Urdiñarben izango dira Zuhaitz eta Pagadi

Toki harrigarrian aurkituko ditu Zuhaitzek Johnny Johnny Hallyday zenaren argazkiok. /ETB
Toki harrigarrian aurkituko ditu Zuhaitzek Johnny Johnny Hallyday zenaren argazkiok. / ETB

Zuberoako herri honetako biztanleen istoriorik bitxienak ezagutuko dituzte

Igande honetako 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan Urdiñarben (Zuberoa) izango dira Zuhaitz eta Pagadi. Oihal-etxe batean iratzartuko dira eta bertatik oinez hartuko dute herri gunerako bidea.

Zuhaitzek Agna eta Marti ezagutzen hasiko du eguna. Agnak eta Martik 60 urtetik gora daramatzate elkarrekin bizitzen. Maitasun horren adierazle da Agnak sekula ez dituela Martik duela 60 urte oparitutako belarritakoak kentzen. Bestalde, Marti, Euskal Herrian eztitik bizitzen hasi zen lehenengotariko eztigilea da. Agnak eta Martik egunero-egunero gosaltzen dute polena eta eztia. Crsitinarekin, aldiz, usoak nola ehizatzen diren ikasiko du Zuhaitzek. Cristinak bere kabana edo abata propioa du Urdiñarben. Zuhaitz baten gainean, 12 metro ingurura eraikitako etxola da berea. Hura da bere tokia eta bertan gurtzen du bere rock izarrik maitatuena: Johnny Hallyday, orain dela hilabete batzuk hildako Frantziako rock izar handia.

Chistera jatetxearen inguruetara joanda, Llargo eta Alain ezagutuko ditu Zuhaitzek. Lagun minak dira biak eta egunero-egunero dute ordu erdiz elkartzeko ohitura. Llargok hiru kafe hartzen dituen bitartean, elkarrizketa existentzialak izaten dituzte lagun biek. Eguna bukatzeko, Sebastien ezagutuko du Zuhaitzek. Sebastienek Coucou des Bois diskotekan egiten du lan, Zuberoako diskoteka bakarrean. 1954tik martxan dagoen diskoteka da eta euskal rockaren kantu aitzindarietako batean toki hori bera aipatzen da. Niko Etxartek bere 'Euskal rock n' roll' kantuan aipatu zuen 70eko hamarkada hasieran Coucou des Bois diskoteka. Gainera, Niko Etxart bera Urdiñarbeko ikuskizunera gerturatuko da, eta Pagadi eta Zuhaitzekin parte hartuko du ekitaldiko une batean.

Pagadik, bere partetik, Claire ezagutuz hasiko du eguna. Claire Urdiñarben sortutakoa da eta oso argi du bertan bizi eta hil nahi duela. Bere bizitzan bi promesa egin zizkion bere buruari: Urdiñarben bizitzea bat, eta zuberotar euskaldun batekin ezkontzea bestea. Bigarren promesa, ordea, hautsita du Clairek: manex erdaldun batekin ezkondua dago gaur egun. Jakirekin, berriz, eliza bisitatzen izango da Pagadi. Jakik elizan meza den aldiro, zeremonia grabatzeko ardura izaten du, ondoren, Mendililia irratian emankizuna eskaintzeko. Pagadiri grabaketa nola egiten duen erakutsiko dio. Elizako inguruetan segituta, Louise eta Saint-Jean senar-emazteak ezagutuko ditu Pagadik. Etxera joateko egunero-egunero igarotzen dira biak hilerri ondotik. Diotenez, ez dute sekula beldurrik ukan, "bizilagun lasaiak" baitira haien esanetan. Anne Marie urdiñarbearra ezagutzeko aukera ere izango du Pagadik. Anne Mariek Zuberoa osora zabaltzen den argitalpen batean idazten du. Zuberoako bost herritan egoten diren jaiotza, heriotza eta ezkontzak idazteaz arduratzeaz gain, bizimodu onuragarri baterako gomendioak ere idazten ditu bertan. Azkenik eta bukatzeko, Peio, Beñat eta Iban ezagutuko ditu Pagadik, heldu den urteko Maskarada prestatzen ari diren Urdiñarbeko gazteak. Maskaradaren sekretu eta pertsonaiak ezagutu ostean, zamaltzainaren papera jokatzen bukatuko du Pagadik. Godaletaren gainera jauzi egitera ausartuko da. Ez ote du behar ez denik egingo!

'Herri Txiki, Infernu Handi' igande honetan izango da ikusgai 22:00etan ETB1en.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos