Victoria Eugeniara itzuli da Pete Seeger

Rafa Rueda, Oier Aranzabal, Oihan Larrañaga eta Ander Zulaika, atzo Zarautzen/J. M. López
Rafa Rueda, Oier Aranzabal, Oihan Larrañaga eta Ander Zulaika, atzo Zarautzen / J. M. López

Lou Topet taldeak 1971. urtean Donostiako antzokian egondako kantari estatubatuarraren abestien moldaketak joko ditu bihar euskaraz

JUAN G. ANDRÉS

1971ko otsailaren 9an Donostian egon zen Pete Seeger (New York, 1919-2014). Emanaldi bakarra egin zuen Euskal Herrian, Victoria Eugenia Antzokian, Ez Dok Hamairu kolektiboak gonbidatuta. Ia 47 urte geroago, kantari estatubatuarraren izpiritu oldarkorra taula berara itzuliko da bihar, Lou Topet taldeari esker. Zarauztarrek ondo baino hobeto ezagutzen dute maisuaren lana, izan ere, ‘Abesti bat gutxiago’ (2015) Harkaitz Canorekin argitaratutako disko-liburuko bertsioen artean, Seegerren ‘Where Have All The Flowers Gone’ (Loreak non dira) grabatu zuten.

Kanta horretatik abiatuta, Bilboko Loraldia jaialdiak musikariari omenaldia egitea proposatu zien. “Ezinezkoa izan zen ezetz esatea”, dio Oier Aranzabalek. Arriaga antzokiko saioa eskaintzeaz gain, ‘Seeger gogoan’ bost kantako EPa ere kaleratu zuten: ‘Norekin hago’ (Which Side Are You On?), ‘Lur hau zurea’ (This Land is Your Land), ‘Su hau’ (Swing Low, Sweet Chariot), ‘Gabon, Ailin’ (Goodnight, Irene) eta aipatutako ‘Loreak non dira’ abestiarekin.

Taldeko kantariak gogoratu duenez, “Pete Seeger ezinbestekoa pieza da estatubatuar folk musika ulertzeko”, baita “AEBetako ezkerra ulertzeko ere”. “Musikaria, aktibista, komunista… Ez da egun hedabideetan jasotzen dugun AEBen iruditeriaren barruan sartzen. Musika ulertzeko zuen eragatik ere aski interesgarria da. Doinuak herriarentzat eta herriarekin abesteko ontzen zituen. Musika era pedagogiko eta politiko batean ulertzen zuen. Imanol Urbieta zarauztarrarekin parekatu dezakegu, nahi baduzu”, agertu du.

«Seegerek era pedagogiko eta politikoan ulertzen zuen musika, Imanol Urbietaren antzera»

Seegerrek belaunaldi askotan laga du bere arrasto luzea: Bob Dylan, Joan Baez, Arlo Guthrie, Bruce Springsteen, Wilco, Billy Bragg… “Eraginak zailak dira neurtzen edo zenbatzen -iritzi dio Aranzabalek-. Zelako eragina izan du Imanol Urbietak gugan? Bada, ziur aski uste duguna baino gehiago. Urbieta bera ezagutu ere egiten ez duten gaztetxo askok kantatzen dituzte bere abestiak. Seegerrekin berbera gertatzen da. Dudarik ez da bere figurak eragin izugarria izan duela egungo folk musika eszenan, eta baita eszena politikoan eta iruditeria herrikoian ere”, gaineratu du.

«Bertsioak ere geureak dira»

Oihan Larrañaga (baxua), Rafa Rueda (gitarra eta ahotsak) eta Ander Zulaika (bateria) igoko dira oholtzara kantariarekin batera. Mikel Urdangarin, Giorgio Bassmatti eta King Konsul ere gonbidatu dituzte, eta Joserra Senperena (teklatua eta hammonda) azkeneko aldiz arituko da taldearekin. Harkaitz Canok euskaratutako ‘Kisses Sweeter than Wine’, ‘Jimmy Crack Corn’, ‘Turn! Turn! Turn! eta ‘Don’t Think Twice, It’s All Right’ abestietako moldaketak egingo dituzte, besteak beste, baina ‘Abesti bat gutxiago’ diskoaren bertsioren bat ere jotzeko asmoa dute. Nolabait ere, 2015ean hasitako aroaren “epilogo moduko bat” izango baita kontzertua.

Mikel Urdangarin, Giorgio Basmatti, King Konsul eta Joseba Senperena ariko dira oholtzan taldearekin

Denbora honetan, bertsioak landu dituzte gehienbat, eta ea kantu propio berririk egin behar ote duten galdetuta, muturra okertu du Aranzabalek: “Bertsioak ere geure geureak dira, ez gutxietsi”. Edonola ere, lan berriarekin hasiak dira. Disko kontzeptuala ontzeko “soinuekin jolasten” eta “probak egiten” ari direla azaldu du Aranzabalek. “Dena ondo bidean datorren udan sartuko gara estudiora. Ilusioz ari gara lanean, asko ikasi baitugu azken bi urteetan, eta hori dena jarri nahi dugu datorren diskoan”, bukatu du.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos