Wroclaw hirian zortzi asteko egonaldia egiteko deialdia

Iazko deialdian Karla Tobar eta Nagore Legarreta izan ziren hautatuak./JOSE MARI LÓPEZ
Iazko deialdian Karla Tobar eta Nagore Legarreta izan ziren hautatuak. / JOSE MARI LÓPEZ

Euskal Herriko bi artistak izango dute horretarako aukera, Etxepare Euskal Institutua eta Wroclaw Culture Zone-ren eskutik

Poloniako Wroclaw hirian egonaldi artistikoak burutzeko euskal artistei zuzendutako deialdia egin dute beste urte batez Etxepare Euskal Institutuak eta Wroclaw Culture Zone erakundeak. Lankidetza horri esker, bi euskal artistak zortzi asteko egonaldia egiteko aukera izango dute, Poloniako hiriaren kultura eta nortasun garaikidean oinarritutako proiektua garatzeko.

Etxepare Institutuko iturriek jakinarazi dutenez, diziplina anitzeko egitasmoak aurkez daitezke uztailaren 10era arte zabalik egongo den deialdira. Hautatutako artistak irailaren 24tik azaroaren 18ra egingo dute egonaldia Wroclawen. Bidaia eta ostatu gastuez gain, artistek 2.000 euroko ordainsaria jasoko dute, baita proiektua aurrera ateratzeko produkzio, sustapen eta komunikazio babesa ere.

Hain zuzen ere, Donostiarekin batera 2016ko Europako Kultur Hiriburu izandako hiria da Wroclaw, eta egitasmo honek jarraipena ematen dio 2014tik Donostia 2016 eta Wroclaw 2016 Kultur Hiriburutzen baitan sortutako artisten elkartruke programari. Euskal artistak Poloniako hirira euren proiektuak garatzera doazen bosgarren aldia izango da. Orain arte, guztira hamar euskal artista izan dira bertan diziplina anitzeko proiektuak sortzen.

Artists in Residence Programme (AIR Wro) izeneko egonaldi artistikoen xedea da kulturaren eta artearen alor ezberdinetan ari diren sortzaileen lana lagundu eta sustatzea, beti ere, euren lana hiri identitatea eta kultura kontzeptuen inguruan burutzen badute. Izan ere, egonaldi artistikoen azken helburua da hiri modernoaren arazoen konponbiderako praktika egokiak aurkitzea eta bitartekaritza sustatzea.

Mugimendu eta aldaketak

Euskal artistentzako aurtengo deialdiak zerikusia dauka hiriaren nortasunarekin lotuta dauden eta faktore sozial, historiko edo pertsonalak eragiten dituzten mugimendu eta aldaketekin. «Hiriaren paisaia eta ekosistema jendeak osatu eta eraldatzen duen zerbait da. Nola ordea? Elkar eraginez ala elkar oztopatuz?», azaldu dute.

Hirietako komunitateetan etengabe gertatzen ari diren aldaketen ondorioz, ekintzailetza, praktika artistiko eta kolektibotasun eredu berriak ari dira sortzen. Aldaketa horiek, askotan, hiritar jarrera gisa definitu ohi diren korronteekin bat egiten dute: ikerketa eta hiri heziketa, garapen iraunkorra eta ekologia, gerrilla ekimenak eta autoantolakuntza, eta espazio publikoarekin lotura duten gaiak. «Guztiek dute, nolabait, eragina gure bizitzeko, elkar bizitzeko eta lan egiteko moduan», gaineratu dute.

Egitasmo honen bitartez, hiri identitatean eta kulturan interesa duten artistei gonbit egiten zaie Wroclawen proiektu berri bat sor dezaten. Egonaldiak ezinbestean jaso beharko du bertako herritarrekin workshop bat, eta egonaldia amaitzean, publikoari irekitako aurkezpen bat egingo da.

Parte hartu nahi duten hautagaiek eskabidea eta dokumentazioa bidali beharko dituzte etxepare@etxepare.eus helbide elektronikora. Batzorde espezializatu batek bi proiektu hautatuko ditu eta Wroclaw Culture Zone eta Etxepare Institutuaren web orrien bitartez emango da hautatuen berri.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos