Xabier Zabala (Konpositorea): «Ume bati gustatzen zaion musika, askotan, heldu bati ere gustatuko zaio»

Xabier Zabala, aste honetan Zumeta Arte Estudioan/UNANUE
Xabier Zabala, aste honetan Zumeta Arte Estudioan / UNANUE

Badira hamasei urte Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin lanean hasi zela. Makina bat doinu egin die. Ez omen ditu bereizten umeentzako eta helduentzako doinuak

FELIX IBARGUTXI

Joan Mari Irigoienen omenezko disko-liburua da 'Antzinako zuhaitza'. Bertan, oso tankera ezberdineko testuei egin behar izan diete aurre Xabier Zabalak (Zarautz, 1967).

-Urte asko dira Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin hasi zinela elkarlanean. Orain Joan Mari Irigoieni egin diozue omenaldi.

-2001ean hasi nintzen pailazookin. Dagoeneko hogei disko egin ditugu. Eta batzuetan disko bikoitzak ere egin ditut, adibidez Imanol Urbieta eta Joxan Ormazabalen omenez egindakoak. Orain zera egin dut, Joan Mari Irigoienen testu batzuk -olerkiak batez ere- hartu eta pailazoen moduko produktu bihurtzea; alegia, produktu familiar bat. Autoan zoazela, aitona-amonek, gurasoek eta haurrek gustura entzungo duten zerbait egitea da kontua.

«Ohetik altxa eta gustuko gauza bat egingo duzula jakitea... hori izugarrizko gauza da»«Laster beste disko bat aterako dut, 'new age' estilokoa, inork eskatu gabe egindako doinuekin»

-Nolako lana da poema hauei musika eranstea?

-Pentsa dezakezu... Joxan Ormazabalen testuak, Manolo Urbietaren letrak eta doinuak, Joan Mari Irigoienen poemak... horrelako materialekin lan egitea gozamena eta ohorea da.

-Testua irakurtzean, bertan nolabaiteko tonu bat ikusiko duzu, gero doinua sortzeko garaian lagunduko dizuna.

-Guk letra horiek ondo ulertzen ditugu, eta handik aurrera imajinazioa ipintzen dugu lanean. Musika, azken batean, beste hizkuntza bat da, beste grafia batekin. Gero hartzaileak musika ikusi egin behar du. Helburua da ondo uztartzea testua eta doinua.

-Han daukazu Zarautzen zure lantokia. Doinuak zer tresnarekin sortzen dituzu?

-Enkarguaren arabera. Baldin bada banda edo orkestra batentzat, pentagrama batetik abiatzen zara. Baina bestela pianoa erabiltzen dut, edo gitarra, edo soinu handia... Jeneralean, hasierako musika-tresna pianoa izaten da. Gero ordenagailura pasatzen dut. Zergatik? Enkargua egin dizunari erakusteko; pentagrama bat erakustea baino hobe da.

-Lehenengo fase horretan tarareatu egiten duzu?

-Egunen batean, beharbada. Baina normalean ez; pianoarekin moldatzen naiz gehienbat.

-Zuk egindako lan asko eta asko enkarguzkoak izan dira. 'Enkargu' hitz itsusi xamarra da zenbaitentzat, baina ez dezagun ahaztu musikaren historian gehiengo direla enkarguz egindako melodiak. Zuk pailazoen enkarguak jaso dituzu, Real Sociedadenak, azkena Union Artesana elkartearena, 'Agur asteari' ekitaldirako...

-Niretzat, enkargua gauza ona izan da beti. Ez dakit besteek zer-nolako enkarguak jasoko zituzten. Niretzat pasioa izan da musika, txikitatik, aita zenak transmititua, eta zer gertatu da? Bizitzak bide batzuetatik eramaten zaituela eta azkenean nire pasioa ofizio bihurtu dela. Ohetik altxa eta gustuko gauza bat egingo duzula jakitea... hori izugarrizko gauza da. Nik ezagutzen ditudan musikari batzuek ez dituzte enkarguak oso gustuko, baina nik bai, denetik egitea gustatzen zaidalako. Eroso sentitzen naiz oso gauza desberdinak egiten. Unión Artesanatik deitu zidatenean, 'Agur Asteari' konposatzeko, segituan bisualizatu nuen nolako kanta egin behar nuen.

-Eta Realarentzako ereserki hura, 'Itsaso txuri urdina'?

-Hark Amets Arzallusen letra zeukan. Real Sociedad Fundazioak nahi zuen abesti bat eta niregana jo zuten. Jokalariek parte hartu behar zuten eta estribillo erraz bat behar zuen. «Erreala!, Erreala!» izan zen estribilloa... Gero estrofetan beste trataera bat egin genuen, besteak beste harrotasuna erakutsiz.

-'Maite zaitut' izango da zure doinu ezagunena, noski.

-Bai, dudarik gabe! Hori ere Pirritx eta Porrotxen disko baterako izan zen. Urtero gairen bat tratatzen da ikuskizunean, eta orduan ijitoen gaia tokatu zen. Kasu hartan, lehenbizi musika sortu zen, gero etorri zen letra. Pentsatu nuen ijitoen kasurako rumba izan zitekeela erritmo egokia, eta horrela...

-Eta letra?

-Hori Pirritx eta Porrotxek egin zuten. Niretzat oso polita izan zen ikustea familiako hiru belaunaldiek partekatzen zutela abesti hori.

-Bai, poz handia eman behar du ikusteak norberaren doinuak ondo txertatzen direla gizartean.

-Bai, oso polita da. Gainera, sorpresaz gertatzen dira gauzak.

-Irakaskuntzari utzi zeniola zenbat urte dira?

-Hamaika. Ekintza ikastolan ari nintzen, musika irakasle. Hamasei urte pasa nituen. Eskatu nuen eszedentzia, eta gero, erabaki behar nuenean itzuli edo ez, ez nintzen itzuli. Lan polita zen, umeengandik asko ikasi nuen.

-Haurrentzako doinuak, teorian, ez dute zertan sinpleago izanik.

-Nik beti esaten dut: txikitan Elvis Presley entzuten nuen asko. Nik ez ditut inoiz bereizi haurrentzako doinuak eta helduentzakoak. Ume bati gustatzen zaion musika, askotan, heldu bati ere gustatuko zaio. Alderantziz ez da gertatzen. Hori bai, adibidez pailazoentzako doinuak konposatzean kontuan hartzen dut ikuskizuneko zein partetan joango diren.

-Ikuskizunaren hasierako doinuak, pailazoak jendaurrean agertzean entzuten denak nolako izan behar du?

-Euskaraz ez dakit nola esan. Gaztelaniaz: 'subidón'.

-Aita txistularia zenuen eta atabala eta txistua izan ziren zure ume garaiko lehenbiziko tresnak, baina gero soinu handia asko jo izan duzu, ezta?

-Bai, orain denbora asko ez dela, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta Korrontziren trikitixarekin soinua jo dut. Trikitixaren mundua ere oso gustukoa dut.

-Aurten beste disko bat aterako omen duzu, baina hori, berriz, zeure-zeurea.

-Bai, nire kasa, poliki-poliki, inork eskatu gabe egindako doinuak izango dira. 1997an izan zen nire lehenengo grabazioa, 'Hik hasi' aldizkariarentzat, eta hogei urte honetan egindako lan pertsonalak bilduko ditut disko horretan. hamabi pieza izango dira, denak instrumentalak eta, nolabait esateko, 'new age' estilokoak. Musika deskriptiboak izango dira. Bat, adibidez, 'Itsasontzia' du izenburu. Elkar diskoetxean egin dut grabazioa, Víctor Sánchezekin.

-Hor beste Xabier Zabala bat ezagutuko dugu?

-Bai, bai! (barreak).

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos