Otsailaren 21ean itzuliko da 'Bago!az'

Aditu berri bat izango du aurten saioak, Revolta Permanent taldeko Iker Villa./
Aditu berri bat izango du aurten saioak, Revolta Permanent taldeko Iker Villa.

Talent shoearen bigarren edizioa grabatzen ari da egunotan

'Bago!az' ETB1eko talent showaren bigarren edizioaren grabazioa martxan da, eta otsailaren 21ean estreinatuko da Zuriñe Hidalgok aurkeztuta. Aurrekoan bezala, talent showaren irabazleak 'Go!azen' telesail arrakastatsuaren hurrengo denboraldian parte hartzeko txartela irabaziko du. Hain zuzen ere, iaz Iholdi Beristainek irabazi zuen lehiaketa eta bera bihurtu da telesaileko protagonistetako bat. Halaber, Sara Nieto programan lehian aritutako partaidea ere 'Go!azen'eko aktore nagusien artean dago denboraldi honetan.

Aurten 32 lehiakide arituko dira nor baino nor gehiago epai-mahai berezi eta sonatuaren aurrean. Elkar lehian arituko dira partaide hauek oholtza gainean, eta bakoitzak ospetsu bat izango du bikotekide. Iaz egon ziren Anjel Alkain, Karmele Larrinaga, Xabier Saldias, Ylenia Baglietto, Maria Amolategi eta Alex Sardui izango dituzte lagun lehiakideek, eta horiekin batera, epaile berri bat: Revolta Permanent taldeko Iker Villa. Orobat, taldea osatzeko 'Go!azen' telesaileko aktore baten bisita izango dute astero coach eta epaile lanak egiteko.

Astero, aipatutako famatu batek lehiakide bati lagunduko dio. Bere gisa egingo du eta alderdi ezberdinak landuko dituzte, lehiakidea benetako show man-a edo show woman-a bilaka dadin.

Hiru fase ditu lehiaketak. Fase guztietan coach-ak lehiakideekin batera abestuko dute, eta, ondoren, coach-epaile hauek izango dute hautatuak aukeratzeko ardura. Lehen fasean elkar lehian hasiko diren 32 lehiakideetatik bigarren fasera 16 pasako dira. Hirugarren fasean, berriz, zortzi lehiakide hasiko dira eta atal bakoitzean bat joango da kalera. Hartara, final handira hiru lehiakide iritsiko dira eta elkarren aurka lehiatuko dute 'Go!azen' telesailean aktore nagusi bilakatzeko.

Otsailaren 21ean estreinatuko da 'Bago!az' eta emisioa, iaz bezala, asteazkenetan ez ezik ostiralean ere izango da ETB1en.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos