Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada

Zarautz ezagutzen, 'Hitzetik Hortzera' saioan

Samara Velte kazetariarekin ibiliko dira herrian barrena eta, horrez gain, Zarauzko, Tolosako eta Legutioko bertsoaldi onenak eskainiko dituzte

Domingo, 11 de febrero 2018, 10:01

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Igande honetan Samara Velte Berria egunkariko kazetaria izango dute gonbidatua 'Hitzetik Hortzera' saioan. Nazioarteko sailean zebilela Katalunia, Eskozia, Kurdistan eta Kolonbiaren berri eman zuen, besteak beste. Gizarte gaietan dabil gaur egun. Kazetaritzaren nondik norakoak azaltzeaz gain, bertsolaritzarekin izan duen harremanaren inguruan ere ariko dira berarekin. Eta, noski, bertsoak beteko du programako zatirik handiena. Aste honetan Zarauzko, Tolosako eta Legutioko bertsoaldi onenak eskainiko dituzte.

Lotura handia du Zarautzek bertsolaritzarekin. Ibilbide oparoko bertso-eskola sendoa izateaz gain, bertsolari handiak emandako herria da, tartean Bertsolari Txapelketa Nagusiko bi txapeldun: Inazio Eizmendi Basarri eta Andoni Egaña. Aste honetan Zarautzen barrena ibiliko da 'Hitzetik Hortzera' luxuzko gonbidatu batekin: Samara Velte kazetariarekin.

Bertsolaritzak eta kazetaritzak bai baitute antzekotasunik. Kazetari lanetan aritutako bertsolariak asko dira eta gaur egun bertsolari andana aritzen da zutabegintzan. Samara Veltek ere gertutik ezagutzen du bertsolaritza; bertso-eskolan aritzeko aukerarik izan ez arren, bai baitu plazan gertatzen denaren berri. Bertsolaritzaz duen ikuspegiaz ere jardungo dira berarekin.

Eta Zarautzen bertan hasiko dute aste honetako bertso-ibilia. Urtero bezala, bertso-afari ederra egin zuten Txiki-Polit jatetxean. Afalostean Igor Elortza, Nahikari Gabilondo, Sustrai Colina eta Agin Laburu aritu ziren bertsotan, Amaia Agirre gai-jartzaile zutela. Kazetaritzaren egoeraz kantuan entzungo ditugu Igor Elortza eta Sustrai Colina, serio, baina izango da umorerako tarterik ere. Hala, bertsolari laukoteko bakoitza zein pintxo den jakiteko aukera izango dugu, eta Igor Elortza eta Agin Laburu bilobak Nahikari Gabilondo amonari paga eskean ere jarriko ditu Amaia Agirrek.

Zarauztik Legutiorako bidea ere egingo dute igandean, han aritu baitziren Igor Elortza, Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal eta Oihana Bartra. Eta hemen ere umorea izango da nagusi: alaba kanpoan bidaian duten gurasoen larrutik ariko dira Igor Elortza eta Nerea Ibarzabal, eta herriko igerilekuari eman beharreko erabileraz iritzi xelebreak emango ditu laukoteak.

Eta, bukatzeko, Tolosan Atariaren alde egindako jaialdiko bertsoaldi bat ere berreskuratuko dute, gaurkotasunari lotua baitago. Amaia Agirrek galdera sakona egin zien Aitor Mendiluzeri eta Amets Arzallusi: ez ote garen beti Madrili eskean ari. Zuzen eta sakon erantzun zuten bi bertsolariek.

Hau guztia eta askoz gehiago bazkalondoan izango da ikusgai,15:00etan, ETB1en.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios