«Urbia babesleku izan zen 1936ko gerrako galtzaileentzat»

Jerardo Elortza, aste honetan, Oñatin./MORQUECHO
Jerardo Elortza, aste honetan, Oñatin. / MORQUECHO

Historia aztertzen, ondarea babesten eta euskararen alde egiten nabarmendu da Jerardo Elortza oñatiarra. Herrikideen omenaldia jasotzen ari da egunotan.

FELIX IBARGUTXI

«Bi hankadun entziklopedia». Honela definitu izan dute Jerardo Elortza (Oñati, 1944). Haren omenez kultura astea ari egin dute Oñatin.

– Zu zaitugu Jerardo bakarra, izena J letraz idazten duen bakarra.

– Bai, Gerardo Markuletak behintzat G-z idazten du izena. 'Gerarta' aukera ere hor zegoen, baina ez zitzaidan gustatzen. Eta nik txikitatik izena J-z ahoskatzen nuenez, ba egin nuen beste batzuek egin zutena: Angel Anjel bihurtu zutenek bezala.

– Herri oso euskaldun batean jaiotzea egokitu zitzaizun.

– Bai, Oñatik eutsi egin dio euskarari. Hamar mila biztanletik gorako hiru herri nabarmendu dira alde horretatik: Azkoitia, Azpeitia eta Oñati.

– 1977an, beste lagun batzuekin, Bergarako UNEDeko Euskal Departamentua sortu zenuen. Toki hura inportantea izan zen, halako kultur foku bat...

– Hara jendea joaten zen Euskaltzaindiaren D eta B tituluetarako prestatzeko. Ez zen urte osoko ikastarorik egiten, ikastaro trinkoak izaten ziren. Oso famatuak izan ziren Xabier Mendigurenek, Xabier Kintanak eta Joxe Ramon Etxeberriak ematen zituzten ikastaroak.

– Eta zer irakasten zen?

– Hizkuntza eta literatura. Kontuan izan behar da, UNEDek, berez, arautu gabeko ikasketak eskaintzeko ahalmena zeukala, eta horixe aprobetxatu zen Euskal Departamentua martxan jartzeko. Gogoan izan behar dugu ordu arte jendeak ez zuela eskoletan horrelakorik batere ikasten. Gero, 80. hamarkada hasieran Euskaltzainditik Eusko Jaurlaritzara pasatu zenean euskara-tituluen eskumena, eta EGA titulua sortu, guk jarraitu genuen ikasleak prestatzen. Bi maila zeuden, EGA eta Sakontze maila. Horrez gain, beste ikastaro asko eman ziren: euskara teknikoaz, Europa Erdialdeko literaturaz (Kafka, Musil, Brecht)... Literaturgile horiei buruzko lehenengo euskarazko ikastaroak izango ziren seguru asko.

– Eta Joseba Sarrionandia ere jardun zen irakasle, gazte askoa.

– Bai, fonetikaz eta itzulpenaz.

– Orduan zeintzuk zineten departamentu hartan?

– Ni hasi nintzen, laster Juan Martin Elexpuru azaldu zen –hura ere, ni bezala, Bergarako ikastolatik pasea–, eta ondoren Xabier Pardo iruñearra eta Tere Irastortza. Laukote hori eta idazkaria –Agirre–, horixe izan zen hasierako lantaldea.

– Baina beste gauza batzuk ere egin zituen departamentu hark.

– Bai, 'Bergarako euskara' liburua atera genuen, adibidez. Nik, han, aipatzen nituen Bergarako idazleak, eta kontatzen nuen herriaren izena zein testu zaharretan azaltzen zen.

– Adibidez? Zein da lehenengo aipua?

– Hor dago Arrasateko erreketaren kantua, Bergarakoen kontra, noski. Bada beste esaera zahar bat, bergararrentzat ez oso atsegina: «Bergara, ikusi eta igara». Hau da, «ikusi eta alde egin», edo horrelako zerbait. Erdi Arotik datorren esaera da, badakizu, oinaztar eta ganboatarren liskarren garaiko esaera da.

«Humboldti buruzko tesina egin nahi nuen. Dekanoak esan zidan ez zela filologiako gaia»

«Bergarako Euskal Departamentuan Elexpuru, Tere, Pardo eta laurok jardun ginen»

«Lope Agirre araoztarra? Ez dago esaterik araoztarra zenik, eta ez zenik ere ez»

– Oñatin zer zeuden, oinaztarrak ala ganboatarrak?

– Bietatik. Eta, gaur egun bezala, bazekiten bandoz aldatzen. Baina, normalean, Gebarako kondea ganboarren aldekoa zen. Lazarraga eta Garibaitarrek Gebararekin egiten zuten bat, morroi ilustreak ziren. Eta beste bandoan Murgia eta Uribarri zeuden. Arrasaten bezala, Oñatin ere borroka batean bizi ziren.

– Eliza barruan ere nabaritzen zen borroka hori. Denek nahi zuten aldare aurrean toki onena hartu, erakusteko «ni gehiago naiz».

– Elizan egon zen borroka bat ezpata eta guzti, eta lagun bat hil. Arrazoia, betiko eztabaida: nor jarri lehenengo ilaran.

– Zu historialaria izanik...

– Et-et... Nik filologia ikasi nuen, eta gero historiako lan batzuk egin ditut zale naizelako. Nik Bilbon ikasi nuen filologia, hango mediku batek jarri zuen beka baten bitartez. Rikardo Arregik esanda jakin nuen hori zegoela. Seminariotik atera berritan, zalantzan nengoela izan zen hura. Baldintzak ziren: mutila, alfabetatua euskaraz eta Letrak ikasi nahi zuena. Orduan, normalean neskak joaten ziren Letrak ikastera.

– Alemaniar Filologia aukeratu zenuen, ezta?

– Bai, eta asko kostatu zitzaidan. Beste batzuek ezagutzen zuten alemana txikitatik, pixka bat behintzat, nik batere ez. Han nengoela, Kriselu antzerki taldean jardun nintzen, euskarako eskolak ere eman nituen, ahal zela etxekoei gasturik ez eragiteko.

– Nolatan aukeratu zenuen hizkuntza alemana?

– Humboldti buruzko tesina egin nahi nuen. Hori baino lehenago, Deustuko Unibertsitatea pribatua zenez, errebalida egin behar zenuen: 33 gai, bolatxoa atera eta gai hura garatu behar. 1972an Alemaniara joan nintzen, alemanez idatzi behar zelako tesina. Eta ehun folioko tesina egin behar izaten zen.

– Ehun folio alemanez?

– Bai. Ordu arte Humboldt ez zegoen gehiegi aztertuta, eta joan nintzen unibertsitateko dekanoarengana, hark baitzuen ahalmena tesinaren gaia onartzeko. Jesuita zen. Esan nion 'Humboldt eta Euskal Herria' gaiaz idatzi behar nuela. Beste modu batera esan banio... Eta hark: «Hori ez da filologiako tesina bateko gaia». Badakigu nolako garrantzia izan zuten Humboldtarrek, bi anaiek, Wilhelm eta Alexanderrek. Zein izan zen Wilhelmen 'akatsa'? Hona etorri eta euskara modan ipini zuela Europan. Dekanoak ezetza emanda, azkenean gai 'gorriago' batez egin nuen tesina: Bertol Brechten ondorengo antzerkiaz: Peter Weis eta.

– Oñatiko historiaren pasarte duda-mudazko bat: Lope Agirre Arao-tzen jaio zen?

– Ez dago esaterik araoztarra zenik, eta ez zenik ere ez. Berak esan zuena da Oñatikoa zela. Lope jaio zenean, hamaseigarren mende hasieran, ohikoa zen pertsonak etxearen izena eramatea, eta Agirre edo Agerre izeneko etxeak eta lagunak asko ziren. Axular bera Agerre zen. Oñatin, Agerre izeneko bi baserri ditugu, bata hor dago oraindik, Berezao auzoan, eta bestea, badakigu orduan bazegoela beste Agirre bat Araotzen, udal artxiboan agertutako agiri bati esker. Bertan esaten da ezin dela gehiago eraiki Arrikrutzen, Araozko Agirren eta Imitolan. Imitola baserri hori oraintxe erori da. Eta Loperen garai hartan Agirretar gehiago bazeuden kalean bizitzen. Zer gertatu zen Lope Araozkoa zela esateko? Horren 'errua' Iñaki Zumalde historialariarena da. 1950-1954 epean 'Oñate' izeneko aldizkaria plazaratu zen, Zumaldek halako miszelanea bat egiten zuen bertan eta, urte haietako batean, esaten du horrelako zerbait: «Oñatin bi baserri zeuden orduan Agirre izenekoak, eta ni Araozko hipotesiaren alde nago, zergatik?; araoztarrak beti izan direlako matxino samarrak, abenturazaleak». Inork ez zuen orduan aparteko ezer komentatu. Baina handik urte gutxira Academia Errante-ak bilera egin zuen Araotzen, eta han Jose Artetxek, Martín Santosek eta beste batzuek esandakoekin 'Lope de Aguirre descuartizado' liburua osatu zen, Auñamendi bilduman atera zen, eta azalean Araotz ageri zen. Zumaldek esan zien Academia Errante-koei berak adierazitakoa hipotesi hutsa zela, baina alferrik. Hor dugu kasu bat nola hipotesi bat bihurtzen den tesi ziurra. Gaztelaniaz ere esan ohi da: «Una hipótesis curiosa en poco tiempoi¡ se convierte en tesis rigurosa».

– Beraz, Oñatikoa zela esango dugu, eta kitto.

– Gauzak gehiago nahasteko, badakizu Aramaioko bertsioa ere agertu dela, Julen Arexolaleibaren bitartez. Hor badago Ibarguen-Cachopin izeneko kronika, hamaseigarren mendekoa. Famatua egin zen bere garaian bertan 'Leloren kanta' agertzen zelako. Arexolaleiba honek esaten du kronika horretan badagoela Loperen antza daukan gizon bat: Aramaion jaiotzen da, barrabaskeria bat egin eta gero Gasteiza doa. Gero, Ameriketan dagoela, alaba hiltzen du, Lopek bezala… Berba egin izan dugu elkarrekin. Nik esaten dudana da: Felipe II.ari idazten dion eskutitz horretan zertarako ezkutatu behar zuen bere jatorria Lopek? Gizon horrek dena galdua zuen, bazekien ez zuela barkamenik izango.

– Juan Perez de Lazarragak, gure poetak, egin ote zituen ikasketak Oñatiko unibertsitatean?

–Ez dakigu. Badakigu tarteko bat, Esteban de Garibai, ibili zela, unibertsitatea sortu berritan.

– Izan al zinen 1968ko Arantzazuko biltzarrean?

– Bai eta ez. Izan nintzen, baina ez naiz ageri argazki hartan. Bitxia da: argazki bat baino ez dago, guztiok ezagutzen dugun hori. 1956an beste biltzar bat egin zuen Euskaltzaindiak Arantzazun, eta orduko argazki gehiago daude. 1968 biltzarra urrian izan zen. Kontua da ni Frankfurten nengoela abuztu hartan eta ez nekien bueltatu ere egin behar nuen. Zeren pisukide izandako bi lagun Martutenen zeuden preso, beste bi deportatuak, beste bat hanka eginda... Badaezpada, lehenbizi Bartzelonara joan nintzen, eta handik Euskal Herrira. Gero, Oñatitik gora, autostopez joan nintzen Arantzazura.

–Inoiz entzun dizut Urbia toki garrantzitsua izan dela abertzaleentzat.

– Bai, Urbia babesleku izan zen 1936ko gerrako galtzaileentzat. Hara joaten ziren, batzuk mendizale zirelako, besteak kaleko giroa itogarri zitzaielako. Han mendialdean lasaiago hitz egin zezaketen. Nik, adibidez, Urbian jakin nuen gerratean zer gertatu zen, San Ignazio egunean hara joaten nintzelako gurasoekin. Entzuten nituen gudariekin edo errepublikazaleekin ibilitakoen kontuak... Badakit Karla Linazasoro 'Altzeta' jeltzalea ere –Iñaki Linazasororen aita, Karlos Linazasororen aitona– sarri izaten zela Urbian. Peña Basurto ere –Peña Santiagoren aita, ANVkoa izandakoa– han ikusten nuen Oñatiko mediku batekin... Nik han entzun nien batzuei nola trenez Puerto de Santa Mariaraino eraman zituzten trenez, edatekorik ez eta beren txiza hartu behar...

–Debekatuta zegoen garaian ikurrina franko ipini ohi ziren han Urbia aldean.

– Ni gogoratzen naiz behin Urbitik behera nentorrela nola bat kanta-tzen ari zen, txistuka, 'Agur Zuberoa'. Pentsa, Etxahunek 1948an sortu zuen kantu hori, eta nik handik hiru-lau urtera entzungo nuen, 1951-52an!

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos