Txakur Gorriaren lehen zaunka

Labaka eta Ibarzabal, Azokan daukaten txokoan/A. I.
Labaka eta Ibarzabal, Azokan daukaten txokoan / A. I.

Nerea Ibarzabal, Mariñe Arbeo, Malen Amenabar eta Ane Labakak osatzen dute 'Txakur gorria' sormen taldea. Autoekoizpenaren bidez, publikatzen ez duten gazteen lanei lekua egin nahi diete sorkuntzan

AMALIA IBARGUTXIDurango

Asko eta desberdinak dira kultura ekoizleak autoekoizpeneraino gidatzen dituzten bideak. 'Txakur gorria' sormen taldearen kasuan, "talentua daukaten, baina publikatzen ez duten gazteen lana zabaltzeko" hartu zuten liburuak beren kabuz sortu eta argitaratzeko erabakia.

Malen Amenabar, Mariñe Arbeo, Ane Labaka eta Nerea Ibarzabalek osatzen dute 'Txakur gorria', baina Ibarzabal eta Labaka bertsolariak izan ziren atzo azokan, taldearen stand-ean. Iaz egin zuten lehen agerraldia Durangon, 'Hizteria' izena duen hitz asmatuen hiztegiarekin, besteak beste.

Aurten, beste bi liburuxka plazaratu dituzte. Bat, 'plastikozko loreak' izeneko antologia modukoa. 23 autore bildu dituzte, eurak berak tartean, eta elkarri lotutako ipuin bana idatzi. "Kateatuta daude istorioak, aurrekoaren azken esaldiarekin hasten da hurrengoa", azaldu zuten. "Hau da, lehenengoaren azken esaldia bigarrenekoaren hasiera da".

Sortu duten bigarren pieza gertuago dago komikitik, 'Xixili' du izena eta gaur, hilak 8, aurkeztuko dute Ahotsenean, zuzeneko ikuskizun batekin.

Duela pare bat urte sortu zuten 'Txakur gorria', eta pixkanaka ari dira leku gehiago okupatzen. Aurten, adibidez, BerriaTB-n Bertso Txapelketa Nagusiaren jarraipena egiten duen 'Txapelpekoak' saioan izan dira lanean, asteroko pieza artistiko bat sortuz.

Ekintza lukratiboa ez dute hau oraingoz, hala ere. "Eskulanean zentratu gara gehiago, sormen prozesuan". Informazio gehiago nahi duenarentzat, webgunea daukate.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos