Zabalik da Durangoko Azokaren baitako Ahotsenean izena emateko epea

Los Galerna, orain dela bi urteko Ahotsenean./FELIX MORQUECHO
Los Galerna, orain dela bi urteko Ahotsenean. / FELIX MORQUECHO

Sortzaileen plazak hamar urte beteko ditu abenduaren 6tik 10era bitartean egingo den Azokaren 52. edizioan

Durangoko Azokako Ahotsenea sortzaileen gunean izena emateko epea asteazken honetan zabaldu da, urriaren 4an, 52. Durangoko Azoka abenduaren 6tik 10era izango da aurten. Antolakuntzak jakinarazi duenez, Ahotsenean parte hartzeko baldintzak dira euskaraz sortutako lanak eta 2017an kaleratutakoak izatea, formatoa edo euskarria edozein delarik. Lanak zuzenekoen (kontzertua) edo solasaldien (solasa, errezitaldia, performancea, akustikoa) bidez aurkeztu ahal izango dira.

Eskaerak posta elektronikoz baino ezingo dira egin, eta ahotsenea@durangokoazoka.eus helbidera bidaliko dira eskaerak. Eskaera egitean ahotsenea.durangokoazoka.eus webgunean eskuragai dagoen fitxa teknikoa beteta atxiki behar da.

Ahotseneak hamar urte beteko ditu aurten. Sortzaileei plaza eskainita, liburuak eta diskoak nagusi ziren azokari oreka eman nahi zion ekimenak. Hamar urteotan ehunka sortzailek izan dute aukera beren lana aurkezteko. Joan den urtean, 70 diska aurkeztu ziren zuzenean eta 45 liburu eta disko solasaldi, emanaldi edo performance bidez.

Urteurrena ospatzeko, Ahotseneak argazki erakusketa bat osatu du hamar urteotan Txelu Angoitia, Saioa Cabañas "Gau Ilunak" eta Joseba Barrenetxea argazkilariek ateratako 25 argazkirekin. Erakusketa urrian hasi eta abenduan amaituko da, eta Tafalla, Bilbo (BIBA eta Adaxka), Gasteiz (Oihaneder), Azpeitia (San Agustin) eta Durangon (Azoka) ikusi ahal izango da. Argazkiekin batera, hainbat musikari, idazle, editore eta kazetariren gogoeta bana ere egongo da.

Bestalde, erakusketarekin batera, hainbat emanaldi izango dira. Lehenbizikoa irailaren 29an izan da, Tafallan, eta Anarik eta Jon Basagurenek jo zuten. Bigarren saioa urriaren 20an izango da, Bilboko BIBAn, eta Kintsukoroi eta Mikel Etxaburu idazlea arituko dira. Azaroan ere izango dira emanaldiak: 3an Keu Agirretxeak eta Jon Gurrutxagak Gasteizko Oihanederren joko dute, eta 16an Gotzon Barandiaran eta Gorka Urbizu arituko dira.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos