Ultzama, igande honetan, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan

Lolik etxe-garbiketan jarriko du Zuhaitz./
Lolik etxe-garbiketan jarriko du Zuhaitz.

Hamalau herriz osatutako Nafarroako udalerri honetara golf partidetan erabiltzen del ibilgailu txiki batean helduko dira

Igande honetako 'Herri Txiki, Infernu Handi'-ren emankizunean, Ultzamara (Nafarroa) joango dira Zuhaitz eta Pagadi, 14 herriz osatutako udalerrira. Oraingoan golf partidetan erabiltzen den ibilgailu horietako batekin iritsiko dira. Bidean, golf partida bat ere jokatuko dute, ohiko aldrebeskeria eta bihurrikeriekin jositako golf partida.

Zuhaitzek Loli ezagutuko du lehendabizi, etxea izugarri garbi mantentzea maite duen ultzamarra. Etxeko egongela garbitzen jarriko du Lolik Zuhaitz, horretarako ezinbesteko tresna guztiak dituela: mantarra, eskularruak eta baita burua estaltzeko zapia ere. Lortuko ote dute etxea ganoraz uztea? Nartxiren etxean ere garbiketa kontu gehiago ezagutuko ditu Zuhaitzek; hori bai, ez edonolakoak. Nartxik berak dioenez, bere etxaurrea Ultzamako hegazti guztien komuna da. Etengabe garbitu behar izaten du etxaurrea zirinetatik libratzeko. Garbiketako estresa kentzeko ere, badu bere metodoa. Organoa jota kentzen du estresa Nartxik, eta, bide batez, txoriak aldendu daitezen kantatzen du. Alkozko inguruetan, berriz, Joxemiel ezagutuko du Zuhaitzek, bizi osoa mendiari lotuta eman duen herritarra. Joxemiel mendi, baso eta ardien maitale eroa da. Bizitzako unibertsitaterik onena mendia bera dela dio. Baina Joxemielek beste makina bat kontu erakutsiko dizkio Zuhaitzi, nola gaztaroan kontrabandoan aritu zen eta paketeak nola eramaten zituen batetik bestera. Auzara mugituta, Pacorekin egingo du topo Zuhaitzek. Pacok 90 urte ditu eta bizi osoan errementaria izandakoa da. Gaur egun ere egiten ditu lantxo txikiak eta Zuhaitzi nola lan egiten den erakutsiko dio. Izaskunekin, aldiz, magia kontuak izango ditu hizpide. Izaskuni izugarri gustatzen zaio Harry Potterren mundua. Dela panpina, dela zintzilikarioa, ez du Harry Potteren unibertsoko ezer falta. Bere objekturik preziatuena ere erakutsiko dio: telebistako kateak aldatzeko erabiltzen duen hagatxo miragarria.

Pagadik, berriz, Maria Santos ezagutuaz hasiko du eguna. Izugarrizko energia du Maria Santosek. Goizeko lehen ordutik babarrunak eta bakailaoa irentsaraziko dizkio Pagadiri. Bide batez, eskailerak igotzeko duen aulki igogarria ere erakutsiko dio. Bidean aurrera eginda, Patxirekin egingo du topo Pagadik. Patxik Ultzaman hain estimatua den mamia nola egiten den erakutsiko dio. Garai batean bezala, errekatik hartutako harriak sutan gori jarrita egiten du mamia Patxik. Egunero-egunero zerbitzatzen ditu mami eta gaztanberak bere Arraizko bentan. Ohi bezala, bidean galduko da Pagadi. Elur artera iritsiko da, baina bertan Genarorekin egingo du topo. Genaro maiz joaten da ehiztarien bordara babarrunak bazkaldu eta digestola prestatzera. Genaroren asmakizuna da digestola, otorduetako digestioa egiten laguntzen duen edari alkoholduna. Fermin Arbilla herritarrarekin, berriz, behiak edertzen bukatuko du eguna Pagadik. Fermin makina bat bider aritu izan da behiak edertu eta edertasun lehiaketetara aurkezten. Sari andana irabazi ditu eta behiak apaintzeko trikimailu guztiak erakutsiko dizkio Ferminek Pagadiri.

'Herri Txiki, Infernu Handi' igande honetan izango da ikusgai 22:00etan ETB1en.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos