Ostiral honetan hasiko da 'Go!azen' telesailaren denboraldi berria

400 neska-mutilek kantuan egin diote harrera Bilbon denboraldi berriari./EITB
400 neska-mutilek kantuan egin diote harrera Bilbon denboraldi berriari. / EITB

Basakabiko ikasleen istorio berriak ekarriko ditu, 13 kapitulutan

Ostiral honetan, azaroak 3, hasiko da ETB1en 'Go!azen' telesaila, 21:00etan. Pausokak eta ETBk ekoiztutako telesail arrakastatsuaren 13 atal berri eskainiko dira. Basakabi udalekua ardatz hartuta, bertako ikasleen istorio berriak dakartza 'Go!azen'ek abesti eta dantza artean. Ostegun honetan, telebista emanaldiaren bezperan, saioari behar bezalako ongietorria emateko 400 bat lagunek, hainbat ikastetxetako ikasle eta irakaslek, Nerea Mazo, Nerea Gorriti, Asier Burguete, Iholdi Beristain, Sara Nieto, Beñat Iturbe, Inma Fernandez, Karmele Larrinaga, Aritz Mendiola eta Ainhoa Larrañaga aktoreak buru direla, telesailaren kanta abestu dute Bilbon.

Ostiralean hasiko den atal sorta honetan, aurreko denboraldian ikasle gisa aritutako Paula Etxeberria, Miren Arrieta, Ainhoa Larrañaga, Markel Gajate, Aritz Mendiola, Asier Burguete eta Oihan Morenorekin batera, Nerea Mazo, Sara Nieto, Beñat Iturbe eta Iholdi Beristain lehen aldiz jarriko dira kamera aurrean telesail batean. Azken honek 'Bago!az' saioa irabazi ondoren lortu du txartela 'Go!azen'en parte hartzeko. Horrez gain, Ramon Agirrek, Karmele Larrinagak eta Inma Fernandezek jarraituko dute telesailean, eta horiekin batera, Asier Oruesagasti eta Nerea Gorriti ikusiko ditugu aurtengo ataletan helduen artean.

'Ispilu aurrean'

Denboraldi berrian, nobedade gisa, Kukai dantza taldeak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak atal banatan parte hartuko dute. Halaber hainbat garaitako euskal abesti ezagun asko entzun ahal izango dira telesailean berriro ere: Negu Gorriak, Gatibu, Urtz, Xabi Solano, Hesian, Huntza, Berri Txarrak eta The Uski´s, esate baterako.

ETB eta Pausoka ekoiztetxearekin batera, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskaltelek eta Laboral Kutxak babestu dute telesaila.

Berriz uda, Basakabiko ikasleak udalekura datoz beste behin. Aurten, Markelek, Jontxuk, Anek, Garik eta Elik lagun eta ikaskide berriak izango dituzte eurekin batera: Naia, Nikole, Lore, Julen… Guztiek uda ondo pasatzeko asmoa dute, baina bakoitzak ideia ezberdinak ditu. Baita udalekura iritsi berri den Erika ingeles irakasleak eta Martin sukaldaria buru berriak.

Alde batetik, Anek Naia aurkeztuko die udalekuko bere lagunei. Naia Aneren lagunik onena da, baina inori azaldu nahi ez dion sekretu bat gordetzen du. Eta sekretu horrek, Ane eta bere lagunen arteko harremana kaltetuko du. Zergatik zaintzen du Zuzenek Naia? Gazte guztiek egiten duten galdera da, eta erantzuna jakin arte, inork ez du Naiarekin harremanetan egon nahiko.

Markelek beteranotzat du bere burua, eta Jontxurekin batera, udalekuko neska guztia bereganatu nahiko ditu. Baina Jontxuk ihes egiten du behin eta berriz Markelengandik. Jontxuk ere sekretu bat baitakar udara honetan Basakabira.

Elik eta Garik urte osoa eman dute whatsapp bidez hizketan, baina aspaldiko partez, elkarrekin egoteko aukera dute orain. Eta lehen unetik nabari da elkarren artean zerbait berezia dagoela. Baina itxurak mantentzeko beharrak medio, sekretuan gordeko dituzte euren sentimenduak.

Mikelek Basabakin jarraitzen du lanean. Haizea, berriz, Australiara joan da bertan urtea pasatzera. Egunero hitz egiten dute telefono bidez, baina urruneko harremanei eustea ez da erraza izaten.

Eta hau guztia gertatzen den bitartean, Zuzenek arazo larri bat du: aurten inoiz baina ikasle gutxiago etorri dira Basakabira, eta kongregazioa ez dago pozik udalekuak daraman norantzarekin.

Aplikazioa

'Go!azen'ek ba du jadanik bere aplikazioa martxan. iOS eta Android sistema eragileak dituzten mugikorretarako garatu da eta eskuragarri dago APP Store edo Play Store dendetan. Erabat doan da eta denda horietan, Go!azen edota EiTB hitzak jarrita, modu errazean aurkitu daiteke.

Aplikazio honetan beste inon ikusi ezingo diren edukiak izango ditu eskura erabiltzaileak: Altxor ezkutua bideo bereziak. Horiek ikusi ahal izateko, ostiraleroko emisioari adi egon beharko dute jarraitzeek, telesailaren emisioan zehar emango diren kode batzuen bidez soilik desblokeatu ahal izango baitira bideoak.

Hala ere, berrikuntza nagusiena fikzioa telesailetik bertatik harago eramango dela da. Aplikazioko Go!atsapp atalaren bidez, pertsonaia nagusiek dituzten elkarrizketak eta haiek lagunekin partekatzen dituzten bideo eta argazkiak ikusi ahal izango dituzte APPa jarraitzen duten erabiltzaileek.

Horrez gainera, telesailaren atal guztiak eta ataletako karaoke bideoak ere ikusi ahal izango dira aplikazio honen bidez.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos