Unibertso bakarra edo multibertsoa?

'Siete deseos' filmeko irudia.
'Siete deseos' filmeko irudia.

Gero eta oihartzun handiagoa du multibertsoaren teoria kuantikoak. Ez da bakarrik zientzialarien burutazioa. Idazle askoren lanetan agertzen hasi da, bainta beldurrezko hainbat film fantastikotan ere

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Zertan datoz bat, zertan dira berdin Kenzaburo Oé Nobel saridunaren 'Una cuestión personal' agoniaz gainezka den nobela arras krudela eta estreinatu berria dugun Barbara Marshall gidoigilearen eta John Leonetti zuzendariaren 'Siete deseos' film halamoduzkoa baina zeharo burlatia? Nola leike hain ezberdinak izanez asmoz, estiloz, garaietan (pelikula gaur egungoa da, liburua, aldiz, 1999koa) zerbait partekatu izana?

Biek erabiltzen dute aise, airos, kezkarik gabe, baliabide artistiko gisa teoria bera: Multibertsoarena; antza bastante ondo ezagutzen dugun Unibertso bakar gurea biderkatzen duen ideia kuantiko estrainio eta erakargarria.

Zientzialari anitzen arabera, guretik kanpo eta urruti leudeke unibertso horiek. Horren urrun diren eremuetan ezen sekulan ez ditugun ezagutuko. Sekulan ez gara haraino iritsiko. Horrela pentsatzen dute, esaterako, Andrei Linde eta Alan Guth fisikariek. Euren lankide goi mailakoak diren Paul J Steinhardten eta Neil Turoken iritziz, unibertso horiek izan badira, baina denbora desberdinetan aurkitzen dira. 1999an zendu zen Dennis W. Sciama kosmologoaren eta Bostoneko MITen Oinarrizko Galderen Institutuko zientzia zuzendaria den Max Tegmarken ikerketaren eta hausnarketaren arabera, beste kosmos horiek ez dute zerikusirik gureak diren espazio eta denborarekin .

Antartidan kokatuta dagoen BICEP2 teleskopioa. Gainerako guztiak, bezala, mugatua. / STEFFEN RICHTER

Badira zientzialari asko Unibertsoa bakarra izan zela eta dela baina sortu zenetik hamaika big bang suertatu direla probatu nahi dutenak. Big Bang horiek zatitu zuten Unibertso hora. Barreiatu kosmosean zehar. Urrundu. Gurea dela uste dugun honetatik deskonektatu puska handi horiek. Guk teknologiak lagundurik beha dezakegun Unibertsoaren irismena 43.000 miloi argi urtekoa da. Hortik kanpo geratzen den guztia beste kosmos bat litzateke. Halere, gure denboran eta espazioan legoke. Printzipioz, bederen.

Lau kosmos proposatzen ditu Tegmarkek. Espazio infinituak osatua, bata. Guk behatzen dugunaz gain, gure ostertz kosmikotik at lirateken beste kosmos mugagabeak aurkituko lirateke bertan. Bigarren batean, big bang askoren eraginaz ezaugarri fisikoak zeharo ezberdinak lituzketen beste hainbat lirateke. Hirugarrenaz mintzatzerakoan, zera dio MITeko zientzilariak: edozein aldaketa/bariazio kuantikok kosmos osoaren banaketa sortarazten du. Beraz, bariazio horiek kosmos horien guztien bertsio infinituak lirateke. Laugarren multi/anitzbertsoa kosmos horien gailurra edo goren-maila litzateke. Denboraz eta espazioaz kanpo legoke eta bertan, matematikak errealitate fisikoak bilakatuko lirateke.

Hori gaurko eta biharko zientziaren teoria da baina ikerketa eta hausnarketa horiek guztiek zentzia fikziozko galdera eta gai mila ekarri dituzte: gure unibertsotik banantzen diren kosmos infinituenetako bakar batean bizi gara gu, bai. Baina litekeena da beste horietan gure kopiak diren izakiak bizitzea? Literatura fantastikoak hainbestetan plazaratu duen doppelgänger hori benetakoa ote da beste munduetan? Biziko gara gu ez/bai garen gu horiek beste kosmos horietan? Biziko al dugu han, haietan bizitza hau edo izango ditu horrek ere bariazioak? Hilko gara gu unibertso batean baina iraungo dugu (genuke) bizirik bestean? Eta hala bada, non bizirik, zeinetan hilik? Noren konpainian han, zeinen gabezian hemen?

Kenzaburo Oé idazle japoniarra, 2012ko argazkia. / EVERETT KENNEDY BROWN / EFE

Justu joku jolas oldakor eta samin horietan egiten dute topo Kenzaburo Oéren lanak eta Marshallen eta Leonettiren filmak. 'Una cuestión personal'-eko pertsonaia den Himiko emakumeak, bizitzaz eta sexuaz asko dakienak, kotxe azkar baten gidari, gauez bakarrik ateratzen den filosofo azkarra, tunel ilun batean galduta den Bird protagonistari mundu paralelo horiek zer diren azaltzen saiatzen da: «Gu biok beste era batez existizen gara ere unibertso ezberdinetan. Oraintxe bertan! Pentsa ezazu. Izan ditugu hil ala biziko hainbat une. Somatu dugu batzuetan Herio hurbil genuela. Baina eutsi egin diogu bizitzari. Jakin gabe beste unibertso batean instant berean gu zen beste gu forma bat hiltzen zela. Bizitzaren eta Heriotzaren arteko gurutzebidean gauden bakoitzero bi unibertso irekitzen dira. Unibertsio batean maite/gorrotatu/ezagutu ditugun horiek bizirik darraite. Eta gu aldamenean gaituzte. Bestean zendu dira eta guk, hemen jarraitzen dugu. Berariek gabe. Baina bi kosmos horiek batera existizen dira».

Baina zenbat aldiz eta zenbat unibertsotan hil gaitezke ezagutzen dugun honetan hil gabe? Ba al da guretzat (garen hori/horiek garela ere) azken kosmosik? Horren inguruan egiten dute hitzaspertua 'Siete deseos' filmaren protagonista biek. Izan ere, flirtean ibiltzen dira multibertsoa aitzaki hartua…

Hortan datoz bat Nobel saridun baten lan preziatua eta horren txarra ez den beldurrezko filma, Multibertsoaren misterio hondogabean.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos