50 urte geroago, 2018ko ezaugarri eta erronken araberako utopiak

Xabier Agirre, Lorea Agirre eta Iñaki Alegria, ekimenaren aurkezpenean./
Xabier Agirre, Lorea Agirre eta Iñaki Alegria, ekimenaren aurkezpenean.

68ko maiatzaren mende erdia aitzakiatzat hartuta, 'Utopia68/18. Iruditeria berrien bila' gaia izango da UEUko Udako Ikastaroen baitan Usurbilen egingo den Jakin Jardunaldiaren Jardunaldiaren ardatz nagusia

2018ko maiatza amaitu berritan, 1968koak izan zuen indar eraldatzailea eguneratu nahi duten jardunaldiak aurkeztu dituzte astelehen honetan Donostian Jakinek, UEUk eta Usurbilgo Udalak, elkarlanaren garrantzia nabarmenduz besteak beste. 'Utopia68/18. Iruditeria berrien bila' izenbupean egingo da aurtengo Jakin Jardunaldia uztailaren 12 eta 13an, UEUko Udako Ikastaroen baitan, Usurbilen. Izan ere, UEUren, Usurbilgo Udalaren eta Jakinen elkarlanaren emaitza da jardunaldia. «Iaz, Jakin eta Usurbilgo Udalarekin abiatu genuen bideak fruitu ederrak eman ditu», azaldu du aurkezpenean Iñaki Alegria UEUko zuzendariak. Xabier Agirre Usurbilgo alkateak bide horretan jarraitzeko borondatea berretsi du. «Usurbil hitzaren, gogoetaren eta solasaldi pausatuaren parada izatea nahi dugu», esan du. UEUko zuzendariaren arabera, «UEUren zereginen artean dago topaguneak eskaintzea: ezagutza eta euskara zabaltzeko, hausnartzeko eta eztabaidatzeko. Udako Ikastaroak helburu horiek guztiak bideratzeko toki ezin aproposagoak dira, bai eta elkarlana sustatzeko ere. Horregatik dugu #ElkarEkin lelo». Horren adibide da UEUk, JAKINek eta Usurbilgo Udalak duten elkarlanerako akordioa.

Bi egunez bederatzi «aditu eta aritu»-ren ekarpenak bilduko dituen jardunaldiaren edukiak aurkezterakoan, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak gogoratu du 1968ko maiatzak «ezaugarri propioak» izan zituela Euskal Herrian. Mundu mailako erreferentzia nagusiak Parisen, Berlinen, Pragan edo Mexikon izan zituen 1968. urteak, baina Euskal Herrian ere 60ko hamarkada erabakigarria izan zen herritarrentzat.

«Izaera propioa hartu zuen gurean aldarri horrek», adierazi du Agirrek. «Ikastolen mugimendua, euskara batua eta helduen alfabetatzea, euskal kantagintza berria, literaturaren modernotzea, sekularizazio prozesu bizkorra, Lemoizko zentral nuklearra... Garai zaharraren amaiera eta berriaren sorreraren esperantza irudika zezakeen». Mende erdi pasatu da geroztik, eta aukera aparta da horregatik egungo aldarri eta gizarte auzi eta eraldaketei erreparatzeko. Horretarako, bederatzi hizlari bilduko ditu 'Utopia 68/18. Iruditeriaberrien bila' Jakin Jardunaldiak, «gogoeta kolektiboaren bitartez, nora goazen edo nora joan nahiko genukeenbegitantzeko». Amaia Lasa, Alba Garmendia, Edu Apodaka, Uzuri Aboitiz, Bego Zearreta, Iñaki Barcena, Anaiz Agirre, Xabier Harlouxet eta Bego Huarte izango dira hizlari.

Teoria eta praktika

Utopia hitza izango da jardunaldiaren ardatza. Izan ere, 68ko udaberrian «utopiaren zentzua berritu egin zen», Agirreren ustez. «Iritsezina zen lekua izatetik errealitatea eraldatu eta praktikan jartzeko bide erreala» bihurtu zen. Horregatik merezi du utopia horiek egungo begietatik aztertzea, «batere nostalgiarik gabe». Bereziki «gaur egun eta hemen utopia zeri deitzen dioguna ztertzeko, gizartea eraldatzeko borroka eremuak non dauden zehazteko, eta zer iruditeria kolektibo eraiki eta partekatzen ari garen hausnartzeko, nola berritu dezakegun pentsatzeko», egungo errealitatea eta borrokak aztertzea baita Jakin Jardunaldiaren helburua.

Teoria eta praktika uztartuko ditu ikastaroak. Lehen eguna horren lekuko: Amaia Lasa idazle eta irakasleak 'Nondik gatoz, non gaude' hitzaldia eskainiko du. Ondoren, utopiaren inguruan jardungo dute Alba Garmendia EHUko Filosofia Saileko doktoregaiak eta Edu Apodaka EHUko Soziologia irakasleak. Markoa ezarrita, zaintzaren utopiari helduko zaio. Universitat de Barcelonako Gizarte Antropologia Saileko Uzuri Aboitizek landuko du gaia, eta Bego Zearreta Bizkaiko adinekoen egoitzetako langile grebalariak kontatuko du kolektiboaren esperientzia.

Bigarren egunean beste hainbeste: Iñaki Barcena EHUko Politika Saileko irakasleak 'Eko-Sozialismo-Feminista, utopia berri bat?' gaia landuko du. Bizi! mugimenduaren esperientziaz jardungo dute Anaiz Agirre eta Xabier Harlouxetek, eta, azkenik, Bego Huartek hartuko du hitza Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako bizipenei buruz solasteko.

Guztia borobiltzeko, Herria Hitz bisita gidatua egingo da uztailaren 12an, 18:00etan. «Usurbilek euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutzera emateko bisita izango da»,aurreratu du Xabier Arregi Usurbilgo alkateak. Herrian zehar topatuko ditu bisitariak Mendibururen eskultura, Tapia eta Zumetaren muralak... eta Oreka Tx taldearen entsegu eta erakustaldi gunea ezagutukodu, Txokoaldeko Txalaparta Txokoa, hain zuzen ere.

Izen ematea zabalik da UEUko Udako Ikastaroen atalean, eta Jakinen webgunean ere topatuko du interesa duenak horretarako lotura. Bisita gidatura, bestalde, ikastarotik kanpoko jendea ere gerturatu ahal izango da uztailaren 10 baino arinago izena emanez gero info@kultour.pro helbidean edo 688818017 telefonoan. Doakoa da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos