Poliziaren bortizkeriaren biktimak izango dira protagonistak

Pedro Mari Martinez poliziak hil zuen,Gasteizen, 1976an/
Pedro Mari Martinez poliziak hil zuen,Gasteizen, 1976an

'Indarkeriaren jabeak' izeneko erreportajea izango da aste honetako 'Ur Handitan' saioan

Gaur gauean, 'Ur Handitan' saioaren ostean, Pasaiako badia dokumentala emitituko da ETB 1en. Horren harira, 'Ur Handitan'ek saio berezia osatu du; poliziaren bortizkeriaren biktimak izango dira protagonistak.

1984ko martxoan, Pasaiako badian, Espainiako segurtasun indarrek Komando Autonomo Antikapitalistak deituriko talde armatuaren lau ekintzaile hil zituzten. Dokumentalaren egileetako birekin izango da Xabier Madariaga, Yuri Agirrerekin eta Xabier Otamendirekin alegia.

1975eko maiatzaren 23an, Koldo Arriola 19 urteko gazteak kurtso amaierako afaria egin zuen ikaskideekin. Guardia Zibilaren kuartel paretik pasatu zirenean gertatu zen dena, minutu gutxitan. Hala gogoratzen du Jose Luis Basterretxeak, Koldoren ikaskide eta bere hilketaren lekuko izan zenak. Iñaki Arriola Koldoren lehengusuak ere buruan ditu egun horiek, senidearen memoria berreskuratzeko lanetan ibili izan baita ordutik.

1976ko irailaren 8a festa giroan hasi zen Hondarribian, baina eguna ez zen ondo amaitu. Manifestazio baten ondoren, Josu Zabala irundarra tiroz hil zuten Estatuko segurtasun indarrek. Rafa Gonzalezek etxeko balkoitik ikusi zuen dena: guardia zibil bat "Mátalo, mátalo" esanez. Maxuxa Larrarte ere ez zegoen urruti, Hondarribiko portuan gertatu baitzen dena, tabernak jendez lepo zeuden unean.

Martxoaren 3ko sarraskia da saioak jorratuko duen kasurik ezagunena. Gasteizera hurbildu eta Nerea Martinezekin izango da Xabier Madariaga. Nerearen osaba Pedro Mari Martinez zen 1976ko martxoaren 3an poliziak Gasteizen hil zituen bost langileetako bat. Felix Placer apaiza gertakizun horien lekuko zuzena izan zen, Zaramaga auzoko Asisko San Frantzizko eliza barruan zegoen polizia bertara sartu zenean.

Indarkeriaren jabeak, 22:30ean, eitb.eusen eta ETB1en egongo da ikusgai.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos