Urrearen biomekanika

Mireia Belmonte, Budapesten, irabazi berri zuen urrezko dominarekin. / CHRISTOPHE SIMON/AFP

Budapesten, Mireia Belmontek urrezko domina lortu zuen 200 metroko tximeleta eran, bertakoa den Katinka Hosszú igerilari fina gaindituz. Garaipen horrek baditu hainbat zio tekniko miresgarri

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Kirol munduko beste alorretan bezala, igeriketan aurrera egiteko, markak hausteko, lehian azkarrena, onena, atzemanezina izateko, giza gorputzaren higidura ikasten, aztertzen, hobetzen saiatzen den biomekanikaren tresneria eta ezaupide guztiak erabiltzen dira. Programak, simuladoreak, algoritmoak, errealitate birtuala, espazioaren diseinua… Horrek guztiak garrantzi ikaragarria du txapeldun baten hobetze prozesuan.

Igeriketak baditu berezko ezaugarriak. Berezko-berezkoak. Uretan egiten den kirola da. Eta ura ez da, preseski, gizakion eremu naturala. Ez gara ez sortuak ez diseinatuak uretan ibiltzeko, bizitzeko, mugitzeko, irristatzeko. Horrexegatik, (beharbada/ziur aski), ez delako gure eremu naturala, hain dugu gogoko uretan barna bidea egitea.

Urezko xendra horiek gure gorputzaz ireki ahal izateko, igeriketaren teknika eta emaitzak zientifikoki lantzeko uraren trinkotasuna, uraren pisua, igeri egiten duzun kalearen neurriak, zure larru azalak sortutako erresistentzia, bainu jantzia zerezkoa den, bertako uraren bolumena, besakada bakoitzean zenbat ur mugitzen/desplazatzen duzun neurtzen dituzte biomekanikan eta zientziaren beste eparru batzuetan adituak diren entrenatzaile bereziek.

Garaipenaren keinua egiteko, gainerako guztiak asko zaindu behar dira. Hiru argazkietan, Belmonte urrezko domina irabazi zuen lasterketan. / AFP

Budapesten 200metroko tximeleta eran Mireia Belmonte katalanak lortu zuen urrezko domina biomekanikaren aldetik azal daiteke. Eta azalpen horrek zientziaren lilura berezia du bere baitan

Bular igeriketaren eboluzioa da tximeleta era. Azkarrago joateko sortutako hibrido ikusgarria. Bularreko modalitatean erabiltzen den ostikoaren eta besoetako aire mugimenduaren arteko konbinazio ezinhobea.

Eskuak uretan sartzerakoan, besoek sorbaldak baino aurrerago egon behar dute; ukondoek, berriz, eskuak baino altuago. Aurrera egin ahala besoak urpean daude, eta ukondoak zeharo luzaturik. Lau aldi daude estilo honetan: uretan eskua sartzekoa, heldualdia, bultzadarena eta jasoaldia. Bakoitzak jarrera eta mugimendu arras zehatzak eta kontrolatuak exijitzen ditu.

Budapesteko Mireriaren dominaren azterketa biomekanikoa honelako hau litzateke: oinak 64 ehunenetan aldendu zituen irteerako euskarritik. Bere lehiakideek (ikusleek sakon maitatzen duten Katinkak ere) bi ehunen gehiago behar izan zituzten, ordea. Eta bi ehunen horiek garrantzikoak izan ziren (oso) Mireiaren garaipenerako.

Lehendabiziko partziala Hosszúk 28,25 segundotan bete zuen. Mireia ez zen horren urrun: 36 ehunenetara. Bigarren luzean hasi zen Mireiaren igoera: 32 segundotan bete zuen. Katinka hurbilegi zuen oraindino: 0,14 segundotara, gutxiagorik ez. Mireiaren hirugarren partziala azkarrena izan zen bere lehiakide guztienekin konparatzen badugu: 32,22 segundo. 150 metro bete zituztenerako, Badalonako igerilariaren abantaila handi samarra zen.

Bular estuka zebilen Mireia egun hartan. Arnasa ondo hartu ezinean. Horratio, derrepentean Hentze lehiakide alemaniarra izugarri hurbildu zitzaion. Azken 50 metro horietan Mireia baino 22 ehunen azkarrago egin zuen igeri. Baina Berlmonte ez zen aztoratu. Lasai asko urpeko bukaera egitea erabaki zuen. Hortxe eta horrela irabazi zuen berak. Horrela eta hortxe Hentzek galdu. Alemaniako txapeldunak azken metroan besoaldi bat eta erdi egin zuen. Gehiegizkoa esfortzua. Moteldu zitzaion mugimendua eta, gainera, piszina 'jan' egin zuen.

Mireiak teknikaz eta senez irabazi zuen urrea Budapesten. Jakin izan zuen nola eutsi alemaniarraren erasoari eta bukaerarako aukeratu zuen modua beharrezko eta bakarra suertatu zen. Biomekanikak ere badu esatekorik garaipenean: beste lehiakideek denbora luzez egin zuten igeri ur gainean. Belmontek, berriz, urpean lortu zuen urrea. Lehenengo bueltan 9 metro burutu zituen. Bigarrenean, beste 9. Hirugarrenean, berriz, 10. Horrela eta hortxe eskuratu zuen urrea eman zion 35 ehunen horien aldea.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos