Zeharkatuko dut Jordan ibaia

Esklaboek utzitako ondarea oso presente dago beti Beltzen Historiaren Hilean./MARIO TAMA/AFP
Esklaboek utzitako ondarea oso presente dago beti Beltzen Historiaren Hilean. / MARIO TAMA/AFP

Otsailean izan dira Estatu Batuetan eta Kanadan Black History Month delakoari dagozkion oroimen ospakizunak. Garrantzi handiko festa gazi-gozo honek omendu egiten ditu Iparreko Amerikak dituen sustrai afrikarrak, eta aintzat hartu esklaboek utzitako ondarea

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Zergatik otsailean? Hil horretan bi gizaki paregabe jaio zirelako, Abraham Lincoln eta Frederick Douglass. Lehengoaren balentriak ederki asko ezagutzen ditugu. Bigarrenaz, alta, berri urria dugu gurean baina harrigarriak izan ziren bakearen, libertatearen, berdintasunaren aldeko bere ekimen, hitzaldi, izkribu oro.

Esklabo jaio Marylanden. Odol nahasikoa zen: beltza, indioena eta europarra ere zuen odola zainetan. Gazte samar zela, ihes egitea lortu zuen eta Massachusettsera iritsi. Bertan estudiatu, sakon estudiatu ere eta leitu. Abolizionista bilakatu. Mundua korritu zuen, esklabotasuna bertan behera uztearen aldeko aldarrikapen sutsuak egiten Europako parlamentu anitzetan. Baina beldur ziren adiskideak Hugh Auld lehengo nagusiak ez ote zituen erreklamatuko gure esklabo honen gainean zituen eskubideak, izan ere, oraindik ere Fredericken jabe zelako. Irlanda aldera joateko aholkua luzatu zioten. Han, Douglassek eutsi zion libertate guztien aldeko lanari. Ez zuen inolako dudarik: berdinak ginen denok, beltzak, Amerikan bizi ziren lehendabiziko cherokee, navajo eta apatxe haiek; Afrikan bahituriko haien ondorengoak eta pobreziatik ihesean Italiatik zein Irlandatik Ellis uhartera iritsi berri horiek. Emakumezkoen eskubideak ere bizi eta gogor defenditu zituen nonhai. Amerikako Gerra Zibilean libertatearen alde, trukean ezer eskatu gabe borrokatu zuten Iparreko beltz libre horientzat (eta bukatuko zenean libre izango ziren beste guztientzat ere) botoa emateko eskubidea erreklamatu zion Abraham Lincolni berari.

Estatu Batuetako heroi handi-handitzat dute Douglass.
Estatu Batuetako heroi handi-handitzat dute Douglass.

Luze bizi eta luze borrokatu zen Douglass. Egun, Estatu Batuetako heroi handi-handitzat dute. Martin Luther King eta Malcolm X ere beti agertu ziren harekin zorretan. Esklabo zelarik, trenez egin zuen ihes Frederickek. Horrek burura ekartzen du Black History Month honetan urtero aipatzen den Underground Railroad, Lurpeko Trenbide famatua, Estatu Batuetako Historiaren mito egundokoa.

Ez zuen bagoirik. Ez zuen lokomotorrik. Ez zuen burdinbiderik, ez zuen geltokirik. Ez zuen gidaririk. Baina ez zen, inolaz ere, tren mamua. Izena bazuen. Izana bazuen. Baita mintzaira sekretua ere, kode misteriotsua. Frederickek libertaterantz hartu zuen hura benetakoa zen. Lurpeko Trena, aldiz, ez. Baina milaka esklabu eraman zituen askatasunerantz.

Bazituen kontu handiz, detaile guztiz sortutako geralekuak. Bazuen ibilbide zehatza. Bazuen ordutegia. Bazituen estazioak. Baina ez zuen kea ateratzen bere lokomotorrak eta bere gidariek ez zuten makina ikatzez elikatzen. Askatasunerantz eraman zituen, ordea milaka beltz.

Baina zer ote Lurpeko Trenbide hura, Ezkutuko Tren hura? Ba, pentsatzen duzuena: mugalariena den lur honetan izugarri ondo ezagutzen ditugun iheserako sorturiko sare isilpekoa. Baina gurpilik ez bazuen, lokomotorrik ez bazuen, ikatzik ez bazuen, burdinbiderik ez bazuen, zergatik izen hori? Esklaboen jabeak nahasi, despistatu ahal izateko trenari dagokion hiztegia erabiltzen baitzuten. Horrela, iheslariak bidaiariak ziren. Horrela geltokiak babes-etxeak ziren, ezkutalekuak. Horrela, basoetan zehar, mendietan barna,gidatzen zituzten lagunak makinistak ziren. Hizketan entzuten zituzten nagusi zuriek baina ez zekiten zertaz ari ziren

Harriet Tubman
Harriet Tubman

Beraz, sare klandestinoak bazuen azpiegitura sendoa. Eta aparteko heroiak ere. Esate baterako, Harriet Tubman bera. Bere izena omendu egiten dute Black History Month bakoitzean, ez omen baitzuen bidaiari bat ere galdu. Inon. Inoiz.

"Jabe zuriek entzuten zituzten esklaboak kantari 'zeharkatuko dut nik Jordan ibaia' eta ez zuten pentsatzen iheserako kodea zenik, eliz kantua baizik"

Azpiegitura eta arraza anai-arreben libertatearen alde bizitza arriskuan jartzeko prest ziren dozenaka heroi. Baina askotarikoak ziren arazoak. Debekua zuten esklaboek irakurtzen eta idazten ikasteko. Beraz, nola pasa abisuak, nola zehaztu ibilbideak, nola markatu harrera lekuak? Asmatu zuten, asmatu ere soluzioa: kantuen bitartez. Sekula ez diozue galdetu zuen buruari zergatik gospel musikan, Black History Month izan den otsaila horretan etengabe entzun diren beltzen abestietan, horrenbeste aldiz aipatzen direb Bibliako ibai guztiak eta Elizako santu denak? Zergatik doazen aurrera santuak eta guk haien artean izan nahi dugun (Oh when the saints go marchin´in. I want to be, to be in the Numbers…)? Erantzuna polita eta zuhurra da: jabe zuriek aditzen zituzten esklaboak kantari. Entzuten zituzten hitzak: zeharkatuko dut nik Jordan ibaia…. eta ez zuten pentsatzen iheserako kodea zenik, eliz kantua baizik. Ez zuten asmatzen Jordan ez zela Jordan ibaia baizik eta aldameneko erreka, akaso. Ez zuten irudikatzen santu horiek ez zirela Jesukristoren gerlariak, iheslariak baizik…

Eta zergatik kantatzen zuten kalabazatik edango zutela ur freskoa? Bai ohitura arraroak afrikar hauek dituztenak! esaten zioten elkarri zuri dirudun eta krudel haiek. Ez zuten inola ere imajinatzen kalabaza ez zela kalabaza, baizik eta zeruan zuten gidaririk hobea: Hartz Handia.

Pasa berria den otsail beltz eta historiko honetan behin eta berriro entzun dira kaleetan, omenezko bileretan, irrati saioetan. Estatu Batuetako Kongresuan eta esklabo frankok libertate lurraldetzat hartu izan zuten Kanadako Parlamentuan Louis Armstrongek kantaturiko 'Go Down Moses'; skaren aitzindaria den Laurel Aitkenen 'Swing Low, Sweet Charriot'-aren egokitzapena edo The Weavers-en 'Follow the drinking gourd' aditu izan dira errespetuz eta miresmenaz. Zuek, nahi izanez gero, hartu Sam Cooke handiaren 'Steal Away'-en bertsio miragarria eta entzun belarriak tente eta hiztegia erne. Zer ote ziren mintzaira ezkutu hartan honako hitz hauek? 'My Lord he calls me by he thunder, the trumpet sounds within my soul. I ain´t got o stay long?' Trumoiaz dut Jauna deika, ariman entzuten dut tronpeta. Ez, ez naiz luzaro geldituko...

Urrian ospatuko da Britainia Handian eta Holandan euren Historia Beltzaren Hilabetea. Ordurako, aditu arreta bereziz Nina Simonen 'Mississippi Goddman' eta Billy Hollidayen 'Strange Fruit'. Ez, ez dira Lurpeko Trenbideko abestiak baina badute esanahi ezkutuko basa. Eta ikatza bezain beltzak dira hitzak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos