Youtuberrak protagonista, 'GazteOK' saio berrian

Aizea Gallagher youtuberra saioan izango da
Aizea Gallagher youtuberra saioan izango da

Sei youtuber gazte eta euskaldunek munduari buruz duten ikuspuntua elkarbanatuko dute ETB1eko saio berrian

DVDonostia

ETB1ek ostegun honetan estreinatuko du 'GazteOK'. Saio berri honetan, 6 youtuber gazte eta euskaldunek munduari buruz duten ikuspuntua erakutsiko dute. Zerk kezkatzen ditu? Zer egiten dute euren denbora librean? Zer dute gustuko? Eta zer gorroto dute?

Lehenengoz ETBn, gazteek euren modura hitz egin ahal izango dute, inolako zentsura edo iragazkirik gabe. Beraiek izango dira euren esperientziak grabatuko dituztenak eta telebistaren bidez erakutsiko dizkigutenak. Gaurko saioan, gustoko eta gorroto dutenari buruz arituko dira: euren esanetan, 'in' eta 'out' dagoenari buruz.

Parte hartuko duten youtuberren artean, Iban Garcia dago, sarean Despertavlogs ezizena duena. 18 urteko azkoitiar honek sukaldaritza maite du eta bere trebeziak erakusteko prest dago. Hurrengo Arguiñanoren aurrean egongo ote gara?

Judit Astigarragak bi gradu ikasten ditu unibertsitatean. Beganoa da, begiralea, eta jakina, youtuberra ere bai. Hain lanpetatuta dagoen neska baten eguneroko bizitza nolakoa den kontatuko digu.

Ibon eta Nerea lehengusu-lehengusinak dira, 26 eta 25 urtekoak. Orain dela gutxira arte, ezin zioten elkarri aurpegira begiratu ere egin, baina elkarrekin dituzten pasioek, argazkilaritzak, bideoak eta internetek, berriro batu dituzte.

Aizea Gallagher neska ile urdin bat da. Harry Potter eta tatuajeak biziki maite ditu. Manga-jaialdi batera eta beste tattoo bitxi bat egitera eramango ditu ikusleak.

Moda eta joera berriak, Goizane Avilesen eskutik etorriko dira. Bera da 'Me, myself and my wardrobe' blogaren arduraduna, eta berarekin egongo gara goizeko lehenengo ordutik. Bere pasioa gehien gustuko dituen outfitekin argazkiak egitea da gero blogera igotzeko asmoz.

Azkenik, Ane, Jon eta Mikel ezagutuko ditugu. Usansoloko neba-arreba hauek 'Etxe Txiki Bihotz Handi' izeneko kanala ireki dute Youtuben, eta euren etxeko ateak irekiko dituzte.

'GazteOK' youtuber gazteen saioa, ostegun gauean izango da ikusgai ETB1en, 22:15etik aurrera.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos