Sexu erasoen ingurukoak, 'Ur Handitan' saioan

Erasoen biktimen eta egoera hauetan lan egiten duten psikologo, abokatu eta auzitegi medikuen testigantzak bilduko ditu Xabier Madariagak

Sexu eraso salaketak eguneroko kontu bilakatu dira azken urteotan. Jende asko elkartzen den festa askoren ostean entzuten ditugu halako albisteak, besteak beste, eta kasu horien atzean dauden bizipen pertsonalak ezagutu nahi izango ditu astearteko 'Ur Handitan'.

Saioaren protagonistak Maria eta Iratxe izango dira. Ez dira euren benetako izenekin aurkeztu, ez dutelako euren identitatea ezagutzera eman nahi. Biak jai jendetsuetan bortxatu zituzten. Bata herriko mutil batek bortxatu zuen, bestea lagun baten lehengusuak. Biek jarri zuten salaketa eta biek sufritu behar izan dute kaleko epaiketa.

Juana Mari Azkarate eraso sexistak bizitako nesken psikologoa da, eta Josean Etxauri erasotzaileena. Biekin euren perfilak ezagutu dituzte. Neskek izaten dituzten beldur eta zalantzak, bortxaketa batek sortzen duen ezinegona eta kaleko epaiketak duen eragina, eta mutilek eginikoaren aurrean duten jarrera.

Bea Ilardia abokatuak eraso sexistak jasan dituzten emakume ezberdinen kasuak eraman izan ditu. Gizartean gaiarekiko kontzientziazio gehiago nabaritu arren, sistema judizialean dauden gabeziak azpimarratuko ditu bereziki. Abokatu zein emakume bezala, gaiaren inguruko ikuspegi global bat emango du.

Lourdes Goenaga auzitegiko medikuak eraso sexistak eta bortxaketak izan dituzten hainbat emakume artatzen ditu urtero. Goenagaren esanetan, 'azken urteotan erasoak izan dituzten emakumeen perfila aldatu egin da'. Festa giroan izaten dira eraso gehien, eta eraso horiek ahalik eta azkarren salatzearen garrantzia nabarmenduko du astearteko saioan.

Bortxaketak dira salaketa gehienen iturri, baina horiez gain sexu eraso gehiago ere egoten dira eta halako esperientzia gehiago izan dituzten Hernaniko koadrila batekin izan gara. Etxera bidean izaten dituzten beldurrak, festa giroan sortzen diren egoerak eta halakoen aurrean gainerakoek ematen duten erantzuna ezagutu dugu neska gazte hauen bizipenen bitartez.

'Ur Handitan' astearte honetan emitituko da 22:30etik aurrera ETB1en.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos