Xalbador Egunean Jon Azpillaga zena ere izango dute gogoan

Jon Azpillaga, 1999ko argazkian./MICHELENA
Jon Azpillaga, 1999ko argazkian. / MICHELENA

1976an hil zen Fernando Aire 'Xalbador' bertsolariaren omenezko eguna urriaren 22an egingo da Urepelen

F. IBARGUTXI

Urepeleko aurtengo Xalbador Egunean Jon Azpillaga zena izango dute gogoan. Urriaren 22an izango da eta bazkalosteko saioan Amets Arzallus, Xebastian Lizaso, Juan Jose Eizmendi 'Loidisaletxe' eta Jose Luis Gorrotxategi ariko dira.

Fernando Aire 'Xalbador' 1976an hil zen. Badira hamalau urte Deiadarra elkartea sortu zela, urtero bertsolari hura omentzeko asmoarekin, eta harrezkero hutsik egin gabe jardun da.

Gehienbat Itxaro Bethart eta Joxemari Iriondo jardun ohi dira antolaketa-lanetan. Adierazi dutenez, aurtengoan Jon Azpillaga omendu nahi dute Xalbadorrekin batera. Bizkaitar bertsolaria aurtengo otsailaren 2an hil zen, 81 urte zituela.

"Xalbador eta Azpillaga lagun handiak izan ziren –esan du Joxemari Iriondok–. Xalbador Hegoaldera etortzen hasi zenean, lehenbizi Basarri, Lasarte eta Uztapiderekin izan zuen harremana, baina baziren garai hartan 'bizkaitar' bezala ezagutzen bi bertsolari ere, Lopategi eta Azpillaga, eta haiekin ere laster hasi zen harremanetan. Oso ohikoa izaten zen bertso-kartel hau: Xalbador, Mattin, Lopategi eta Azpillaga. Gizon gozoa zen Jon, atsegina, kontalari ederrra, eta jatun itzela. Haren adiskide segituan egiten zinen".

Urriaren 22an, goizean, Salbatzaile dantza-talde bilbotarra ariko da; gero kirol-norgehiagoka Donazaharre eta Mutrikuko taldeen artean eta bazkalostean bertso-saioa.

Kanpin zerbitzua eskuratzeko eta herri-bazkarian tokia izateko telefono honetara deitu behar da urriak 10 baino lehen: 0033624332995.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos