Euskarazko serie digital bat egiteko talentu bila

'Paquita Salas', arrakasta handiko telesail digitalen baten adibidea./DV
'Paquita Salas', arrakasta handiko telesail digitalen baten adibidea. / DV

Deialdia zabaldu dute "4k teknologian eta euskaraz" filmatuko den telesail digital bat ekoitziko duen sortzailea hautatzeko

Ikus-entzunezkoaren inguruko ideia berritzaileak badituzu, komeni zaizu irakurtzen jarraitzea, talentu berrien bila baitabil Eiken Klusterrak eta EITBk sortutako Next Station plataforma. 2018an filmatuko den telesail digital bat egingo duen sortzailearen bila dabiltza, alegia. Zehazki, deialdiaren berri emateko zabaldu duten oharraren arabera "euskal sortzaileak behar dira euskaraz eta 4K telnologian lehen serie digitala sortzeko". Edonork bidal dezake bere proposamena azaroaren 25a baino lehen. Hogei hautatuko dituzte aurrena; hogei horietatik hiru; hiru horiek prestakuntza jasoko dute, eta horietako batek gero ETBk emango duen eta nazioartean ere zabalduko den seriea egin ahal izango du.

"Euskadik serie digitalen alde apustu egitea erabaki du", diote oharrean, "XXI. mendeko entretenimendu-proposamen berria delako, azken aldian alde batera uzten ari baita zinema, telebista eta ohiko formatuak". Aldaketa horri erantzuteko askoz sortu zen Next Station plataforma, ikus-entzule berriei bideratutako ikus-entzunezko formatu berriak sortzeko laborategia. Honako eragile hauek dira partaide Next Station plataforman: EIKEN (Ikus-entzunezkoen Euskal Klusterra), EITB eta hiru euskal ekoizpen-etxe (Media Attack, Develop Huyb eta J.O.K. films). Laguntzaileak, berriz, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskaltel, Eusko Jaurlaritza eta Mondragon Unibertsitatea dira. Plataforma publiko-pribatu hau talentu berrien alde ari da apustu egiten, eta komunikazio- eta informazio-teknologien goraldiarekin puri-purian diren ikus-entzunezko formatuak ari da bultzatzen.

Sei kapitulu guztira

Testuinguru horretan egin da deialdia. Euskarazko lehen serie digitala ekoiztea da asmoa, azken-azkeneko teknologia erabiliz gainera, 4K ultra-bereizmena. Proiektua asmo handikoa da; seriearen denboraldi oso bat filmatzea da xedea, sei kapitulu guztira.

Bakar batek izango du aukera ametsa egia bihurtzeko: euskaraz eta 4K teknologian eginiko lehen seriearen aurreneko denboraldia ekoiztea. Profesionala izan ala ez, edonor aurkez daiteke formatu original eta berritzaileak bilatzen dituen ideia lehiaketa honetara. Ideiak 'selfie' erako bideo batean edo bideo narratibo batean bidal daitezke. Gehienez ere minutu batekoa izango da bideoa eta proiektuaren garapena edo ideiaren berezitasuna azalduko dira bertan. Azaroaren 25a baino lehen bidali behar dira bideoak, Next Station plataformaren Facebook-eko (@nextstation.club) gizarte-profilera.

Aurkeztutako proiektu horietatik 20 aukeratuko dira, eta hautaketa bi modutara egingo da: batetik, aditu talde batek erabakiko du beren ustez zein diren ideia onenak, eta, bestetik, jendeak sare sozialen bidez eman ahal izango du bere bozka. Ondoren, hiru sortzaile hautatuko dira, beka baten bidez prestakuntza jasotzeko. Mondragon Unibertsitateak Bilbon duen egoitzan, BBF eraikinean (Bizkaiko Berrikuntza Faktoria) eta Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan jasoko dute prestakuntza hori.

Hiru horietako bat izango da lehiaketaren irabazlea, eta bere seriearen denboraldi oso bat grabatuko duena. Seriea 2018an ekoitzi eta filmatuko da, ETBn emango da eta nazioarteko hainbat merkatutara bideratuko da VOD plataformei saltzeko, hala nola Netflix eta HBOri.

Luis Berasategik, BBFko zuzendariak eta MIK (Mondragon Innovation & Knowledge) zentroko ikertzaileak, sortu du Next Station plataformarako lan-metodologia. Prestakuntza-ibilbide berritzaile horren bidez hiru sortzaile horiek aukera izango dute beren proposamenak ekoizpen arineko dinamikekin fintzeko, ideiaren bilakaera gizarte-sareetan testatzen duten bitartean. Prestakuntza horretan, adituen eskutik 'biblia' arin bati emango diote gorputz, edukiaren prototipoak lantzeko eta ideia bideragarria egin ahal izateko.

Ikus-entzunezko laborategi horren asmoa da sortzaileei laguntzea prototipoak egiten, ikus-entzunezko formatuak lantzen, narrazio-molde eta teknologia berriekin esperimentatzen eta ideia berritzaileak nazioartera eramaten. Ondoren, hautatuek aukera izango dute Next Station plataformaren kalitate-zigiluarekin nazioarteko merkatuetara jotzeko, bideragarritasun ekonomikoaren eta berrikuntzaren berme baita zigilu hori.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos