Edu Zelaietaren testuetara itzuli dira Mugaldekoak

Edu Zelaieta, Beñardo Goietxe eta Raul Garcia./
Edu Zelaieta, Beñardo Goietxe eta Raul Garcia.

Gaztelupeko Hotsak zigiluak aurreratu duenez, grabatu berri dute eta urrian aterako da taldearen hirugarren diskoa, 'Galdemoduen trilogia'

M. IMAZ

Susa argitaletxearen eskutik kaleratu zuen 2004 urtean Edu Zelaietak 'Mugaldekoak' liburua. Bigarrena zuen, eta jendaurreko aurkezpenak egiteko hainbat testurentzako musikak sortu zituzten Beñardo Goietxe eta Raul Garciak. Handik bi urtera, 2006an, liburuko zenbait poema eta propio sortutako kantuekin 'Biziago sentitzeak dakarren muga inguruan' disko-liburua osatu zuten. Bidaia hartan, Jordi Serra eta Mikel Errazkin izan zituzten lagun Zelaietak, Garciak eta Goietxek. Gaztelupeko Hotsak zigiluak argitaratutako aurreneko lan diskografiko hartatik, taldeari Mugaldekoak izena gelditu zitzaion eta, 'a capella' kantatutako 'Mugalaria' abestian zioten bezala "harat-honatean ibili eta kontrabandoan zoriona pasatzeko" grina. Emanaldiz emanaldi ibili ziren 2007ra arte. Gero, isilunea. Liburu batetik sortutako disko bakarreko taldea ote zen?

Ez ba, 2010ean berriro jarri baitziren martxan, laugarren kide bat zutela, Mattin Sorzabalbere. Presarik gabe, bigarren disko bat ontzeari ekin zioten, eta emaitza izan zen 2012ko 'Begiak lekuko'. Lehenengoan ez bezala, material originala erabili beharrean beste batzuek sortutako piezak egokitu zituzten, batzuk oso ezagunak, Leonard Cohenen 'Bird on a Wire' ('Txoria kablean'), edota Bob Dylanen 'Let Me Die in My Footsprints' ('Utzi hiltzen nire gisa'), eta beste batzuk ez horrenbeste. Taldeko kideen gustuen araberako hautaketa askotarikoa izan zen, alegia, eta ezustekoz betetako bilduma osatu zuten. Disko-liburu moduan emana, jendaurreko aurkezpenetarako ere moldatu zuten.

Disko hartan euren burua "poema eta musika kontrabandista"-tzat jotzen zuen taldeak zertxobait gehiago itxaron du hirugarren diskorako. Gaztelupeko Hotsak ohar baten bidez zabaldu duenez, 'Galdemoduen Trilogia' izango du izena, grabatu berria dute eta urrian aterako da. Edu Zelaietak, Beñardo Goietxek eta Raul Garcia jarraitzen dute oinarrizko hirukoa osatzen, baina diskorako gonbidatu ugari izan dituzte: Xabi Pérez 'Bull', Ander Barrenetxea, Morau , Petti, Idoia Gillenea, Kotte Berrueta, Begoña Rudi eta Monika Czerny. Hirugarren lan honetan konposaketa propioetara itzuli dira, eta Edu Zelaietaren poemak hartu dituzte oinarri.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos