Xiru Festibalak 'Zauriak lore' du leloa aurten

Argazkiko lagunak (Beltran, Ansa, Barrenetxea, Standen, Bedaxagar, Etxekopar...) igandean ariko dira/
Argazkiko lagunak (Beltran, Ansa, Barrenetxea, Standen, Bedaxagar, Etxekopar...) igandean ariko dira

Ostiralean hasita, Gotainen eta Maulen izango dira ekitaldiak

Ostiral honetan hasiko da Xiru Festibala. 'Zauriak lore' ipini dio izenburua Xiru Abotia, Zuberoako elkarte antolatzaileak, 1914 eta 1918 arteko Mundu Gerra baitu inspirazio iturri.

Gotaineko herrian eta Maulen izango dira ekitaldiak, Mixel Etxekoparren zuzendariztaren pean. Hasteko, ostiral gauean (21:00etan) Zauriak Lore gaualdia izango da: Argentinako Hermanas Caronni bikotea, txelo, klarinete eta ahotsarekin. Amaren Alabak talde zuberotarrak Bernard Manciet poeta gaskoiaren Gernika olerkia kantatuko du. Eta Maider Bedaxagarrek Lehen Mundu Gerran Alemanian preso egon ziren euskal kantarien grabaketak aurkeztuko ditu.

Handik aurrera, honako hau izango da egitaraua:

Larunbatean, Mauleko merkatuan, 11:00etan, dantza jauziak eta musika Poitiersko eta Hebentik elkarteko musikariekin. Maule Baithan, 15:00etan, Safinez Bousbiaren El Gusto dokumentala, non Aljeriako gerrak desegin zuen musulman eta juduen musika talde baten istorioa kontatzen baita. Ütürzabalan, 17:00etan, arte ibilaldia eta Koldobika Jauregiren Pareta obraren estreinaldia. Eta Gotainen, 21:00etan, Dominika Rekaltek idatziriko Barbau Hamalau ikuskizuna.

Apirilaren 1ean, igandea, beste ekitaldi hauek izango dira:

Gotainen, 10:30ean, pilota partida, lekuko jokalariekin. 11:30ean, herriko dantzariak eta dantza jauziak denentzat, eta Mixel Arotze eta Jean Mixel Bedaxagar kantuan. Gero, 15:30ean, Gotaineko plazan, MugMus Laborategiaren Oteizaren haria musika-, dantza- eta bertso-ikuskizuna, eta Plaza gaineko soinuak kantu- eta dantza-emanaldia, lagun hauekin: Maider Ansa, Juan Mari Beltran, Ander Barrenetxea, Mathieu Mendizabal, Sacha Standen, Jean Mixel Bedaxagar, Mixel Etxekopar eta Pierre Vissler.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos