txikia hazi egin da

25 urte dira Lazkao Txiki hil zela. Igande honetan omenaldi egingo zaio jaioterrian bertsolari handiari

Bizi-bizirik jarraitzen du Lazkao Txikiren memoriak Lazkaomendi bailarako Abaliñe baserrian./IÑIGO SÁNCHEZ
Bizi-bizirik jarraitzen du Lazkao Txikiren memoriak Lazkaomendi bailarako Abaliñe baserrian. / IÑIGO SÁNCHEZ
Felix Ibargutxi
FELIX IBARGUTXI

Duela gutxi, hilaren 3an, 25 urte bete ziren Lazkao Txiki hil zela. Urtero izaten da haren oroimenezko ekitaldia Lazkaon, baina igande honetan, apirilak 15, egin behar dutena berezia izango da benetan. 66 urte zituela zendu zen Lazkao Txiki, ospitalean bihotzean ebakuntza egin eta atzera esnatu ez zelarik. Azkeneko saioa 1993ko urtarrilaren 24an egin zuen, Bertsolari Eguneko jaialdian, eta hain zuzen ere hurrengo egunean sartu zen ebakuntza gelan.

Hutsune galanta utzi zuen Jose Migel Iztueta Kortajarena Lazkao Txikik, ez baitzen bertsolari soil eta arrunta. Bazen kontalaria ere, bazen hamaika lagunarte alaitutakoa.

Lazkaon, Lazkaomendi bailarako Abaliñe baserrian jaio zen 1926an. «Jaio, Lazkaomendin, hazi inon ez», esan ohi zuen. Gurasoen etxe hartan bizi izan zen, harik eta, bizitzaren azken etapan, Zaldibian baserri bat erosi zuen arte, handik aurrera haraxe joaten zelarik lo egitera.

Baina Abaliñe beti izango da Jose Migelen etxea. Ilobek zutik eutsi diote eraikinari eta, batez ere, Jose Migelen gelari. Hantxe dago sehaska –ondorengo ilobena ere izan zena–, hantxe arropak –armairuan zintzilik–, liburuak, plakak, garaikurrak, agendak...

Sufritutako gizona

Hura hil eta gero, ilobek agendak ireki zituzten eta izan zen ustekaberik. Bazeuden tartean kobratu gabeko txekeak ere. Lazkao Txiki pertsona oso berezia izan zen, artista hutsa, baina baita narrats xamarra ere. Lehengo bertsolarien estereotipotik gertu ibili zen: ordu asko etxetik kanpo, batzuekin eta besteekin juntadizoak, bertsoa beti pronto... «Kolesterola altua zeukan, ez zuen bere burua zaintzen, eta nik esan nion medikuari gizon hura ez zegoela ebakuntza egiteko moduan, baina...», adierazi digu iloba batek.

Medikuak esan zion: «En esta operación, solo fallan uno de cada cien casos». Eta Lazkao Txikik erantzun: «¿Y si ese uno soy yo?».

Donostiako Poliklinikan egin zioten ebakuntza. Anestesia ipini behar zionari honela mintzatu zitzaion: «Zuk lo jarriko nauzu, baina nork jarriko du despertadorea?».

Apaiza azaldu zitzaion gelara, baina segituen uxatu omen zuen. «Zer zatoz, denak despeditzera?», esan omen zion, hotz. Ez zen batere pertsona elizkoia izan.

«Gai handietan ere handia zen. Lirismo paregabea erakusten zuen aukera ematen zitzaionean» joxe mari aranalde, bertsolaritzan aditua

«Etxean ez zuen kantatzen. Etxe barrurako alferra deitzen genion. Bazuen utzikeria joera bat» felipe barandiaran, iloba

«Ditxolari ere bazen. Horretan ere dohain aparta zuen. Joxe Migel jenio bat zen» mikel mendizabal, bertsolaria

Beste apaiz batek, Joxe Mari Aranaldek –2005ean zendutako bertsolaritzan aditu handiak– ongi ezagutu zuen Jose Migel, eta hau utzi zuen idatzita: «Bere buruarekiko eta bere egoerarekin ere sufritzen zuen. Gehiegitan haserretzen zen bere buruarekin. Sentikor samarra ere bazen, eta gauza askorekin minberatzen zen».

Lehengo larunbatean egin genuen bisita Abaliñera eta bertsolariaren hiru ilobarekin jardun: Martina, Trini eta Luis Mari. Hirurak buru argikoak, hirurak osaba oso maitea izandakoak. «Txikiak ginenean zenbat kontu esan zigun! Asko gustatzen zitzaion ilobekin hizketaldiak egitea. Auñamendiko entziklopediako bazkide zen eta, tomo bat iristen zenean etxera, hantxe egoten ginen, berak liburua zabaldu eta guri gauzak erakusten eta esplikatzen», adierazi ziguten bilobok.

Manuel Lasartek 'Lazkao Txiki gogoan' liburuan esan zuenez, hamazazpi urte zituenerako irakurrita zeuzkan goitik behera Orixeren eta Lizardiren lan guztiak.

Irakurle saiatua

Abaliñen daude, Jose Migelen gelan, hark erositako liburuak. Nabarmen-nabarmen –sorta luzeak baitira–, Auñamendiko entziklopedia, Barandiaranen obra guztien bilduma, 'Euskal Erriaren Yakintza', Auspoa bildumako hainbat ale...; eta Orixeren 'Euskaldunak', Martin Ugalderen 'Nueva síntesis de la Historia del País Vasco', 'Fernando Amezketarra', Hiztegi erotikoa, Joan Mari Torrealdairen 'Euskal idazleak gaur'...

Beste liburu batzuk Zaldibiako Gurutzeta baserrian zeuzkan. Lehenbizi harakin batekin erosi zuen erdi-bana eraikin hura, gero zerriak ipin-tzekotan. Ondoren osorik erosi eta, halaxe, aspaldiko ametsa gauzatu. Harro zegoen.

Irakurle saiatua zen Lazkao Txiki, eta gustatzen zitzaion grabagailuarekin soinuak jasotzea eta kamerarekin irudiak. Izan zuen, argazki-kameraz gain, super8-ko gailutxoa ere. Ilobek adierazi digutenez, sarri joaten zen etxe aurreko basora txorien kantuak grabatzera; eta bere puzkerrak ere grabatzen omen zituen.

Bertsolaria, 1991eko argazkian.
Bertsolaria, 1991eko argazkian. / USOZ

Lazkao Txiki herriaren gogoan gelditu da, bertsoengatik ez ezik, baita ateraldiengatik ere. Hil eta gero marrazki bizidunak egin zituzten 1997an, gero Euskal Telebistaren bidez ikusi zirenak. Noski, haren ateraldiak ziren telesaio haien ardatz.

Tokia
Lazkao Txiki Zelaian, 12:30ean hasita.
Bertsolariak
Mikel Mendizabal, Millan Telleria, Aitor Sarriegi, Iker Zubeldia, Altzo Txiki, Iban Urdangarin eta Iñaki Murua. Trikitia lagun, koplatan ariko dira. Eta bertsolari gazteago batzuk: Aratz Igartzabal, Eneko Araiztegi, Mikel Tapia, Gorka Maiz, Endika Igartzabal.
Musikariak, dantzariak
Herriko abesbatza eta dantzariak.

Duela gutxi, Euskal Telebistak saioa egin zuen, heriotzaren 25. urteurrena zela eta. Iñaki Murua izan zen elkarrizketatuetako bat, eta eskatu zioten pasadizoren bat kontatzeko. Gabiriako bertsolariak berriro esan zuen hamaika aldiz kontatutakoa: «Goierriko Bertso Eskolaren hamargarren urteurrenean, pentsatu nuen berari elkarrizketa egitea. Bageneraman denbora dezente hizketan eta nik orduan galdera: 'Nola ikusten duzu zeure burua?'. Eta berak: 'Ispiluan'. Nik hamabost egun pasa galderak pentsatzen eta hark segituan kolpea!»

ETBko saio horretan, Eñaut Agirre hernaniar bertsolariak gure protagonistaren bertso bat kantatu zuen. «Bertsolari gutxi izango dira horrenbeste bertso gogoangarri utzitakoak», esan zuen Agirrek, eta ondoren Jose Migelak kukuari eskainitako alea berritu: «Kukua beti etortzen zaigu apirila inguruan, / eta geroztik hor ibiltzen da / kuku hemen da kuku han / kalendariorik ez izan arren / gizonak duen moduan / berak bakarrik ikasitzen du / noiz etorri ta noiz juan».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos