Egitarau bikaina prestatu du udazkenerako Balenciaga Museoak

Toby Meadows aholkulari eta enpresaburuak emango du modan lehen urratsak eman nahi dituztenei zuzendutako ikastaroa.

Sasoi berriari ekiteko, datorren asteburuan musika eta dantzarekin erlazionatutako jarduerak eskainiko dira

Modan lehen pausoak emateko ikastaroa, ohikoak diren 'Do It Yourself' tailerrak, familiei zuzendutakoak… Programazio erakargarria prestatu du Getariako Balenciaga Museoak udazkenerako, musika eta dantza protagonista izango diren urriko zubi honentantxe hasita. Hala, datorren larunbatean, hilak 14,Sara Mansilla donostiarrak kontzertua eskainiko du. Folk eta soul ukituak dituen abeslaria arratsaldeko 18:00etan ariko da museoan, sarreraren barruan sartzen den doako emanaldia eskainiko duelarik. Museora sartzeko sarreraren barruan dago, halaber, igandean, urriak 15, egingo den dantzaz lagundutako bisita gidatu ezohikoa. Museoan egin ohi diren bisita libreen edo gidatuen aurretik egingo da eta, bertan, dantzariek egingo dituzte gidari lanak ibilbidean zehar, eta dantza erabiliko dute Cristóbal Balenciagaren irudi eta obrarekin erlazionatutako edukiak interpretatzeko.

Lehen urratsak modan

Bestalde, modaren munduan hasi nahi dutenek eta Getariako maisuaren bideari ekin nahi diotenek berariazko prestakuntza jaso ahal izango dute, ikastaroa antolatu baitu museoak Balenciagak Donostian lehen negozioa ireki zuenetik ehun urte bete diren honetan. Izan ere, Balenciagak 1917an ireki zuen lehen tailerra, Donostian, 22 urte baino ez zituela. Hogei urte geroago joan zen Parisera, eta han bihurtu zen nazioarteko goi-mailako joskintzaren maisu, baina Balenciaga gazteak sormen eta enpresa abentura hura hasi zueneko momentua izan zen ondoren etorriko zen guztiaren abiapuntua.

Gainera, 80 urte bete dira Pariseko George V Boulevarreko 10. zenbakiko etxe ospetsua ireki zuenetik. Donostia eta Paris arteko bidaia horretan, geldialdiak egin zituen Madrilen (1933) eta Bartzelonan (1935). Etxe berriak ireki zituen, nazioz gaindiko negozio-eredu bat sortuz; hori ezohikoa zen Pariseko goi-mailako joskintzan. 1968an, lana ematen zien 2.000 pertsonari, gutxi gorabehera.

"Egun, modaren industria aldaketa handiak bizitzen ari da. Horrela, modaren munduan lehen pausoak emateko, zenbait desafio eta aukerari aurre egin beharra dago; horiei aurre egin beharra dago, sektorean burua arrakastaz sartzeko", dio ekimenaren berri emateko zabaldu duten oharrak. Modan lehen pausoak emateko ikastaroa azaroaren 17, 18 eta 19an izango da. Toby Meadows aholkulari eta enpresaburuak, 'How to Set up & Run a Fashion Label' best sellerraren egileak, eskainiko du, London College of Fashion-ek lagunduta.

Ikastaroa moda diseinuko eta jantzigintzako, diseinuko eta Arte Ederretako ikasle, graduatu eta profesionalei zuzenduta dago. Horrez gain, gauza berriak ikasteko eta ezagutza handitzeko helburua duten pertsonek ere aukera izango dute parte hartzeko, modaren munduan duten enpresa-ideia aurrera eraman dezaten. Plaza mugatuak daude, eta inskripzio-epea urriaren 31n amaituko da.

Urriaren 28 eta 29an, berriz, oihal estanpatu digitalari buruzko ikastaro teoriko-praktikoa burutuko da. Rachel L. Mellon Collection erakusketan jasotako ereduek argi erakusten dute Balenciagak oihal estanpatuengatik zuen gustua, batez ere, egunerokotasunerako eta osagarrietarako. Diseinatzaileak erabilitako estanpatuak momentuko oihal-diseinatzailerik onenek sortu, eta Europako fabrikatzaile onenek egin zituzten; gainera, estanpatu horiek motibo grafiko handiak, eta lore itxurako diseinu eta diseinu geometriko abstraktuak zituzten ezaugarri.

Ildo horretan, Gabriela Muñagorri artistak lehen urratsak proposatzen dituen tailer teoriko-praktikoa eskainiko du. Alderdi teorikoak estanpatu digitalen teknika eta teknika horren diseinurako aplikazioak erakutsiko ditu, baita egungo tresna digitalek eskaintzen dituzten aukerak ere. Alderdi praktikoak zenbait estanpatu-diseinu edo -patroi sortzea izango du helburu.

Ekimen guztiei buruzko informazio zehatzagoa museoaren webgunean aurki daiteke.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos