. C.
Zikiro-jatea Elizondon / A. D. C.

Ikus interneten 'esklabo' hitzari buruzko etimologia eta gure zibilizazio xelebre bezain krudel honen mila aberrazioetako bat gehigo ikasi

PATZIKU PERURENALeitza

Aragoi aldean “ciclón, ciglón, ciquilón” eta gisako aldaerak erabiltzen dira “eunuco, castrado, capón” adierazteko, euskarazko gure “zikiro” edo “zikiratu” hitzen zentzu beretsuan, eta begien bistakoa da erro berbera dutela: arabierako sígláb hitza hain zuzen ere, sorreran esklabo (<eslabo) baino esan nahi ez zuena, hain juxtu ere, esklaboak (eslaboak) zikiratu egiten zirelakotz. Filologo adituek diotenez, hitz hau ez omen da ageri XV mendea pasaxe arte hizkera latinoetan, eta euskaran “zikiro” are beranduago. Gurean erabat artzantzari lotutako hitza denez, horra beste sinale garbia, abeltzantzako gure merkatu nagusian artzantza berandu samarrekoa dela erakusten duena, menderen mendetatik zetorren behiaren nagusitasun erabatekoaren aldean.

Gauza jakina da Ertaroan alemanek, lurralde eslaboak konkistatu eta bertako mutilak menpean hartu ondoren, giza merkatu hagitz ongi egituratua sortu zutela Andaluziako Kordobaraino. Pragatik Fraintzira, handik Rodanoa behera Narbonaraino. Tortosan katalanek erosi eta andaluzei saldu. Gero Kordobako Lucena herrian zikiratzen omen zituzten, bestela, bidean erdiak galduko ziren beldurrez. Izanez ere, orduan oraindik Ipar Europan deus gutxi baitzekiten zikiratze, zirujia eta sendatze kontuetan, eta moroak berriz maisu izaki horretan.

Ikus interneten esklabo (<eslabo) hitzari buruzko etimologia, gure zibilizazio xelebre bezain krudel honen mila aberrazioetako bat gehigo ikasi bidenabar. Nik ere hantxetik atera baitizut euskarazko gure zikiro hitzaren etimologia nondik datorren.

Baina erne: zikiro, ahariko irendua besterik ez da euskal usarioan. Erruz erabilia gainera gizon klase jakin baten “gaitzizen” gisan. Leitzalarrean hagitz ezaguna zen Urkizu aldeko artzain mutilzahar koplari harena datorkit: “Ahari zuri”, zentzu berberean baina hagitzez eleganteago esana. Eta nire igarletzan arrunt erraturik ez banabil, erdarazko lexikoan “carnero” baino ez dena harakintzan; zikiratu gabeko “cordero” ez beste guzia, alegia, eta ez inondik ere egun uste dugun hazitarako (edo estalketarako) ahari huts.

Baina zikiratu aditzaren hedadura semantikoa ardi generotik beste guzietara zabaldua dela dirudi, non zekor, zaldi, mandar, astar, zerri ordots, aketo, zakur ar, katar edo oilaskoa bera ere zikiratu egin diren euskaraz joan den laurehun urtez, gutxienez. Eta zikiratu aditzaren usario eta hedadura berri honek, badirudi lehengo irendu zaharra zokoratu egin zuela, artzaintzako lexiko berria gailendu ahalean.

Oraingoz bukatzeko, esan, zinez eskertuko nizukela, guzi honi buruzko argi finagoa, neure hemengo okerrak fin zuzendu bidenabar.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos