«Umorea edozer gauzari buruz egin daiteke, baina batzuetan denbora pixka bat behar da»

Umorearen talaiatik bestela ikuksten omen da bizitza./IÑIGO SÁNCHEZ
Umorearen talaiatik bestela ikuksten omen da bizitza. / IÑIGO SÁNCHEZ

Bizitza hobetzeko, ez dago umorea bezalakorik. Elkarbizitza hobetzen ere laguntzen du. Horrekin erabat sinestuta dago Idoia Torregarai. Eta jauzia egitera ausartzen denari eskua luzatzeko prest

NEREA AZURMENDI

«Formazioz kazetaria eta gidoilaria, praktikaz komunikazio-arduraduna eta bihotzez umore-zalea». Horrela aurkezten du bere burua Idoia Torregarai Martija (Usurbil, 1974) Barretartia-ren sortzaileak.

-Barretartia Umore Zerbitzuak. Ez dut oso ondo ulertzen kontzeptua.

-2012an blog bat sortu nuen, eta hasi nintzen gauzak igotzen. Hari esker hainbat hitzaldi eman nituen, hasi ziren iristen formazio-eskaerak. UEUtik nator, eta umoreari buruzko ikerketak jasotzen eta jarraitzen ere hasi nintzen, clown ikastaroak egiten... Halako batean, umorearen ingurukoak gero eta gehiago ezagutzeko nahiarekin batera, piztu zitzaidan umorea gero eta ezagunago egiteko eta pixka bat prestigiatzeko grina. Eta guzti hori euskaraz egiteko eta betaurreko (u)moreak jantzita egitekoa... Nolabait esateko, hori guztia paketatu dut Barretartia Umore Zerbitzuetan. Sorpresa ere eragiten du, jendeak galdetzen du 'zer ote da hori?'.

-Erakusten du, besteak beste, umorea ez dela bakarrik txistea.

-Ez, jakina, ez da bakarrik txistea, ez da bakarrik barrea, bizitza ikusteko modu bat da umorea.

-Zuk jaiotzatikoa duzu bizitza umorez ikusteko gaitasuna?

-Aita izan zen Usurbilgo txiste kontalari ofiziala, eta ikusi nuen nola maitatzen zuen jendeak, ze toki zeukan umorearen bidez. Amarengandik ere positibismo hori jaso genuen, aurrera egiteko gaitasuna, eta umorez egitekoa gainera. Txikitatik izan nuen eragin hori, baina nerabezaroan hartu nuen kontzientzia. 13-15 urterekin, hasten zarenean zure identitatea bilatzen... Segituan konturatu nintzen ez nintzela sekula izango kuadrillako guapa. Orduan pentsatu nuen graziosoa izango nintzela. Ondo funtzionatzen zidan txispa horrek, eta orduan ikusi nuen modu kontzientean umoreari eskutik helduta ba neukala ni izateko modu bat.

-Berezko grazia ez duenak, ikastea badauka?

-Umorea giza gaitasun bat da, jaiotzen garenetik daukaguna. Ikerketak daude hori frogatzen dutenak, eta ikustegia besterik ez dago zein goiz hasten diren haurrak barrezka. Hortaz, gainerako gaitasun guztiak bezala, landu daiteke. Akaso ez zara iritsiko onena izatera, baina balioko dizu hobeto bizitzeko. Garrantzitsuena nahi izatea da.

-Normalean, ordea, landu beharrean moztu egiten da umorea, estali. Ume txistosoek, eskolan-eta, maizago jasotzen dituzte zigorrak txaloak baino.

-Horrek lotura zuzena du hezkuntza ereduarekin. Unidirekzionala denean, irakasleak bota eta ikasleak jaso, autoritate arazoak sortzen dira. Umorea bada autoritatearen kontrakoa, eta batzuek uste dute umoreari tartea egiten badiote galduko dietela errespetua, galduko dutela haien tokia. Nagusia izaten jarraitzen duen eredu hori puskatzea zaila da, eta horregatik nire lehenbiziko apustuetako bat da irakasle eta hezitzaileekin lan egitea. Ikasi dutena deseraikitzen dutenean ikusten dute umorea estrategia izugarri ona dela ikastetxerako. Arreta mantentzen laguntzen du; jakintzak gehiago gelditzen dira; talde kohesioa eta errespetuzko harremanak sustatzen ditu, giroa hobetzen du...

- Eskaintza hor dago, eskaria zer moduz?

- Oso ondo, harrituta nago, ezingo nuke hasiera hoberik pentsatu. Ikastaroetan lantzen dugu nola sartu umorea hezkuntzan, eta ikusten dute hori guztiak ikas daitekeela, lagungarria izan daitekeela. Autoritatea galtzeko beldur dena ez da egongo salto hori egiteko prest, baina zerbait aldatu nahi baduzu, umorea izan daiteke horretarako estrategia oso ona. Eta ez naiz ari txisteak kontatzeaz.

-Zertaz ari zara, ba?

-Umorearen dimentsio desberdinez. Aurrenekoa da hautematea, eguneroko bizitzan umorea edozein tokitan pertzibitzeko gaitasuna izatea. Bigarrena, elkar harremantzeko erabiltzea, berdinen edo desberdinen arteko harremanak umorearen bidez eraikitzen ikastea. Beste bat izango litzateke erresilientzia esaten zaion hori, ikustea zein paper joka dezakeen umoreak bizitzak dituen momentu gogor horiek gainditzeko.

-Erresilientzia izen potolo eta serioa da.

-Bai, prestigioa ematen dute horrelako hitzek. Eta prestigioa ez baduzu, behar duzu horrelako hitz bat, edo ingelesezko bat.

-Akaso aurkako gutxiespen kanpainaren zati izango da, baina espontaneotasunarekin lotu izan da umorea. Gauzak horrenbeste sistematizatzeak eta lantzeak ez dio naturaltasunik kentzen?

-Umoreak espontaneotik badauka, baina ez da hori bakarrik. Begira bertsoa. Espontaneoa da, baina ikasi egin behar duzu. Nik izan dezaket kristoren espontaneotasuna, baina ez badakit zortziko txikian nola doazen errimak, alferrik da. Umorearekin ere hori gertatzen da.

«Batzuek uste dute umoreari tartea egiten badiote galduko dietela errespetua, galduko dutela haien tokia»

«Kasu askotan, umorea kritika egiteko baliabide bakarra izan daiteke»

-Gero daude umore motak, koloreka ere sailkatzen direnak. Zu ze koloretakoan mugitzen zara?

-Niri umore eraikitzailea gustatzen zait, sormena lantzeko, deskargatzeko, kritika egiteko balio duena. Baina, batez ere, erreparatu behar zaio norabideari, umorearen nork-nori horri. Botere edo pribilegio gune batetik egiten bada, egoera berean ez dagoen pertsona edo talde bati zuzendua, umore zapaltzailea da. Beste bat da berdinen artekoa, eta hor elkarri zirtoka dabiltzanek jarriko dituzte mugak. Behetik gora egiten denean -herriak gobernuari, emakumeak gizonari, beltzak zuriari...-, kritika da, eta askatzailea izan daiteke. Kasu askotan, umorea kritika egiteko baliabide bakarra izan daiteke.

-Gaur egun tentu handiz ibili behar da kontu horiekin...

-Bai, hegoak mozten ari dira alde horretatik, oso deserosoa eta oso eraginkorra delako.

-Onerako nahiz txarrerako, sare sozialetan gertatzen ari denari erreparatzea besterik ez dago.

-Hor ikusten ditugun memeak-eta, gehien-gehienetan, behetik gorakoak dira, eta ari da sortzen dinamika bat kontrolerako izan daitezkeen baliabideak saihesteko. Dena den, hor ere oso kontuan izan behar da norabidea. Ikaskide batek beste bati bullyinga egiteko baliatzen badu, umorea izanda ere zapaltzailea izango da beti.

-Edozein gauzari buruz egin daiteke umorea?

-Kazetari naizen heinean eta adierazpen askatasunean sinesten dudan heinean, baietz esango dut. Edozer gauzaz egin beharko litzateke, edo egiteko eskubidea izan beharko genuke. Beste kontu bat da nik ze umore egingo dudan nire pentsamendua eta nire kode deontologikoa kontuan hartuta. Eta nik ez dut denetik egingo, saiatuko naiz goitik beherako umorerik ez egiten.

-Eta zuzentasun politikoarekin topo egiten duzunean, zer?

-Zuzentasuna kortse bat bilakatzen denean, ez da ari bere lana egiten.

-Umorea gauza serioa dela eta aurrena nork bere buruari barre egin behar diota esatea topiko hutsetan gelditzea da?

-Ez dakit serioa den, edo seriotzat jotzean umorearen balioa areagotzen duen. Dakidana da baliabide oso erabilgarria dela, maila askotan. Eta bigarren kontuari dagokionez, ez dut zalantzarik. Aurreneko urratsa zure buruari barre egitea da. Oso askatzailea da, eta asko laguntzen du hainbat egoeratan.

Mirari Martiarenarekin, joan den urtarrilean, Oiartzunen.
Mirari Martiarenarekin, joan den urtarrilean, Oiartzunen. / BASTEROBERRI

-Teoriaz ari gara, baina umorea praktikatu ere egiten duzu, plazaz plaza.

-Bai, Mirari Martiarena eta biok ibiltzen gara. Gure ardatzak dira alde batetik euskara, eta bestetik emakumea. Bi emakume gara gure gauzataz, emakume gauzataz, mintzatzen garenak, euskaraz eta umorez. Orain arte emakumea izan da ia beti objektu eta, beste gauza askotan bezala, bageneukan emakume bezala eta emakume klabeetan oholtzara umorea egitera igotzeko gogoa. Zenbat aldiz barre egin behar izan dugu batere graziarik egiten ez zizkiguten txisteekin... Txisteetan erruz ateratzen dira zakilak eta potroak, eta zeuk barre egin behar duzu; algaraka ez, barretxoa, emakumeoi beti neurritasuna eskatzen zaigu. Baina zuk ateratzen baduzu alua edo hilerokoa, inkomodidadea sortzen da... Hori aldatzeko gogoa daukagu.

-Zer moduz doakizue?

-Oso ondo. Batez ere emakumeak inguratzen zaizkigu, gizonezkoak gutxiago, baina poz-pozik gaude erantzunarekin. Umorean ere badago zakilismoa, eta hori aldatu egin behar da. Haurrei betiko txisteak kontatzen badizkiegu, ia konturatu gabe betiko gizarte-patroi eta ikuspegi horiek transmitituko dizkiegu. Asko egin daiteke umoretik gauzak aldatzeko.

«Mirari Martiarenak eta biok bageneukan emakume bezala eta emakume klabeetan oholtzara umorea egitera igotzeko gogoa»

«Euskaraz egiten den umorea egon badago, baina ez dauka ezaugarri propiorik, etorri zaizkigun beste ezaugarri horiek irentsi ditugula dirudi»

-Beste espezie gutxietsi bat: euskalduna. Euskaldun bat protagonista duen txiste bat egiteko, kasurik onenean, nahikoa da gaztelania trakets ahoskatzea eta amaieran 'kauen zotz' jartzea.

-Lehen esan duguna da... Azkenean pribilegio egoeran dagoen norbaitek, kultura eta hizkuntza hegemonikoak, ahulagoa edo txikiagoa den norbaiten bizkar egiten du barre.

-Zer egingo dugu horren hedatuta dagoen joera horrekin?

-Nik ez nuke debekatuko, noski, baina ez nuke umore mota hori praktikatuko edo txalotuko, goitik beherakoa delako. Ez da esan behar 'hau ez', baizik eta gogoeta egin, eta txip hori aldatu.

-Geuk ere lotu izan dugu umorea arlotekeriarekin, hizkera jakin batekin... Hori teorian horizontala izango litzateke. Ez genuke berrikusi beharko umorearekin eta geure buruarekin dugun harremana?

-Hori ari da ia gertatzen. Uxoa Anduaga soziologoak, adibidez, aztertu du umorearen eta eraikuntza nazionalaren artean dagoen harremana. Aipatzen du XIX. mendean nazionalismoa-eta sortzen direnean, bereizten hasten direla 'ni'-a eta 'zu'-a. Azkenean, bestearen begiradak zu ere blaitu egiten zaitu, eta estereotipo horiei heltzen diezu. Uste dut umore-kultura behar dugula. Euskaraz egiten den umorea egon badago, baina ez dauka ezaugarri propiorik, etorri zaizkigun beste ezaugarri horiek irentsi ditugula dirudi. Nik aldarrikatzen dudana da beste era bateko umorea egin nahi dudala. Genero kontuetan emakume asko saiatzen ari gara ikasi duguna desikasten, eta hemen ere gauza bera egin beharko litzateke. Ikusi nolako umorea egiten den, zertan oinarritua, eta gogoeta egin.

-Bide hori egiteko, baduzu hurbileko erreferenterik?

-Bertsolaritzaren munduan, esate baterako, Onintza Enbeita, eta Maialen Lujanbio bera. Aitziber Garmendia egiten ari den umorea ere oso interesgarria da, eta Kike Amonarriz batena... Egiten duen umorea ez da inoren kontrakoa, oso bide polita ari da egiten. Horiez eta beste zenbaitez gain, niri izugarri gustatzen zaizkit #hitzokei traolaren inguruan hizkuntzarekin egiten diren jolasak.

-Umoreak gauzak aldatzeko duen gaitasuna aldarrikatu duzu. Aste honetan gauza inportanteak gertatu dira. Hasten den etapa honetan, egin dezake ekarpenik umoreak? Noiz hasi ahal izango gara ETAri buruzko txisteak egiten?

-Ekarpen handia egin dezake. Umoreak laguntzen du sendatzen, naturalizatzen, elkarrekin bizitzen... Begira Zaldieroak egin duen lana, aspaldi hasi zen bere tirekin gaia modu umoretsuan lantzen. Beharbada ni ere segituan hasiko nintzateke, baina uste dut behar dugula denboratxo bat oraindik, besteak beste badaudelako gai puntualen batzuk ez dutenak laguntzen. Esan ohi da komedia dela tragedia gehi denbora. Umorea edozer gauzari buruz egin daiteke, baina batzuetan denbora pixka bat behar da. Dena dela, ausartu beharko ginateke, umorea erabiltzen hasi, nahiz eta hasiera batean pribatuan izan. Pila bat lagunduko liguke, sinestuta nago.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos