Zientzia lau haizetara, 'Teknopolis' saioan

2018ko CAF-Elhuyar sariak, paleolito garaiko Amintxeko grabatuen inguruko animazio film laburra eta Makina Erreminta Institutuan ikasleek jasotzen duten heziketa izango ditu saioak hizpide

Asteazkenean banatu ziren 2018ko CAF-Elhuyar sariak Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan. Jauzi egin eta uhinak sortzera gonbidatzen zuen aurtengo leloak. Lan hori ondoen egin duten egileak ezagutuko dituzte aste honetako 'Teknopolis'en. Eta, bereziki, aurreko urteko Zientzia Gizartean Bekaren emaitza ezagutuko dute.

2016an, Paleolito garaiko hainbat grabatu aurkitu zituzten Armintxeko kobazuloan, Lekeition. Duela 14.500 urte eginak dira, berrogeita hamar animalia-irudi ikusgarri. Artista haien lanak inspiratuta, Miraila animaziozko film laburra sortu dute Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako ikasle eta irakasle batzuek. Proiektuak CAF-Elhuyar sarietako Zientzia Gizartean Beka jaso zuen 2017an, eta, urtebete geroago, eskuartean dute lanaren emaitza.

Jauzi egin, eta fabrikazioan murgilduko dira. Egungo merkatuak oso eskaera zorrotzak egiten dizkio makina erremintaren sektoreari. Doitasuna eta zehaztasuna ezinbesteko ezaugarriak ditu makina erremintak, ekoitziko duen pieza bakoitzaren zuzentasuna bermatzeko. Horregatik makina erreminta fabrikatzaileek muntaketa lanean ematen duten pausu bakoitza egiaztatzen dute ondo dagoela jakiteko. Makina Erremintaren Institutuan, Elgoibarren, egiaztapen tekniketan trebatzen dituzte ikasleak. Mekatronika Industriala zikloko ikasleak dira eta espezializazio urtean jasotzen dute trebakuntza hori. Ziklo horretan heziketa duala egiten dute ikasleek, institutuan ez ezik, Danobat enpresan ere jasotzen dute formakuntza.

'Teknopolis' larunbat honetan izango da ikusgai 13:30ean ETB1en eta igandean, ordu berean, ETB2n.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos