Txapelketa Nagusiko final laurdenak, azken txanpan

Orain arteko saioetan bete egin dituzte aretoak entzuleek. / ALBERTO ELOSEGI

Asteburu honetako bi saioan Zallan eta Zumaian jokatuko dira, hurrenez hurren

Txapelketa Nagusia aurreneko urratsetatik hasi dutenen artean, zein beste bi bertsolari elkartuko zaizkie orain arte jokatutako hiru final laurdenetan hurrengo faserako zuzenean sailkatu diren Alaia Martin, Jon Martin eta Oihana Iguarani? Erantzuna, Zallan eta Zumaian, bertan jokatuko baitira hurrengo final laurdenak larunbat eta igandean.

Larunbatean, Zallako Mimetiz pilotalekuan izango da saioa eta igandean, aldiz, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Bi saio hauekin azken txanpan sartuko dira final laurdenak.

Zallako saioan, oholtza gainean ariko dira Eneko Abasolo 'Abarkas", Jone Uria, Miren Amuriza, Odei Barroso, Oihane Perea eta Onintza Enbeita. Idoia Anzorandia izango da saioko aurkezlea. Zumaian, berriz, hauxe da oholtzaratuko den seikotea: Arkaitz Oiartzabal 'Xamoa, Asier Otamendi, Ibon Ajuriagojeaskoa, Miren Artetxe, Nahikari Gabilondo eta Nerea Ibarzabal. Marta Ugartek gidatuko du saioa.

Bi saioak 17:00etan hasiko dira eta ateak 16:00tan zabalduko dira bi aretoetan. Final laurdenotan ere puntu gehien batzen dituzten bi bertsolariek finalaurrekoetarako zuzeneko txartela eskuratuko dute: Zallako irabazleak Durangon kantatuko du azaroaren 12an, eta Zumaiakoak, Maule-Lextarren azaroaren 4an.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurden hauek antolatu ahal izateko Zallako eta Zumaiako udalen zein Zallako Anitz bertso eskolaren eta Zumaiako bertso eskolaren ezinbesteko laguntza jaso du Bertsozale Elkarteak. Sarrerak, ohi denez, www.bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke ostiraleko 18:00ak arte izango dira eskuragai bertan, aurrez guztiak saldu ezean. Hori gertatu da, hain zuzen, Zumaiako sairakoekin, agortu egin baitira.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos