Zeu Zara EiTB Basauriren saridunak aukeratzeko bozketa, istear

Basauriren alde lanean ahalegindu diren hiritarrak sarituko ditu irailaren 20an Social Antzokian izango den ekitaldian

DVDonostia

Euskal Irrati Telebistak abian jarritako Zeu Zara EiTB Basauri ekimenaren saridunak aukeratzeko bozketak bihar itxiko dira eguerdian. Hartara, bozka eitb.eus-en bidez emateko garaiz daude oraindik nahi duten guztiak. Saridunak, halaber, bihar bertan emango dira jakitera webgunean.

Bozkatuenek saria irailaren 20an jasoko dute, Basauri Social Antzokian 19:30ean izango den ekitaldian. June Ansoleagak eta Borka Perezek aurkeztuko dute gala eta umorea eta musika ez dira faltako. Dead Bronco taldearen musika izango da. Ekitaldira joan nahi duenak Social Antzokiko lehiatilan ditu sarrerak eskuragai

Gizartearengandik hurbilago egoteko sortu zuen komunikazio taldeak Zeu Zara EiTB ekimena joan zen urtean. Aurreko saioak Barakaldon, Gasteizen eta Irunen egin ziren, eta oso ondo hartu zituzten bertako hiritarrek. Basauriren ondotik, datozen hilabeteetan, beste zenbait euskal herri esanguratsu izango dituzte protagonista. Guztiei telebista, irrati eta internet bidez jarraipen zabala egingo zaie.

Sariak sei sailetan banatu dira eta bost hautagai ditu bakoitzak, Dendarik Onena kasuan izan ezik. Sail honetan botoa ematen parte hartzen duenari bere proposamena egitea eskatuko zaio.

'Zeu Zara Solidarioa' saria herritarrei zuzenduta egongo da, eta elkarteek egindako elkartasun ekintzak sarituko ditu. Hauek dira hautagaiak: San Jose Ikastetxea (Boliviako amaetxearen aldeko kanpaina), Azoka Solidarioko Emakumeen Batzordea, Zure Ondoan Basauri (tratu txarren biktimei laguntza ematen dien elkartea), Basauriko Elikagaien Bankua eta Herriko Taldeak (helburu solidarioa duten jai ekimenak).

'Zeu Zara Gure Enpresa' sariarekin herriaren memoria kolektiboan dagoen enpresa baten lana nabarmenduko da. Gaur egun eredu eta ikur den enpresa sarituko dute, hiriarentzat duen esanahiarengatik eta garai berriei egokitzeko izan duen gaitasunarengatik. Sail honetan, Bridgestone, Sidenor, Hilfa Tailerrak, Grafilur eta Virtualware ditugu.

'Zeu Zara Dendarik Onena' sariak betiko denda edo jatetxe baten lana gailenduko du, denboran zehar oztopoei eta arazoei aurre egiten jakin duen saltoki edo ostalaritza-lokal bat. Sail honetan herritarrek proposatuko dute hautagai bat.

'Zeu Zara Gure Kutuna' sariak herritar bat nabarmenduko du, bere ibilbide pertsonal edo profesionalarengatik onespen publikoa merezi duelako. Proposatutako izenak hauek dira: Peto Lezameta (Edurre dantza taldea, 60. urteurrena), Itziar Ituño (aktorea), Juan Ignacio Azurmendi (Basconia Kirol klubeko presidentea), Javier Alzola (musikaria) eta Juan Reyes (Basauri eskubaloi taldea).

'Zeu Zara Ingurumenaren Laguna' sariak ingurumenaren, klima aldaketaren eta biodibertsitatearen zaintzaren errespetua islatu nahi du. Jendartea arduratzen duten gai horietan, datozen belaunaldiei mundu hobea uzteko lanean diharduten pertsona, elkarte edo enpresa sarituko du. Honako hauen artean izango da bozketa: Sagarrak Ekologista Taldea, Basauriko Mikologia, Baskonia Mendi Taldea, eta Natur Zientzia Elkartea, Kareaga Auzo Elkartea eta San Migel Bizirik

Azkenik, 'Zeu Zara Gure Enbaxadorea' sariak kulturan, ikerkuntzan edo kirolean Basauri gure mugetatik at ezagunagoa izan dadin ahalegintzen den laguna edo erakundea goraipatuko du. Hautagaiak Jesus Lizaso (artista), Naroa Intxausti (sopranoa), Agustin Ibarrola (artista), Nerea Elicegui (Zuazoko eskubaloi jokalaria) eta Urbil Institutua (Alemaniarekin eskola-trukea) izango dira.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos