Borrar
Xabier Lizaso, aste honetan Donostiako Amarako eskola zaharretan.
Xabier Lizaso: «Blokeo emozionala duten umeak desblokeatu egiten ditu ekimen honek»

Xabier Lizaso: «Blokeo emozionala duten umeak desblokeatu egiten ditu ekimen honek»

Pianista moduan ezagutu genuen garai batean, eta horretan ari da Andoni Egañarekin batera, baina badu beste egitasmo pedagogiko handi bat ere, haurrei zuzendua

FELIX IBARGUTXI

DONOSTIA.

Sábado, 30 de diciembre 2017, 11:02

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Xabier Lizaso Loidi (Orio, 1965) 'Do re ni' proiektuarekin ari da buru-belarri eskolaz eskola. Jolasaren bidez, eta kantua, antzerkia eta dantza tartekatuz, haurrak suspertu nahi ditu, batik bat ikasketa prozesuan arazoak dituzten haurrak. Berarekin Donostiako Amarako eskola zaharretan bildu gara. Pianoko ikasketak egin zituen Donostia, Sevilla eta Londresen, Polonian eta Madrilen ere bizi izan da, baina orain hezkuntza du lantegi nagusia. Kantuetako letrak Andoni Egañak egin dizkio, eta Zarauzko bertsolariekin harreman estua du, biak batera bi ikuskizun ari baitira eskaintzen azken urteotan, bertsoa eta musika uztartuz: 'Bi arreba' eta 'Garai hura gara'.

-Noiz bururatu zitzaizun 'Do re ni' proiektua?

-Egia esan, umeak niri, gaztetan, ez zitzaizkidan batere gustatzen. Ia nahi gabe etorri da proiektu hau, jendeak eskatuta. Gogoratzen naiz 14-15 urte nituela banuela halako asmo bat: Orion, nire herrian, piano-kontzertu batzuk egin, jendeari musika klasikoa hurbiltzeko. Baina badakizu, norberak plan bat egiten du bizitzan, eta gero bizitzak beste toki batera eramaten du pertsona. Hasi nintzen behartuta, ezkonduta nengoelako eta emanaldi gutxi... Polonian egitasmo polit bat ikusi nuen eta neure artean esan nuen: hau Euskal Herrian ere egin liteke. Kutxa Fundaziora joan nintzen, Antonio Camposi komentatu nion eta proiektua martxan jarri genuen; musika klasikoa eskoletara eramateko proiektua, alegia. Hasi nintzen, baina oso gaizki, ez nekien nola egin behar zen, baina umeek eurek erakutsi zidaten. Legazpin izan zen lehenengo emanaldi ona, hango ikastolan.

«Manolo Urbieta aurreratua zegoen. Garai hartan herriak ez zuen ulertu. Ni pixka bat horrela sentitzen naiz»«Musikak ahalmen handia du. Ez dago ezer garuna horrenbeste estimulatzen duenik»

-Zer gertatu zen ba?

-Ez dakit zergatik, «lehiaketa bat egin behar dut» esan nien haurrei. Eta erdi-erditik asmatu! Han lortu nuen isiltasuna eta arreta!

-Nolako lehiaketa zen?

-Bi talde egin nituen. Ordu arte motibaziorik gabe ikusten nituen haurrak, baina 'lehiaketa' hitza entzun orduko ikasle denak isildu ziren eta begira-begira gelditu, arretaz. Konturatu nintzen ni, kontserbatoriotik pasea izanik, goi mailako helburuak nituela, eta hobe nuela hori dena ahaztu eta haurren hizkuntzan jardutea.

-Legazpiko hura noiz izan zen?

-22 urte izango dira. Handik aurrera, irakasleak harritzen hasi ziren eta eskaerak jasotzen hasi nintzen. Hausnarketa haien guztien ondorio da 'Do re ni' proiektua. Izena Andoni Egañak asmatua da.

-Zergatik izen hori?

-Oraintxe bertan, ume bat daukagu Bartzelonatik propio etorria, «mutismo selektiboa» daukana. Hizketan badaki, etxean hitz egiten du, baina irakasleei eta begiraleei-eta ez die ezertxo ere esaten. Gurekin bi aste pasa eta gero ama negarrez hasi zen, txoratuta, haurra hizketan hasia zen eta! Hau ez dizut esango mila aldiz gertatu zaigunik, baina dozenaka aldiz bai. Blokeo emozionala duten umeak desblokeatu egiten ditu gure ekimen honek. Gabonotan berriz etorri zaigu ume katalan hori, lehenengo hiru orduetan isilik egon zen, eta laugarrenean hizketan hasi. Azken helburua ez da musika, da pertsona, eta horregatik izen hori: 'Do re ni'. Musika, antzerkia, kantua eta kirola aitzakia gisa erabiltzen ditugu.

-Eta nolako tokia erabiltzen duzu? Hemen dugun areto handi hau bezalakoa?

-Oso formatu desberdinak ditugu. eskoletan, bi eratara: eskola-orduz kanpo eta eskola-orduen barruan; eta borobila hau da. Adibidez, eskola-orduen barruan Zaldibiako herri-eskolan izan naiz, hiru-lau-bost urteko umeekin, hamabostean behin agertuta. Tutoreei azalpen batzuk ematen dizkiet eta, ni ez nagoela, irakasle horiekin egiten dute, egunero badute hamar-hamabost minutuko 'Do re ni' bat. Han ere bazeuden ume zailak, blokeoa dutenak.

-Musikak ba al du presentziarik ekimen honetan?

-Bai eta ez. Nik 'musika' hitz baztertu egingo nuke. Zergatik? Musika erabiltzen dugu, baina ez da ekimen musikala. Ez dugu kantatzen erakusten, edota dantzan edota antzerkian erakusten, baina egiten dugu kantuan, dantzan eta antzerkian. Azken helburua pertsona da.

-Gipuzkoan ari zara soilik?

-Ni horrelako proiektuekin estatu osoan ibili naiz, baina 'Do re ni' deiturarekin Gipuzkoan bakarrik. Orain toki gutxiagotan ari gara, sakondu egin nahi dudalako, ikusi baitut proiektu hau denboran aurreratuta dagoela. Ni, pixka bat sentitzen naiz Manolo Urbieta bat bezala. Hura oso gizon aurreratua izan zen bere garaian, Andoni Egaña ikastolako lehen urteko ikaslea izan zen eta kontatu dit zer egiten zuen Manolok: gelan arazoren bat ikusten zuenean kanta bat sortzen zuen, arazoari aurre egiteko, eta egoera konpondu egiten zuen. Adibidez, 'Mack Mikel' abestia Mikel izeneko mutiko baten inguruan egin zuen, Andoniren gelakoa. Beti bakeroak marrazten ari zen, ez zuen arretarik ipintzen eta Manolok kantu hori konposatu zion, taldean integratu zedin. Eta 'Ran rober ran' , gauza bera, Andoniren gelan bazegoen beste mutiko bat 'r' letra gaizki ahoskatzen zuena, eta esaten zuena aitonaren Ranrroberrean ibiltzen zela. Baina Zarauzko herriak garai hartan ez zuen Manolo ulertu, eta arazo handia gertatu zen: umeak pozik ateratzen ziren, baina jendeak esaten zuen: hauek ez dute ezer egiten, ezer ikasten! Matematikari ematen zitzaion garrantzia, eta sufritzeari. Badirudi ikasteko sufritu egin behar dela. Gaur egun niri gauza bera gertatzen zait.

-Kontrako jarrera sumatu duzu zenbaitengan.

-Bai, ematen du jolasak ez duela ezertarako balio. Jendea ez da konturatzen: monitoreak, irakasleak, lan gehiago egin behar du jolasaren bidez irakasteko, betiko bidetik baino. Eta ikusi dut 'Do re ni'-tik pasatu diren monitore gazte askok ere ez dutela proiektua ondo ulertu. Zer egiten ari naiz?; monitore berriak trebatzen.

-Baduzu lana!

-Gu neurozientzian oinarritzen gara. Zer dio neurozientziak? Musikak ahalmen handia duela, ia-ia ez dagoela ezer garuna horrenbeste estimulatzen duena. Hain da harrigarria datu hori! Kosta egiten da sinestea, baina hala da: matematikako ariketa batean baino lan gehiago egiten du garunak musika egiterakoan, edo kantatzerakoan.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios