Ama Zuriaren Torneoa eta Burgosko Itzulia, zuzenean

Sellako Nazioarteko Jaitsierak eta Plentziako Ikurrinak osatuko dute larunbateko kirol eskaintza ETB1en eta eitb.eus-en

Kirol eskaintza betea dakarte ETB1ek eta eitb.eus-ek larunbat honetarako. Gasteizko Ama Zuriaren Torneoko lehen finalerdiarekin batera, Burgosko Itzuliko azken etapa, Sellako Nazioarteko Jaitsiera eta Plentziako Ikurrina izango ditugu ikusgai zuzenean.

11:55ean hasiko da piraguismo emanaldia, Juanan Legorbururen eta Xabier Osaren gidaritzapean. Bestalde, txirrindularitzaren kontakizuna Fermin Aramendik eta Mikel Astarlozak egingo dute. 15:30ean egingo dute bat Comunero de Revenga eta Lagunas de Neila arteko etaparekin.

18:00etan arraunaren txanda izango da. KAE Ligako traineruak izango dira nor baino nor gehiago Plentzian. Ohi denez, Mikel Olazabalek, Ibon Gaztañazpik eta Sara Gandarak egingo dituzte esatari lanak.

Azkenik, arratsaldean Gasteizen izandako pilota jaialdia eskainiko du 'ETB Kantxa' saioak 22:00etan, Josetxo Lizartza, Jokin Errasti eta Elena Azpeitiaren kontakizunarekin. Ama Zuriaren Torneoko lehen finalerdia, Olaizola II-Larunbe / Urrutikoetxea-Albisu, izango da partida nagusia. Aurretik, Victor-Beroiz eta Jaka-Martija neurtuko dira, eta ondoren, Gorka-Merino eta Bakaikoa-Galartza.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos